INFO

‘Fast Fatum’ kaleratu du Libe Goitiak, bere lehen poesia liburua

Ironiaz jositako poesia liburua argitaratu du Libe Goitia Artetxe idazle gazteak. Zortzi atalez osatutako ‘Fast Fatum’ (Susa) lanak erreferentzia klasikoak nahiz gaur egungoak, egunerokotasunaren gaiak eta irakurlearen interpelazioa oinarri.

Donostian aurkeztu du ‘Fast Fatum’ Libe Goitia Artetxek astearte honetan. (Maialen ANDRES | FOKU)

2019an Urrunoztarrak Gehituz literatura-lehiaketan poesia saria lortu zuen Libe Goitia Artetexek bere lehenengo poesia liburua argitaratu du Susa argitaletxearekin. ‘Fast Fatum’ (patu azkarra) du izena eta, egilearen iritziz, «herri handi izan arren hiri izatera heltzen ez den toki bateko norbaiten biziari buruzko ikuspuntua» da.

Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak astearte honetan Donostian egindako aurkezpenean azaldu duenez, zortzi atalez osatuta dago liburua; hots, aitzinsolasa, sei kapitulo eta epilogoa. Leku izenez markatuta daude atalak: ‘Aitzinsolasa: Nafarroa’, ‘Traumak: Balanzategi’, ‘Partitzea: Ternua’, ‘Bizia ziutatean: Holtzarte’, ‘Maitemina: Aginaga’, ‘Maitasuna: Orio’, ‘Herioa: Itzaltzu’ eta ‘Epilogoa: Bilbo’.

Egituraz gain, formak duen papera azpimarratu du editoreak, esate baterako, non jartzen den kurtsiba bat, non maiuskula, ze hitz ageri den kortxete artean, poemak nola kokatzen diren orrialdean.

Bestalde, autoreak azpimarratu duenez, ironia erabiltzea eta irakurlea zuzenean interpelatzea intentzionalitate bat du atzetik. Poesia aspergarria dela eta ondo pasatzeko genero gisa zilegi ez delaren ideiaren aurka joatea.

Erreferentziak ere oinarri garrantzitsua dira Goitiaren lan honetan. Adierazi duenez, Ruper Ordorika eta Bernardo Atxaga bezalako erreferentzia klasikoez gain, hemen badaude ere Lorde, Sufjan Stevens, gamerrak eta poesiaz kanpoko beste batzuk. Hortaz, sasoi bateko literaturaren eta gaurkotasunaren arteko kontrastea nabarmentzen du Goitiak.

«Sei geltokitatik igarotzen den zeharkaldi poetikoa osatu du, beraz, Libe Goitia Artetxek bere estreinako poema liburuan. Gai agorrezinen bideetatik –partitzea, hiria, maitasuna, heriotza–, geografia propio bat eraiki du, eta intuizioz zein ziurtasunez betetako lerroen artean ageri da poeta bizitzaren zantzuak haztatzen –amaren eskuak, herdoilaren edertasuna, odolezko marrazkiak–, tradizioarekin zein adierazpide garaikideenekin elkarrizketa betean», laburbildu du Leire Lopezek.