Mendoza: «EAJ ekonomia indartsuaren bermea da, ezker abertzalearen alternatiba ezaren aurrean»
EAJ ekonomia «aurreratu» eta industria «indartsuaren» berme gisa aurkeztuta abiatu du kanpaina Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiak. Gipuzkoako Merkataritza Ganberan egin du ekitaldia ostiral goizean.
Ekonomia ardatz hartuta abiatu du kanpaina Gipuzkoako EAJren hautagai Eider Mendozak, bere alderdia ekonomia eta industria politika «sendoen» berme gisa aurkeztuta. Bere programa ekonomikoaren ildo nagusiak xehatu ditu Gipuzkoako Merkataritza Ganberan ostiral goiz honetan egin duen ekitaldian, eta horretarako esparru horretako kargu eta kargu ohi ezagunak izan ditu ondoan: Arantxa Tapia egungo Lakuako Ekonomiaren Garapenerako sailburua; Jabier Larrañaga arlo bereko Gipuzkoako foru diputatua; Jon Azua Lakuako Gobernuko Industria eta Energia sailburu ohi eta aholkularia; Rikardo Gatzagaetxebarria Ibarretxeren Gobernuan Ogasun sailburu izandakoa eta Eneko Goia Donostiako alkategaia. Mendozaren hitzetan, «kudeaketa publikoaren erreferente diren pertsonak dira, politika ekonomiko eta fiskalen ibilbide eredugarri bat ordezkatzen dutenak», eta horregatik «horien gainean etorkizuna eraikitzen jarraitu» nahi dute jeltzaleek.
EAJren hautagaiak datozen belaunaldien ongizatea ziurtatzeko ekonomia «aurreratu» eta industria «indartsua» aldarrikatu ditu, eta horretarako bere alderdiaren gaitasuna defendatu du: «Gure alderdiak ekonomia bultzatzeko politiken berme instituzionala ordezkatzen du, gizarte osoarentzat etorkizun oparoa ziurtatuko duen politika industrial sendo batena. Bai bere ibilbideagatik, hamarkadetan zehar gure garapen ekonomiko eta soziala markatu duten erabakien protagonista izan delako».
Jeltzaleek dute, bere esanetan, aurrean dauden erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren «eskarmentua, sinesgarritasuna, kudeaketa gaitasuna» eta «ideia argiak», ezker abertzalearen «alternatibarik ezaren aurrean».
Hala, EAJk «kalitatezko enplegua sortu eta behar handiena duten pertsona eta kolektiboak babesteko behar diren politika publikoak bermatuko» dituen bitartean, ezker abertzaleari leporatu dio «kontraesanetan kateatua» egotea, «gure errealitate ekonomikoaren irudi estereotipatua» izatea eta «oraindik ere enpresa-mundua errezeloz eta mesfidantzaz» ikustea, eta «ez aktibo kolektibo bat bezala».
Mendozak aurreratu duenez, jeltzaleen programak ehun neurri baino gehiago jasotzen ditu eta bost jarduera-ardatzen inguruan egituratzen da, honako helburuekin: «Ekonomia sendo eta lehiakor bat eraikitzea, familien ekonomia babestu eta kalitatezko enpleguaren sorreran eragiteko», Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna indartzea, «etorkizuneko sektore industrialak garatzeko, ekonomia sareak beharrezko dituen eraldaketak laguntzeko eta lurraldean ekonomiaren aldeko baldintza egokiak sortzeko: fiskalitatea, azpiegiturak, berrikuntza, finantziazioa, talentua eta partaidetza, besteak beste».
Bukatzeko, baikortasun mezua bota nahi izan du, aipatu gabe baina ezker abertzaleari zeharka zuzenduta: «Desindustrializazioaz hitz egiten duten eta errealitatearen irudi negatiboa aurkezten saiatzen diren alderdi politikoen derrotismoaren aurrean, errealitateak erakusten du gure ehun ekonomikoa konplexutasun eta ziurgabetasun handiko egoera bat saihesten jakiten ari dela».
Pandemia, hornidura-krisia, Ukrainako gerra eta inflazioaren eta interes tasen igoera izan arren, enpleguari buruzko datuak 2008ko krisiaz geroztik «onenak» direla esan du, «afiliazioa zifra errekorretan dago, eta salmentak erregistro bikainak markatzen ari dira».
«Gure konpromisoa onena ematen jarraitzea da», bukatu du.