INFO

Joxan Oiz Arrutiren ‘Zorigaiztoko’ lanarentzat da VII. (H)ilbeltza beka

Joxan Oiz Arruti donostiarraren ‘Zorigaiztoko’ proiektuak jaso du literatura beltza sustatzeko (H)ilbeltza beka. XIX. mendeko Donostiara egingo du atzera eleberria idazteko eta proiektuak 2024ko abenduan ikusiko du argia, Txalaparta argitaletxearen eskutik.

Joxan Oiz Arruti, (H)ilbeltza bekaren irabazlea. (WIKIPEDIA)

XIX. mende hasierara atzera egin eta garaiko giro sozialean murgiltzeko proposamena egin du Joxan Oiz Arrutik ‘Zorigaiztoko’ proiektuan eta, sariketara aurkeztu den proposamen osoena dela iritzita, VII. (H)ilbeltza beka eskuratu du donostiarrak.

Joseba Otondo Baztango alkateak, Eneko Barberena (H)ilbeltzako ordezkariak eta Garazi Arrula Ruiz Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatutako epaimahaiak balioan jarri du Oiz-ek irakurlea XIX. mende hasierako Donostiara garraiatzeko egindako ahalegina. «Laginean nabari da idazleak dokumentazio lana eta garaiaren prospekzio ariketa bat egin duela», azaldu du epaimahaiak, eta abiapuntua eta garai soziala «iradokitzaileak» direla iritzi du.

Horrez gain, ukitu historikoa kritika sozialarekin uztartzea «nobela on baten abiapuntu» izan litekeela ebatzi eta (H)ilbeltza bekaren «parametroekin bat» egiten duela uste du. Gainera, «hizkera landua» erabiltzeak proiektua «indartu» egiten duela uste du.

Oiz-ek 3.000 euro jasoko ditu orain eta beste horrenbeste lana amaitzerakoan. Ondobidean, eleberria 2024ko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak.

Joxan Oiz Arruti (Donostia, 1968) Euskal Filologian lizentziatua da eta kazetari lanetan hasi bazen ere 1992az geroztik irakaskuntzan dabil. Aurretik ‘Beñat Dardo’ nobela (Susa, 2006) eta ‘Bidasoa’ poesia- eta argazki-liburua (Irudi, 2006) argitaratu ditu.