INFO
Elkarrizketa
Damaris Egurrola
Olympique de Lyoneko jokalaria

«Dena jokatu dut, prestatzailearen konfiantza dut, eta jokalariekin oso gustura sentitzen naiz»

Sasoi «gorabeheratsua» izan da Olympique de Lyonentzat, bereziki Txapeldunen Ligan: final-laurdenetan Chelseak kaleratu zuen. Damaris Egurrolak (Orlando, 1999) «salto handia» eman du, jokoan «jarraitutasuna» izanda. «Etxean bezala» sentitzen da. Udara honetan bere lehen Munduko Kopa jokatuko du.

Damaris Egurrola Olympique de Lyoneko jokalaria Chelsearen aurkako Txapeldunen Ligako final-laurdenetako partidan. (Ashley WESTERN | EUROPA PRESS)

Txapeldunen Ligako garaikur gehien dituen talde batentzat zaila da barneratzea hortik kanpo geratu dela final-laurdenetan. Eta hori Egurrolak badaki: «Gogorra izan zen nola joan zen ikusita. Ezin zen ezer gehiago egin». Orain, Liga eta Kopa geratzen zaizkie, eta bietan PSGren aurka jokatuko dute. «Azken bi helburuak lortzen baditugu, esango nuke denboraldi polita izan dela», adierazi du Egurrolak, jakitun, emaitzen menpe bizi den klub batean dagoela.

Zer moduz zaude?

Ondo. Jada sasoia amaitzeko dago. Egia esan, Txapeldunen Ligatik kanpo geratzea gogorra izan da denontzat, baina erakutsi genuen hori pasata taldeak erreakzionatu zuela hurrengo partidan 7-0 irabazita. Taldea oso ondo altxatu da. Eskarmentu handia duten jokalarientzat, zortzi-bederatzi Txapeldunen Liga irabazi dituztenentzat, alegia, final-laurdenetan horrela kalean geratzea gogorra izan zen. Hala ere, oraindik bi txapelketa ditugu jokoan eta horien bila joateko gogotsu gaude.

Luzapenean sartu zizuen Chelseak gola, penaltiz, eta horrek eragin zuen partida penaltietan erabakitzea.

Gogorra izan zen nola joan zen ikusita. Ezin zen ezer gehiago egin. Taldeak dena eman zuen amaierara arte, eta partida amaitzeko denbora pasata zegoenean, penalti bat kontran izan genuen. Oraindik ikus dezaket ekintza eta niretzat hori ez da futboleko ekintza bat, oso antinaturala da. Irudi batean zortzi bider ikusten baduzu agian horietako batean penalti da, baina oso bidegabea izan zen.

Porrota da Lyonentzat Txapeldunen Ligan final-laurdenetan kalera joatea?

Bai, seguru. Gure lehenengotariko helburua beti da Txapeldunen Liga irabaztea, eta garaikur hori gehien irabazi duen kluba izanda, denboraldia horren arabera planifikatzen dugu. Hasieratik uste dut txapelketa korapilatsua izan dela; esaterako, Arsenalen kontra galdu egin genuen, zalantza askorekin. Gorabehera asko izan  ditugu, eta Chelseako partidan ere erakutsi genuen Txapeldunen Ligan ez dela gure sasoia izan. Taldearentzat kolpe gogorra izan da, baina multzo moduan erakutsi dugu zer-nolako jokalariak garen eta orain jokoan ditugun bi garaikurren bila joango gara.

Liga bukatzeko bi partida geratzen dira, eta PSG taldearekiko puntu bateko abantaila duzue, eta azken-aurreko neurketa Parisen duzue.

PSGren aurkako partida beti da berezia, derbi baten modukoa da. Urteak dira lehia handia dugula elkarren artean, eta sasoi amaieran partida bakar batean dena erabakitzea polita da, baina zaila ere bada, ez delako erraza horrelako partidak prestatzea. Puntu bateko abantaila dugu eta pasa den denboraldian haien etxean bi bider irabazi genien. Nik behintzat konfiantza osoa dut taldekideengan.

Liga eta Kopa irabazteko presio handiagoa duzue Txapeldunen Ligatik kanpo geratu ostean?

Bai, seguru, baina denboraldi bakoitzean gure helburua hiru txapelketak irabaztea da. Bat jada galdu dugu, orduan ez da aukera bat geratzen zaizkigun bietatik bat galtzea. Egunero lantzen dugu hori: beroketetan, jokoetan, gimnasioko lanean... Hori dena beti dago planifikatuta datorrenari begira.

Ligako lehen itzuliko partidan 0-1 irabazi zizuen PSGk. Zer hobetu beharko duzue partida hartatik?

Partida ona egin genuen, baina emaitza ez zen batere ona izan, azken minutuan sartu ziguten alboko sake batean. Orokorrean neurketa ona egin genuen; aukera asko izan genituen, ez genuen sartu eta horrelakoetan detaile txikienek markatzen dute. Guk izan genituen aukera guztiak: ez dakit zorte txarra edo eraginkortasun falta den, baina hor egon ginen, eta hori ere kontuan hartu behar da.

«Iraiaren [Iturregiren] lana zaila izan da, gazte askori eman behar diozulako aukera»

Oro har nolako denboraldia izan da?

Esango nuke oso gorabeheratsua izan dela. Izan ditugu momentu oso onak, joko mailan oso ondo aritu garenak. Gogoratzen naiz Londresen Arsenalen kontra nola eman genuen aurpegia momentu zail batean. Lesio asko ere izan ditugu, eta horrek kalte handia egin digu partida garrantzitsuetan. Baina halakoxea da futbola. Azkenean, uste dut gorputzak ezin direla inoiz moldatu urte batean Europako Txapelketa jokatzera eta hurrengoan Mundukoa.

Eta arlo pertsonalean?

Belaunean izan nuen lesioa kenduta, dena jokatu dut, entrenatzailearen konfiantza dut, eta jokalariekin ere oso gustura sentitzen naiz. Azkenean horrelako klub batean hori duzunean, dena erraza egiten da. Beti dago zerbait hobetzeko, baina uste dut pasa den sasoitik honetara salto handia eman dudala.

Zertan sumatzen duzu salto handia eman duzula?

Sasoi honetan hobeto eraman dut jokatzeko garaian jarraitutasuna mantentzea. Fisikoki ere asko hobetu dut, eta defentsan, gure liga ez denez oso exijentea, diferentzia handia baitago taldeen artean, ikasi behar izan dut ehuneko portzentajea izan behar dudala baloiak mozten. Esango nuke alor guztietan denboraldi ona egin dudala, eta jarraitutasuna eman diodala nire mailari.

Denbora izan al duzu geratu eta pentsatzeko munduko talde onenetariko bateko hamaikakoan lekua egin duzula?

Oraindik ez dut izan denbora gelditzeko eta benetan pentsatzeko nortzuk ditudan inguruan. Heldu nintzenean amets bat betetzea izan zen. Entrenamenduko rondo batean zaude eta txundituta geratzen zara dagoen mailarekin. Orain hemengo jokalariak nire ama edo ahizpa nagusiak izango balira bezala dira, eta hori da bereziena. Ikusgarria da zenbat urte egin dituzten goi mailan eta entrenamendu guztietan nolako maila ematen duten. Horrek ere motibatzen nau egunero eurei begia botatzeko eta euren palmaresa izateko. Horrelako jokalarien artean garrantzitsua sentitzea eta eurek ere irudi hori izatea nirekiko berezia da.

Lyonera etorri zinenean ez zenuen hasiera erraza izan, zenbait lesio tarteko. Iaz, ordea, Txapeldunen Liga eta Liga irabazi zenituen. Nola bizi zenituen?

Frantsesek beti esaten didate ematen duela sei urte daramatzadala taldean, baina hiru urte soilik egin ditut. Dagoeneko  sentsazioa dut nire etxea dela, eta denbora gutxian hori sentitzea berezia da, are gehiago horrelako klub batean. Sasoi desberdinak izan dira. Lehenengoan asko ikasi nuen, gehienbat egokitzapena izan zen.

Bigarrenean amets bat betetzea izan zen Txapeldunen Liga irabaztea, are gehiago nola izan zen ikusita: Bartzelonaren aurka, eta nire lagunak eta familia han zeudela; hori beti edukiko dut nire oroimenean. Txapeldunen Liga hain arin irabaztea pauso handia izan zen nire ibilbide profesionalean. Ez nuen inoiz pentsatuko 22 urterekin txapelketa hori irabaziko nuenik.

Azken denboraldi honetan arlo pertsonalean oso pozik nago, minutu asko izan ditudalako, baina hor geratzen da Txapeldunen Ligako kanporaketa. Jokoan ditugun azken bi helburuak lortzen baditugu, esango nuke denboraldi polita izan dela.

Damaris Egurrola baloia gidatzen Txapeldunen Ligan Juventusen aurka jokatutako partidan. (Romain BIARD | EUROPA PRESS)

Aurrez Evertonen izan zinen sasoi erdi batez. Beti azpimarratu izan duzu oso ondo zaindu zizutela.

Evertoneko esperientzia ondo gogoratzen dut, aldaketa handia izan zen. Pasatu nuen uda ez zen polita izan: covid ostekoa, Athleticen gertatu zenagatik... mila arazo izan nituen eta eskertzekoa izan zen halako klub baten interesa bat-batean agertzea. Ona Batlle Manchester Unitedeko jokalaria bertan egoteak ere asko lagundu zidan, beti berarekin pasatzen bainituen egunak.

Hasieran gogorra izan zen kultura berri batean egotea, nire lehen aldia etxetik kanpo, familiak ezin zuen hona etorri... mila faktore egon ziren kontran, baina zelaian zaudenean gauzak ahaztu egiten dira, eta esperientzia laburra izan arren, ona izan zen. Gainera, Wembleyn final bat jokatzeko aukera izan nuen.

Athleticen eman zenuen saltoa profesionaletara, eta 16 urterekin liga bat eta guzti irabazi zenuen. Zein oroitzapen dituzu?

16 urterekin, espero gabe, lehenengo taldearekin hasi nintzen entrenatzen, ikusi nuen taldeak partida gutxi galdu zituela sasoian, Irene Paredes eta Erika bezalako jokalariak nituen inguruan... Horrelako gauzak hain arin pasatzen direnean ez zara jabetzen, baina debutatu nuenean dena normaltzat hartu nuen eta denboraldi amaieran liga irabazi genuen. Sasoi luzea izan zen denontzat, baina oso berezia izan zen Athleticek horrelako liga zail bat irabaztea, non Bartzelonak eta Atletico Madrilek ez zuten mugarik fitxatzeko, eta guk etxekoekin irabazi genuen. Beti egongo da denon oroitzapenean.

Atzera begira, ikusita Athleticetik nola atera zinen, pena ematen dizu horrela bukatu izanak?

Bai, egia esan, pena handia ematen dit. Uste dut ez nuela ezer gaizki egin hori dena entzuteko eta jasateko. Hor hasi nintzen futbolean, hor eman zidaten aukera gaur egun naizen jokalaria izateko. Asko ikasi nuen, gauza onak eta txarrak eduki nituen eta hor egon nintzen egun guztietan nuen guztia ematen. Hori dena pasatu zenean jende askok zentzurik gabe hitz egin zuen, eta pentsatu gabe jokalariekin zer arazo zegoen. Azkenean, hitz egitea dohainik da.

Uste dut ez nuela ezer gaizki egin; klub berri bat heldu zen, aukera berriak nahi nituen, pauso bat eman nahi nuen eta horrela izan zen. Edozein langilek egingo lukeen moduan. Lan on bat duzu, proiektu berri bat, eta nahi duzu zerbait berria egin. Oraindik min egiten dit ikusteak jende askok nola jokatu zuen nire kontra eta nire familiaren kontra, batzuk ezagunak... gogorra egiten da hainbeste urtean egonda horrela irtetea, eta ez bakarrik niri eragitea, baita lagunei eta familiari ere.

Denboraldi honetan izan duzu tarterik Athletic ikusteko?

Bai, eta uste dut gero eta zailagoa izango dela Athleticentzat maila onean mantentzea. Belaunaldiek asko baldintzatzen dute Athleticek nolako sasoia egingo duen. Denboraldi honetan gazte askok eman dute saltoa lehen taldera, eta uste dut hori nabaritu dela. Ez dut esaten ez daudela prestatuta, guztiz kontrakoa, igo diren gazteak oso prestatuta daude lehen mailan lehiatzeko. Baina hainbeste jokalari aldi berean igotzea zaila da horrelako liga batean kudeatzeko.

Zentzu horretan, Iraiaren [Iturregiren] lana zaila izan da, gazte askori eman behar diozulako aukera, agian arinegi, baina behar duzulako. Ez dut uste Iraia denik erruduna. Iraia nire kapitaina izateaz gain, prestatzaile fisikoa ere izan zen, eta beti egon da inguruan. Asko ikasi dut harengandik gaur egun naizen pertsona eta jokalaria izateko. Onena opa diot; espero dut mailari eustea eta uste dut lortuko dutela.

«Multzoko fasean AEBen eta Portugalen kontra jokatzeak balioko digu ikusteko zein bidetan goazen»

Udaran zure lehen Munduko Kopa jokatuko duzu. Ilusioz heltzen diozu?

Bai, Munduko Kopa hau oso berezia da. Australian izango da eta ez dakit urrunago joka zitekeen [barrez]. Nire helburuetariko bat da selekzioarekin arrakasta izatea. Ni horrelakoa naiz: ahal dudan leku guztietan lehiatu nahi dut eta maila altuan. Lyonen dena jokatzen egonda, salto bat eman nahi nuen selekzioarekin ere. Herbehereak ordezkatzea oso berezia izango da, nire amari esker izan baitut aukera hau.

Zein helbururekin zoazte? 2019ko Munduko Kopan pauso batera geratu ziren garaikurra altxatzeko...

Denok dakigu Herbehereen historia. 2017an Europako Txapelketa irabazi zuten, eta Munduko Kopan beti izan da talde arrakastatsua, futbol berezi batekin. Oraingorako oraindik ez dugu espektatiba handirik, ondo prestatuta gaude eta badakigu edonori irabazteko gai garela. Konbinazio ona dugu: iritsi berri garen gazteak eta lehenagotik dauden eskarmentu handiko jokalariak. Multzo fasean AEBen eta Portugalen kontra jokatzeak balioko digu ikusteko zein bidetan goazen eta txapelketan apurka-apurka hazteko.

Vivianne Miedema herrikidea Munduko Kopa gabe geratuko da, aurreko lotailu gurutzatuaren lesioa izan zuelako. Txapelketa hori jokatu gabe geratuko diren jokalari onen zerrenda luzea da oso. Orban beltz bat da?

Hori da futbolaren alde txarra. Gutxien espero duzun momentuan horrelako lesio bat izatea. Gainera, Miedema ni nengoen lekutik metro erdira erori zen. Oraindik buruan dut bera bakarrik jauzi zela, negarrez hasi eta sekulako mina zuela. Ez dago hori saihesteko protokolorik, badaude protokoloak prebentzioa lantzeko, baina gero eta gehiago landu hori ematen du orduan ete probabilitate handiago duzula berriro lesionatzeko.

Ziurgabetasuna da nagusi, inork ez daki zer egin. Uste dut gure gorputza ez dagoela ohituta partidak larri jokatzera eta denbora gutxian hainbeste bidaia, neurketa, eta entrenamendu izatera. Azken urteetan hamar eguneko oporrak izan ditugu.

Damaris Egurrola iaz Herbehereekin jokatu zuen Europako Txapelketan. (Manjit NAROTRA | EUROPA PRESS)

Espainiako selekzioan gertatzen ari denari ez dakit zein adjektibo jarri. Urrutitik nola ikusten duzu egoera? Hitz egin al duzu Paredesekin, Nerea Eizagirrerekin, Amaiurrekin edota Maite Orozekin?

Nik ere ez dut hitzik geratzen ari dena deskribatzeko. Nik aspaldi pasatu nuen eta orain pozik nago alde egin izanaz. Mintzen nau lagunak izatea egoera horretan; egiten duten guztia taldearen, herrialdearen eta euren hoberako da, eta haiei ez entzutea larria da. Pertsonalki uste dut gauzak hobeto egin zitezkeela, baina bide hori hartu dute.

Federazioen aldetik, ikusi da beste herrialdeetan, Kanadan eta Frantzian, esaterako, aldaketak egitea lortu dutela, bai jokalariek beste modu batera egin dituztelako gauzak, baita federazioak entzuteko gai izan direlako ere. Aldaketak emateko momentu zaila da, baina onena nahi dut haientzat. Orain dela pare bat urte nik ere bizi izan nuen hori, eta nire lagunen alde egongo naiz beti.

Kontratua 2024ko denboraldi amaierara arte duzu. Lyonen jarraitzeko asmoa duzu?

Oraindik beste denboraldi bat geratzen zait. Oso pozik nago hemen; denek ikusten dute nola disfrutatzen ari naizen futbolaz. Nire asmoa hemen jarraitzea da, eta ikusiko da klubak zer nahi duen. Uste dut ez dagoela egoteko leku hoberik, eta hemen bezala ez naizela inon egongo.

Epe luzera, Euskal Herrira bueltatzea gustatuko litzaizuke? Espainiako Ligara?

Posible da, ez dut inoiz aterik ixten. Euskal Herria faltan botatzen dut hemen egonda, nahiz eta askotan bueltatu hara. Baina oraindik gaztea naiz, 23 urterekin pentsatzea urte batzuk barru zer gertatuko den... ez naiz horrelakoa, beti egunerokoan jartzen dut arreta. Baina posible dela, seguru baietz.