INFO

Euskararen aurkako epai judizialak salatzeko manifestazioa deitu dute azaroaren 4an Bilbon

Ehundik gora norbanako eta gizarte eragileen ordezkarik «kezka» agertu dute euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sortaren aurrean. Horren aurrean Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon deitutako mobilizazioarekin bat egin dute.

Euskararen aurkako oldarraldia salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Azken boladan euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen aldeko neurri eta politikak kolokan jarri dituzten sententziak salatzeko agerraldia egin du asteazken honetan Euskalgintzaren Kontseiluak ehundik gora norbanakorekin eta gizarte eragileen ordezkariekin: abokatu eta juristak, kazetariak, akademikoak, euskalgintzako kideak, sindikatuetako ordezkariak...

«Epaitik epaira kezka larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa. Oldarraldi honen agerpen mediatikoak eta politikoak aspalditik ezagunak bazaizkigu ere, azken boladan gordintzen joan dira, bereziki, alor judizialean», adierazi du Idurre Eskisabel Euskagintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Gero eta epai gehiago

Gogoratu duenez, Erandiokoa izan da, momentuz, azken epaia. Behin-behinean lanean ari zen udaltzain batek euskara jakiteko derrigortasuna atzera bota du Bilboko Administrazioen Auzien 1. epaitegiak. Uliazpi Fundazioaren lan deialdiaren aurkako sententzia, errekurrituta dagoena, baliatu dute azken hau justifikatzeko. Baina lehenago beste hainbat kasu izan dira, besteak beste, Barakaldokoa, Irungo udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkakoa edota euskara hizkuntza «zailegia» dela baieztatu zuen Laudiokoa.

«Ez dezagun ahaztu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, lau biztanletik hiruk uste dutela euskaraz jakin behar dela administrazioan lan egiteko. Hots, epaileak hizkuntza politika egiten ari direla, kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik», salatu du Eskisabelek epai hauek guztiak lotzen dituen haria «lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak kontrajartzean oinarritutako premisa faltsua» dela nabarmenduz.

Mobilizazio soziala «ezinbestekoa»

Hortaz, Euskalgintzaren Kontseiluak eta gaur Bilbon elkartu diren norbanako eta eragileek kezka handiz ikusten dute hiru eremu administratiboetan indartzen ari den joera, eta «larritasun» honen aurrean mobilizazio soziala «ezinbestekoa» dela azpimarratu dute.

«Gizarte eragileoi dagokigu desadostasuna kalean erakustea. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. lzan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan», azaldu du Eskisabelek.

Honenbestez, dei egin du euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei azaroaren 4an Bilbon antolatutako manifestazioan parte hartzera.