INFO

Sakeari esker garaipena eta arnasa lasai hartzeko modua aurkitu ditu Unai Lasok

Danel Elezkanok estu hartu du Buruz Buruko egungo txapelduna neurketako aurreneko erdian, baina 12-11 hurbildu eta gero, 10-0eko partziala lortuta irabazi du Bizkarreta-Gerendiangoak, sakez sei tanto sartu eta gero. Zaratamoko aurrelaria finalerdietan sartzeko ia aukerarik gabe geratu da, bestalde.

Sakea eta bere eskuinaren indarra inposatu ditu Unai Lasok. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

LASO 22 - ELEZKANO II 11

Jokin Altunaren aurka egundoko astindua hartzetik iritsi da Unai Laso Labrit pilotalekura. Hala, bistakoa izan da Danel Elezkanoren aurka tarteka uste baino gehiago sufritzea tokatu zaio pilotari nafarrari. Alabaina, sakeaz eman duen mina eta bere eskuinaren indarra inposatu ditu neurketaren bigarren erdian. Hasierako pilotakada horrekin sei tanto erdietsi ditu nafarrak eta hala ere, Elezkano II.a 12-11 hurbildu den arren markagailuan, 10-0eko partziala erdietsita partida aurrera ateratzea lortu du Buruz Buruko egungo txapeldunak.

Danel Elezkanok, bestetik, ahaleginak eta bi egin ditu partida nahasten, baina Lasorejn sake labur eta bizien aurrean oso gaizki pasa du eta partidaren azken aldera, berriz, aurkaria gainetik pasa zaio, nahiz eta azken aldea baino norgehiagoka ondotxo estuagoa izan den.

«Sakeaz asmatu dut eta horri esker abantaila lortu dut, baina oso deseroso aritu naiz. Danelek bere ezker horrekin lanak eman dizkit, inoioz ere ez baita jakiten nora botako duen. Tentsio handia izan da kantxan, baina irabazi dugu eta finalerdietara iristea nire eskuan dago. Askoz hobeto horrela», onartu du Unai lasok, Zaratamoko bere arerioari irabazi ostean egundoko lasaitua hartu ostean.

Arriskuak eta hutsegiteak

Danel Elezkano arriskatzeko prest abiatu da aurreneko saketik, zuzenean zabalera atera baitu. Unai Lasok, berriz, piloteoan nagusi izateko eskuin eskua bilatu dio behin eta berriz Zaratamoko aurrelariari. Nolanahi, olkarkor eta galtzekorik gabe, Elezkanok hasiera txukuna eman dio demari, 0-3 aurreratu baita, Bizkarreta-Gerendiango pilotaria batera eta bestera dantzan erabili ostean.

«Lasai jokatu», gomendatu dio behin eta berriro Jon Mariezkurrena botileroak Unai Lasori, tantoak luzatu ahala bere kolpea nagusitu dezan. Hala, sakea berreskuratzeaz bat, sakez bi tanto kateatu ostean aurreneko berdinketa erdietsi du aurrelari nafarrak, baita aurrea hartu ere, motzean sakeaz eginez Elezkanori huts eginaraziz.

Erritmo oso bizian ekin diote lanari biek ala biek, baina erritmo bizia eta arriskuak hartzea elkartzen direnean, kale egitea ere errazagoa da. Nahi baino sarriago pasa zaie bi pilotariei, erasoan jotako zenbait pilotakadak ihes egin baitiete. Hala ere, jokoan asentatuz joan den heinean, gero eta errazago hasi da nagusitzen Unai Laso, batez ere sakeen bitartez egin duen erasanagatik. Atzean eta bi hormakoa jota, 8-5 aurreratu da aurrelari nafarra eta Elezkano II.ak ez du beste erremediorik izan hutsartea eskatzea baino.

Unai Laso 9-5eraino joan da markagailuan, baina sakea berreskuratu eta gero, Danel Elezkanok beste tanto hilara bat lortu du eta 9-8raino hurbildu da. Hala ere, Lasok piloteoa luzatu duen momentuan, tantoa menpean hartu eta buruz gain pasa dio pilota Zaratamokoari. Eskuiz boleaz lan erddiak osatu ditu eta ezker gantxoari esker, berriz, aurreneko atsedenaldi luzera 12-8 aurretik dela joatea erdietsi du Bizkarreta-Gerendiango pilotariak.

Estuasunetik 22raino

Elezkanok lortu du atsedenaldiaren osteko aurreneko tantoa, Unai Laso menpean eta batera eta bestera korrika erabiltzea lortu eta gero. Errematea gerorako uzteko ez da azaldu bizkaitarra Labrit pilotlekura, ezta Unai Laso hanka geldian jokatzen uztera ere. 12-10ekoa nafarraren huts baten bidez iritsi da eta, hala, badaezpada, Jon Mariezkurrena botileroak atsedenaldia eskatu behar izan du. Egungo txapelduna sufritzen ikusi du bere botileroak eta zerbait asmatu behar, markagailuan aurretik joanda ere.

Ez du berdindu, hala ere aurrelari urdinak, 12-11raino gerturatu bada ere. Sakea berreskuratu eta horri esker berriz ere aldea areagotu du Buruz Buruko egungo txapeldunak, nahiz eta 15-11ko tantoa Elezkanok menpean izan eta gero, azken honek errematea txapapera bota eta gero iritsi den.

Sakeari esker egundoko abantaila ateratzen asmatu du Lasok, piloteoan ezustean pasa dituen sufriumendurik gabe. Horrez gain, 18-11 alde egin du airez egindako tanto bati esker –Elezkano zabalean geratu da, zolan katigatuta balego bezala kexati–.

Orduan bai hautsi dela partida. Gero eta astunago egin zaio pilotari urdinari Lasoren sakeei erantzutea eta Laso bera ere, partida erdian baino askoz lasaiago eta libreago aritu da azken zati horretan, bere zaleen gozamenerako. Hala, 10-0eko partziala ixtea lortuz, 22-11koa atzera jota lortu du Biozkarreta-Gerendiangoak eta hala, Buruz Buruko Txapelketan bizirik jarraitzen du. Danel Elezkanok, berriz, finalerdietara iristeko aukera guztiak guztiak galduko ditu baldin eta Jokin Altunak Aitor Elordiri irabaziz gero.

PARTIDAKO FITXA

Iraupena: 46.48 minutu

Pilotakadak: 180.

Sakez: 6 Lasok eta 1 Elezkanok.

Egindakoak: 10 Lasok eta 5 Elezkanok.

Galdutakoak: 5 Lasok eta 6 Elezkanok.

Markagailua: 0-1, 0-3, 1-3, 1-4, 2-4, 5-4, 5-5, 6-5, 9-5, 9-6, 9-8, 10-8, 12-8, 12-9, 12-11, 13-11, 18-11; 21-11, 22-11.    

Gorabeherak: Giro bikaina Iruñeko Labrit pilotalekuan. dirua 100 20ri Lasoren alde. Aurreneko sakea, urdin.