INFO
Elkarrizketa
Oier Sanjurjo
Osasunako kapitain ohia

«Pena da hurbilago ezin naizela egon, beraiekin gozatzeko eta sentimenduak partekatzeko»

Oier Sanjurjok (Lizarra, 1986) taldea utzi eta hurrengo denboraldian Osasuna Kopako final batera iritsi da. Distantziatik bada ere, kapitain ohiari iritsi zaio taldearen «emozio eta zorion tsunami hori». Sanjurjoren ustetan, Osasunak «badaki nora jo nahi duen eta nondik datorren, batez ere».

Oier Sanjurjoren iazko agurra Sadarren. (Iñigo URIZ | Foku)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


«Uste dut Osasuna beti izan dela edo izan garela talde sendoa»; oraindik Sanjurjok batzuetan bere burua Osasunako jokalaritzat hartzen du, eta ez da harritzekoa. Kolore gorria bihotzean darama Iruñeko lehen taldean 14 denboraldi jokatu ostean. Finalaren aurretik  «gogotsu» eta «urduri samar» egongo dela aitortu du.

Horrez gain, Osasunako kapitain ohiak adierazi du giza kalitate aldetik oso talde «polita, umila eta lan egiteko gogoa duena» dela, eta horren «erantzule nagusia» Jagoba Arrasate dela. Sanjurjok uste du taldeak azken urteetan eman duen «garapen edo gorakadaren gakoa Osasunaren identitatearekin bat» datorrela.

Zer moduz Zipre aldean? Futbolaz gozatzen?

Bai hori da. Futbolaren denboraldiko azken txanpaz gozatzen ari naiz. Lau partidaren faltan, lehenengo postuetan sartuta gaude eta azken momentura arte lehian egongo gara.

Zuek ere gaur arratsaldean duzue partida, ezta? Eta partida inportantea lehia horretan, gainera.

Bai, hemengo arratsaldeko zazpietan jokatuko dugu eta hango seietan. Justu partida bukatzen denean gogotsu eta urduri samar egongo naiz Osasunaren finala ikusteko.

Nola bizi duzu distantziatik Osasunako denboraldi historiko hau?

Segitzen ari naiz. Denboraldi osoko partida gehienak ikusi ditut telebistan hemendik. Oraindik ere badaukat harremana nire taldekide ohiekin eta esan ohi didate nola dabiltzan. Sekulako denboraldia egiten ari dira bai Ligan, eta, noski, baita Kopan ere. Finalerako txartela lortuta pena da hurbilago ezin naizela egon, beraiekin gozatzeko eta sentimenduak eta esperientzia partekatzeko. Baina honaino ere iritsi da beraien emozio eta zorion tsunami hori.

Zein izan da, zure ustez, Osasuna finalera iristeko gakoa?

Uste dut Osasuna beti izan dela edo izan garela talde sendoa. Hamaika jokalariek berdinera jokatzen dute eta ideiak argi dituzte. Defentsan sendo aritzen dira eta gero uste dut denboraldi honetan kalitate aldetik salto bat eman dutela. Aurrean eta hegaletan kalitate handiko jokalariak dituzte eta orokorrean lehiakorrak dira. Edozein talderen kontra lehiatzeko gai dira eta hori argi erakutsi zuten ligako azken partidan, Bartzelonaren aurka Camp Noun. Hortxe ibili ziren puntu bat lortzeko zorian azken minutuetan bat gutxiagorekin. Horrek baikor izateko arrazoiak ematen dizkigu. Real Madril bezalako talde baten aurka da finala, baina erakutsi dute gai direla edozein talderen aurka lehiatzeko; batez ere Kopan, ikusita nola lortu duten finalerako sailkapena luzapenean, azken momentura arte borrokan ibilita eta sari ederra lortuta.

Aipatu duzu Osasunak, jokalariak joan jokalariak etorri, bere identitateari eusten diola. Eta jarraitzaileek oihukatzen dute Osasunak ez duela inoiz amore ematen. Gaurko hitzordurako garrantzitsua izango da.

Bai, hori da Kopako txapelketa honetan Osasunak argi erakutsi duena: identitatea mantentzen jarraitzen duela. Eta hori da gakoa, lehen galdetu didazunaren harira. Uste dut Osasunak azken urteetan izan  duen garapen edo gorakada horren gakoa identitatearekin bat datorrela, badakiela nora jo nahi duen, eta nondik gatozen, batez ere. Giza kalitate aldetik oso talde polita, umila eta lan egiteko gogoa duena dago, eta horren erantzule nagusia Jagoba da. Eta horretan uste dut goia joko duela Osasunak larunbateko finala lortuta.

«Osasuna ez dago horrelako balentriak lortzera ohituta, eta klubak eta zaleek merezi dute horrelako zorion gau bat bizitzea»

Parean Real Madril handia izango dute. Nor da jokalari arriskutsuena?

Banan-banan hasten baldin bagara Real Madrilek duen jokalari bakoitza aipatzen... Badakigu sobera Real Madrilek duen kalitatea eta potentziala. Ez da inor harrituko hasiera batean faboritotzat jotzen baditugu, baina partida batean, 90 minutuan edo 120an edozer gauza gerta daiteke. Jokalari bat aipatzearren, beraien atezaina aipatuko nuke. Courtoisek dena eman dio taldeari, esperientzia du eta beraientzako oso garrantzitsua da. Beste batzuk aipatzearren, goian dituzten jokalariak: Rodrygo, Vinicius, Benzema...

Osasunak aspaldi ez dio irabazi Real Madrili. Azkenekoz 2011n izan zen. 1-0, Camacho entrenatzaile, zu Celtara joan aurreko denboraldia...

Gogoan dut bai. Horrelako taldeen kontra zaila izaten da hiru puntuak edo garaipena lortzea. Atzerago jo beharrean, gertuago joko nuke, azken urteetan ere berdintzea lortu dugula haien kontra. Eta finalean ere berdintzea ez legoke gaizki, ze horrek esan nahi du penaltietara joango ginatekeela, eta penaltietan badakizu nola den: txanpona bota eta ea gure alde erortzen den.

Beharko da epika pixka bat final horretan. Horrek erakargarriago egiten du finala?

Noski baietz. Jendea ilusioz gainezka dago eta puntu berezi hori badauka. Azkenean finala Real Madril bezalako talde baten aurka izatea eta haiei gailentzea sekulakoa izango litzateke. Pentsatu ere Osasunak zer talde utzi dituen kanpoan honaino iristeko: Athletic, Sevilla, Betis... Talde handiak dira eta merezita lortu dute txartela; beraz, ondo legoke finala irabaztea. Osasuna ez dago horrelako balentriak lortzera ohituta, eta Osasunako klubak eta zaleek merezi dute horrelako zorion gau bat bizitzea.

Osasunak bere historiako bigarren finala jokatuko du. Azkena duela 18 urte izan zen. Gogoan duzu hura?

Bai, gogoan dut. Aspaldi izan zen eta nire bizitzaren erdia pasatu da. Orduan gaztetxoa nintzen eta ezin izan nuen Madrilera joan. Hortaz, Iruñeko Gaztelu plazako pantaila erraldoian egon nintzen lagun taldearekin gozatzen.

Harrobiko jokalari batentzat zer esan nahi izan zuen final hark? Zuk bi urte geroago egin zenuen debuta lehen taldearekin.

Horrelako final batera iristeak badauka erakargarritasun puntu bat. Harrobikoak ginen edo garen jokalarientzat, orokorrean Osasunako zale garenontzat, eta batez ere behetik datorren gazteriarentzat ere, garrantzitsua da taldearekin konektatzea, Osasunako zaleak izateko. Horrek eragina du etorkizunerako eta gazteek ere ikusteko Osasuna gai dela gauza handiak egiteko. Azken batean, garrantzitsua da gazteria Osasunara hurbiltzeko.