INFO

«Irabaztea baino beste helburu handiago bat lortzeko»

Lapurdiko Arraun Klubak 2018an uretaratu zuen estreinakoz Iparraldeko lehen trainerua. Lau urtez jarraian ETE ligan lehiatu ostean, iaz ezin izan zuten ontzia atera, zenbait saiakeren ostean. Leire Arrojeriak (Zarautz, 1991) eta Ainhoa Etxenikek (Baiona, 2004) bertan egin zuten arraun azken urtean.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Ainhoa Etxenike Iparraldekoa da, Leire Arrojeria Hegoaldekoa. Lehena 2000ko hamarkadakoa eta bigarrena 90ekoa. Batak Orion arraun egingo du eta besteak Hibaikan. Aldeak alde, gauza batek batzen ditu biak: Lapurdiko Arraun Elkartean aritu zirela arraunean orain dela bi urte. «Ilusioa» da bien ahotatik atera den hitza, Iparraldeko lehen traineruaz mintzatu direnean.

Lapurdiko Arraun Klubak 2018an uretaratu zuen estreinakoz Iparraldeko lehen ontzia, arraunak bertan zuen hutsunea betetzeko asmoz. Etxenikek eta Arrojeriak traineru horren sorkuntza prozesuan parte hartu ez bazuten ere, ontziak iraun zuen lau urteko ibilbidean, azken urtean batera arraun egin zuten, 2021ean hain zuzen ere. «Polita izan zen, baina ez genekien azkenengo urtea izango zela. Orain ikusita, jakin izan bagenu azkena izango zela, beste modu batera bizi izango genuen», aitortu du Arrojeriak.

Etxenikek «urrunetik» segitu zuen Iparraldeko lehen traineruaren hasiera eta taldearen osaera. Izan ere, baionarrak 14 urte besterik ez zuen: «Kadetea nintzen eta batzuetan laguntzen nituen. Uretan ikusten nituenean, amesten nuen ni ere egun batez traineru horretan arraunlaria edo patroia izango nintzela».

Lapurdiko trainerua lau urtez jarraian lehiatu zen ETE ligan, eta 2021ean elkarrekin arraun egin zuten Etxenikek eta Arrojeriak. Azkenarentzako aurreneko aldia zen arraunean, eta galdetuta nola amaitu zuen zarauztar batek Bidasoaren beste aldean hau erantzun du: «Zarautzek deialdi bat egin zuen trainerua osatzeko. Jende asko hurbildu ginen eta beste batzuekin batera kanpoan geratu nintzen. Orduan, lau zorok erabaki genuen Lapurdira joatea arraun egitera».

Horrez gain, Arrojeriak nabarmendu du Lapurdiko arraunlariek «sekulako sakrifizioa» egiten zutela trainerua aurrera ateratzeko: «Trintxerpen entrenatzen genuen. Urrutien bizi zen arraunlariak ordu beteko bidaia egiten zuen egunero».

Leire Arrojeria: «Erronka handiena izan zen gutxi gorabeherako blokeko arraunkera lortzea»

Etxenikek 16 urte zituela igo zen Lapurdiko gorengo taldera, eta han bere lehen urtea izanik, «ilusioz beteta» zegoen, eta «biziki ongi» pasatu zuen. Bide beretik, zarauztarrak nabarmendu du denek «ilusioa» zutela ontzia aurrera ateratzeko: «Denboraldi zaila izan zen apirilean hasi ginelako uretara joaten eta hori uretako prestaketarako oso denbora gutxi da. Gainera bakoitzak bere arraunkera zuen, batzuk hasi berriak ginen eta erronka handiena izan zen gutxi gorabeherako blokeko arraunkera lortzea, eta hori ezinezkoa da bi hilabeteetan, kontuan hartuta elkarrekin arraun egin ez genuen arraunlariak geundela eta batzuk hasiberriak ginela».

Xede nagusia ontzia uretaratzea izan zen, «irabaztea baino beste helburu handiago bat zegoen», Arrojeriaren hitzetan. Hori lortu zuten, eta «oso harro» dago horretaz. Iaz ontzia uretaratzeko zenbait saiakera egon baziren ere, 2021eko urtea izan zen azkena. San Juanekin hitz egin zuten bi ontziak bateratzeko, baina ahalegina ezerezean geratu zen.

«Bukaeran gu oso gutxi ginen, eta ikusi genuen ezinezkoa zela Lapurdiko traineru bat ateratzea. Saiatu ginen San Juanekin ontzi bat eratzen, haiek ere gutxi zirelako. Baina otsail aldean zuzendaritzarekin arazoak izan zituzten, eta, beraz, urteko gure lehen eta azken estropada Orioko jaitsiera izan zen. Beste aterabide bat behar izan genuen eta Hernanira joatea erabaki genuen» azaldu du tristuraz Etxenikek.

Iparraldean arraunak «ez du ikusgarritasunik»

Lapurdiko traineruak jarraikortasuna ez izatearen arrazoiak zein izan daitezkeen galdetuta, baionarrak argi du horietako bat dela Iparraldean trainerua ez dela «batere ezaguna, eta jendeak ez duela segitzen». Arrojeriak galdetu dio Etxenikeri ea Iparraldean arraunak baduen ikusgarritasunik, eta erantzuna «ezetz» irmoa izan da. Eta baionarrak gehitu du tabernetan udaran ez dutela «inoiz EITB emango estropadak ikusteko».

Aldi berean, Etxenikek esan du beste arrazoi bat ere izan daitekeela jendeak ez duela «hainbeste entrenatu nahi», eta gehitu nesken eta mutilen artean badaudela «aldeak». «Mutilen kasuan, badakite etxean Donibane Lohizunen entrenatuko dutela eta errazago egiten dute. Guk, ordea, badakigu hemendik 30 minutura joan behar dugula entrenatzera eta hori ainitz kostatzen da. Gainera, gazteak izanik, ez dugu beti automobila eta gurasoek ez dute hori beti sostengatzen».

Horrekin lotuta, zarauztarrak gaineratu du kostu ekonomikoa ere beste arrazoi bat izan daitekeela, desplazamenduak autoz egiten direlako eta «batzuetan hori beraiek ordaintzen» dutelako; eta agian batzuek ez dute «gaitasun ekonomikorik hor egiteko».

Iparraldean trainerua uretaratzeko dituzten oztopoen harira, Donibane Lohizuneko Ur Joko arraun klubak aulki mugikorra eta finkoa uztartzen ditu orain dela urte batzuk. Biak uztartzea irtenbide posible bat izan daitekeen galdetuta, baionarrak adierazi du «egia errateko, zalantzak dituela»: «Mutilen kasuan agian bai, jubenil mailara iristean gero badutelako aukera zuzenean trainerura joateko, baina nesketan askoz zailagoa da, kadeteetan eta jubeniletan nahiko gorabeheratsua delako haien egoera. Nire ustez, aurtengo belaunaldiak segituko du aulki mugikorrean lan egiten, baina aulki finkoan ez dut uste».

Zarauztarrak adierazi du Iparraldean eta Hegoaldean joerak justu «kontrakoak» direla. «Hemen aulki mugikorrak ez du hainbesteko indarra, nahiko ahul dago, traineruak duelako protagonismo eta indar handiagoa. Iparraldean, berriz, alderantziz».

Lau ontzitik zortzirako saltoa, «oinarrian positiboa»

Iparraldean ez ezik, Hegoaldean ere, beste maila batean bada ere, lanak izaten dituzte emakumezkoen traineruen jarraitutasuna bermatzeko. Urte batetik bestera arraunlarien aulki dantza ohikoa izaten da kluben artean. Horren inguruan, Arrojeriak nabarmendu du aulki finkoko arrauna «kirol minoritarioa» dela, eta «emakumeetan zer esanik ez».

Arraunlarien jarraikortasuna egiturazko arazoa ote den ala ez ere eztabaidatu dute, eta zarauztarrak nabarmendu du gizartean emakumearen presentzia kirolean badela gai «gatazkatsua»: «Ez dakit nola deitu, baina berria behintzat bada. Nik adibidez 31 urte ditut eta badirudi pentsatzen egon beharko nukeela amatasunean eta ez estropadak egitean. Jendean zeharka edo zuzenean esaten dizu hori. Gizartearen arazo bat da eta arraunean ere badu isla».

Arrojeriaren ustetan, «oso berria» da emakumezkoak traineruan ikustea: «Garrantzitsua da ikusgarritasuna lortzea eta pausoak ematea emakumezkoen arrauna indartzearen alde, eta uste dut azken urteetan eman direla pauso batzuk. Esate baterako, Kontxan bi txanda jokatzen dituzte emakumezkoek».

Ainhoa Etxenike: «[Orioz] Hasieratik sentitu nuen babes eta zaintza berezi bat...»

Hasiera batean, erabaki hori hartu zen momentuan «eztabaida» egon bazen ere, Arrojeriak adierazi du orain jada «onartzen» dela, eta Euskotren ligarekin «antzeko zerbait» gertatzen dela. Izan ere, aurten estreinako aldiz, lau ontzi beharrean, zortzi izango dira ligako bandera nork astinduko lehian.

«Oinarrian uste dut oso positiboa dela. Gero eztabaidatu genezake modu hobe batean bultzatu daitekeela emakumezkoen arrauna, baina oinarrian positiboa dela argi eta garbi dut. Badakit badagoela jendea kritikatzen duena, erabaki batzuk ez zaizkiela ondo iruditzen. Adibidez, Galiziako bi ontzik egon behar dutela ligan bai ala bai. Liga pribatu bat da, eta Galiziako bi klub daude bertan. Donostiarrak Kontxako sailkapen estropada jokatu gabe parte hartzeko txartela duen bezala, hor ere antzeko zerbait. Hala ere, neurri hori lehen bi urteetarako da», azaldu du Arrojeriak.

Euskotren ligan zortzi ontzi egoteak ETE liga ahulduta utziko ote duen galdetuta, zarauztarrak uste du batzuetan «aldaketa bat emateko, pixka bat bultzatu egin behar» dela aldaketa hori. «Agian neurri hori ez da izango onena edo bilatzen duten helburua ez dute lortuko, baina hori ikusiko da ezartzen denean. Ez dut uste Euskotren ligan bi txanda egoteak emakumezkoen arraunari kalte permanenterik egingo dionik. Positiboa iruditzen zait ikusgarritasuna lortuko duelako eta lehia ikusgarriagoa izango delako bi txandekin».

Etxenike Orion, Arrojeria Hibaikan

Iaz Hernanin arraun egin ostean, Etxenikek «argi» zuen arraunean segitu nahi zuela, baina ez zekien nora joan: «Banuen beste arraun klub bat buruan, Hondarribia. Baina egun batez Oriotik deitu zidaten entrenatzailearekin hitz egiteko. Hasieran ez nuen batere pentsatzen baietz esatea, ez nuen ulertzen zergatik ni. Hala ere, bilkurara joan nintzen hitz egiteko eta haien proposamena entzuteko. Eta, noski, gero ez nuen gehiegi pentsatu eta horrelako aukera bat etortzean bai esaten da».

Orio bezalako arraun talde batean zer giro arnasten den galdetuta, baionarrak nabarmendu du «beti kontatzen» duela, lehen aldiz entrenatzera joan zenean ez zuela inor ezagutzen eta giro «nahiko berezia» antzeman zuela: «Hasieratik sentitu nuen babes eta zaintza berezi bat... Hori nik ez nuen batere ezagutu ez Lapurdin, ez Hernanin, nahiko talde txikiak direlako eta etxeko giroa delako. Eta gero talde indartsu batera joatea, beste ikuspegi bat da, ematen du oso bereziak garela eta horrek harritu ninduen gehien».

Baionarrak ez du hitz egin nahi denboraldian espero duenaz, oraindik ez baitaki taldean egongo den ala ez. Beraz, ez du horretan «pentsatzen»: «Helburua taldean egotea da. Izan ere, azkenengo astean esaten badidate kanpoan geratzen naizela, oso triste egongo naiz. Nire lana ahal bezain ongi egingo dut eta jo eta ke segituko dut». Arrojeriak atzetik gehitu du barre artean «ziur» dagoela udaran elkar ikusiko direla.

Orio dena irabaztera joango den moduan, Hibaikak bestelako helburua izango du. «Mailari eustea argi eta garbi bada oinarrizko helburua, gero ikusiko da horren gainean beste helburu batzuk jar daitezkeen», adierazi du zarauztarrak.

Arrojeria iaz Zarautzen aritu zen, baina aurten argi zuen ez zuela jarraitu nahi bere herriko taldean, proiektuarekin «ados ez» zegoelako eta «beste arrazoi pertsonal batzuengatik». Hasierako asmoa ETE ligako arraun klub batean lehiatzea bazen ere, «halako batean» Hibaikan jendea behar zutela esan zieten eta hara joan zen, bere lagun batekin batera. Haien helburua arraun egitea zen, eta «berdin» zitzaien «irabazi edo ez irabazi».

Errenteriako ontzian gehienak harrobikoak direla azpimarratu du zarauztarrak eta gaineratu «ibilbide luzeko arraunlariak direla, elkarren artean ezagutzen direnak, oso giro ona dutela eta oso ondo hartu dituztela, etxean baino hobeto».

Arrojeriak «ilusio handiarekin» heltzen dio denboraldiari, eta jakin ez arren zer-nolako papera izango duen traineruan, jada «sentsazio ikaragarria» iruditzen zaio uretara joatea «horrelako traineru, arraunlari eta patroirekin». Gero, udan aukerarik izanez gero, «handiagoa izango da denboraldiko bizipena».