INFO
Elkarrizketa
Eider Mendoza
EAJren ahaldun nagusigaia Gipuzkoan

«Gero eta ekonomia indartsuagoa, orduan eta herritarrak babestuagoak»

Lehia bizia aurreikusten dute inkestek Gipuzkoan eta, zalantza batzuk tarteko, azkenean Eider Mendozaren aldeko apustua egin du EAJk. Eskarmentu handia du hondarribiarrak, lehenik Batzar Nagusietako presidente gisa eta gero Aldundiko eledun lanetan. Markel Olanoren ildo beretik joko luke.

Eider Mendoza, Merkataritza Ganbaran atzo. (Jon Urbe | Foku)

Gobernantza arloko ahaldun izan ostean, Azpeitian jaio baina Hondarribian bizi izan den Eider Mendoza (1974) ahaldun nagusirako lehian da EAJ ordezkatuz, EH Bildu aurrez aurre eta ia parez pare duela. Bide beretik jarraitzeko asmoa antzematen da erabaki honetan, batetik alderdian ibilbide luzea egina duelako (EGItik hasi eta Gasteizko Legebiltzarretik pasatuta), eta bestetik orain arte kargu gorena izan duen Markel Olanoren ondo-ondoan lan egin duelako. NAIZ Irratian eman du bere egitasmoen berri.

Lehia estua aurreikusten dute inkestek. Maddalen Iriarte ez duzue urrun...

Gipuzkoan EAJ eta ezker abertzalearen mundua oso gertu egon gara beti. Gure lurraldea abertzalea dela azpimarratuko nuke. Nabarmena da gainontzeko alderdi politikoek, inkesten arabera behintzat, ez dutela pisu handiegirik izango. Eta parte-hartzea handia izango dela dirudi.

Orain gutxi entzuteko prozesua burutu du EAJk, ‘Entzunez eraiki’ lelopean. Ondorio batzuk autokritikoak izan dira. Zer aldatu beharko litzateke Gipuzkoan, aldatzekotan?

Entzuketa prozesu hau EAJk burutu du baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ere urteak daramatza entzuketa bat aurrera eramaten. Azkeneko urteetan egindako lanari garrantzi handia ematen diogu eta, aldi berean, entzuteaz aparte gainontzekoekin lankidetzan etorkizuneko erronkei ekiteko gaitasuna izan dugu. Hau da; entzun, adostu eta proiektuak abian jarri ditugu. Gure buruari egiten diogu kritika nagusia, edo ikusten dugun aukera nagusia, horretara bideratuko nuke: bakarrik ez dugu ahalmenik eta, hortaz, gainontzeko erakundeekin eta herritarrekin batera eseri, entzun, konpartitu eta proiektuak abiatu behar dira. Hori sendotu nahiko genuke.

Markel Olanoren bide beretik joko duzu edo ñabardurak izango dira?

Sekulako ekarpena egin dio lurraldeari Markel Olano jaunak. Diputatu nagusi apala izan da, eta oso eskuzabala, gainontzekoei konfidantza eskaini dielako. Horrek lortu du lurraldeari denon artean benetan ekarpen kualifikatu bat egitea. Bere izaera propioagatik egin du. Guretzat altxor ikaragarria da hori eta nik bide horri eutsi nahi diot. Belaunaldi berri bat gara orain, estilo propioa izango dugu, baina bide horretan sakonduz.

Balantze baikorra egiten duzue PSErekin osatutako Gobernuaz?

Positiboa da. Duela zortzi urte EAJk Gobernua bere gain hartu zuenean, PSErekin batera, egoera ez da inondik inora gaur dagoena. Enfrentamendu handi bat zegoen, enfrentamendu handi bat sortu zuen Aldundiak herritarrekin, egoera jasanezina zen, arazo potoloak zeuden, inongo konponbiderik ez zutenak: hondakinak, Deskarga... Lehenengo urteetan lan nagusia arazo horiei konponbidea jartzea izan zen. Azkeneko lau urte hauetan etorkizunari begira jarri gara.

«Duela zortzi urte EAJk Gobernua bere gain hartu zuenean, enfrentamendu handi bat sortu zuen Aldundiak herritarrekin, egoera jasanezina zen»

 

Mubil proiektua da adibide; ezinbestekoa zen Gipuzkoan mugikortasunaren arloan ezinbestekoa zen estrategia bat garatzea, bere industria lagunduko zuena, egokitzeko eta negozio berriak martxan jartzeko. Hau ere ez du Aldundiak bakarrik egin: unibertsitateekin, industriarekin, gainontzeko aldundiekin, Eusko Jaurlaritzarekin... jardun dugu. Hor sortuko dena sekulakoa izango da. Europan ez dago honelako proiekturik.

Zein da gaur Gipuzkoak duen arazo nagusia? Zeini emango diozu lehentasuna?

EAJren ikur bat da: ekonomiari eta gizarte babesari, txanpon beraren bi aldeak direlako. Ekonomia indartsua behar dugu, baliabide nahikoak izateko, gehien behar dutenen alde. Gaur egun oinarri sendoak ditu ekonomiak gure lurraldean, langabezia %7an dago, berrikuntzan sekulako ahalegina egiten da (BPGren %2,69 horretara bideratzen da, Europako herri aurreratuenen pare), eta desberdinkeria maila ere baxua da Gipuzkoan. Gero eta ekonomia indartsuagoa, orduan eta lurralde orekatuagoa izango dugu, eta gure herritarrak hobeto babestuko ditugu.

Kooperatiben inguruan sortu diren gorabeherei nola begiratu diezu?

Bi aspektu azpimarratuko nituzke. Bat, beraiek izan behar dute erabakimena eta gu ezin gara inondik inora horretan sartu. Bi, handitasunak sendotasuna ematen du, gero eta enpresa handiagoak behar ditugu. 

Gipuzkoa lurralde aberats gisa agertzen da datuetan, baina diruaren banaketa justua dela esango zenuke?

Gaur egun dugun ogasun sistema erabat progresiboa da; gehien dutenek gehiago ordaintzen dute. Bi adibide jarriko ditut: Ondare Zerga dago hemen, beste leku batzuetan ez dagoena; eta PFZ [IRPF] %40k ez du ordaintzen, eta beste %60aren laurdenak ordaintzen ditu PFZen bidez jasotzen denaren hiru laurdenak. Progresiboa eta justua da. Gaur egun azterketa bat abian dugu, aldiro-aldiro errebisatu eta egokitu beharra dagoelako, mundua oso aldakorra delako.

Etxebizitzaren arazoa potoloa da Gipuzkoan. Baina Gobernu espainola eta EH Bilduren arteko akordioaren kontra agertu da EAJ. Ez diozu onurarik ikusten?

Gure eskumenak goitik behera inbadituak izan dira. Badago aspekturen bat interesgarria dena, baina etxebizitzaren arloan eskumena dugu, eta hau urratu gabe beste lege batean aldaketa txiki bat eginda aurrera eraman zitekeen: alokairuen kasuan zenbat igo daitekeen urtean.

EAE mailan dagoen politika ez da existitu ere egiten gure inguruan, eta alokairuaren bidez egiten ari da. Egia da Donostian etxebizitza garesti dagoela baina hor ere sekulako apustua egin da, adibidez Loiolan, garapen berriak egiteko, eta arnasa handia emango dio Donostiako Udalari. Etxebizitza babestu asko egiten ari da eta hemen jarri behar da azpimarra.

Zaharkitutako lurraldea da Gipuzkoa. Zaintzaren arazoa erdigunera etorri da. Zuentzako lehentasuna al da?

Bai. Proiektu propioa dugu, Adinberri, Pasaian kokatuko den egoitza, ezagutza eta berrikuntza sortzeko leku bat. Bizitza osasungarri bat aurrera eramateko ikerketa egingo da hor eta ezagutza sortuko da. Gainera, zortzi egoitza berri eraikiko ditugu, 30 egoitzatan eredu aldaketa dator (65 ditugu guztira Gipuzkoan)... Trantsizio betean gaude, baina ondo baloratuta dago hemen ematen den arreta. Jakinda nagusiak direnen artean 10etik 8k etxean bizi nahi duela, eta hauek ere zaintza egoki bat behar dutela. Egoki zainduko ditugu etxean eta egoki zainduko ditugu egoitzan, etxean balira bezala.

Osasun publikoaren sistemarekin kezka handia dago. Zure esku balego, zer egingo zenuke egoera hobetzeko?

Gipuzkoarren osasunaren inguruan? Egia da kezketako bat dela: ekonomiaren ingurukoa lehena eta bigarren Osakidetzaren arlokoa. Europa osoan gertatzen ari da, pandemiak faktura handia pasa dio gure osasun sistemari eta ez gara hori gainditzeko gai izan.

«Pandemiak faktura pasa dio gure osasun sistemari baina konfiantza eta pazientzia eskatzen diogu jendeari»

 

Baina ez da hau bakarrik: profesionalak falta dira alor guztietan, hemen eta Europan. Inoiz baino profesional gehiago dago Osakidetzan, inoiz baino baliabide gehiago bideratzen dira horretara. Konfiantza eta pazientzia eskatzen diogu jendeari.

Uliazpi auzian jarritako helegitearen aurka azaldu da PSE. Euskararen auzia arrakala bezala bizi duzue Gobernuan?

Gobernu Kontseiluak onartu zuen. Ez dugu arrakalarik ikusi orain arte. Ez nuke nahi euskara inondik inora eztabaidagai izatea. Oso argi dugu gipuzkoarren gehiengoak Administraziora jotzen duenean euskaraz artatua izan nahi duela. Eskubide bat da. Eta horretarako hemengo hizkuntza ezagutu behar da, ezinbestekoa da, zerbitzu egokia eskaintzeko.

Gipuzkoa lurralde abertzalea dela aipatu duzu hasieran. Honekin ere, euskararekin bezala, oso posizioa ezberdinak dituzue EAJ eta PSEk, baina erakunde gehienetan elkarrekin gobernatzen ari zarete. Inork pentsa dezake kontu hauek zuentzat bigarren mailakoak direla?

Badakizu Gipuzkoako lurralde kolore guztietako gobernuak direla, eta ez dakit haiei galdera bera egiten diezun... Bakoitzak ideologia propioa izanda eta hau alde batera utzi gabe, Gipuzkoak dituen arazoei aurre egiteko gaitasuna izan dugu, eta lurraldea etorkizunari begira jartzeko.

Konbinazio harrigarriak badaude, baina adostasunak lortu dira lurraldean zehar, eta nik gauza positibo bezala hartzen dut. Desberdin pentsatu eta desberdin aritu arren, lurraldeak aurrera egin dezan adostu beharreko puntu batzuk badira. Elkarrekin sendo gara. 

Datorren ahaldun nagusia emakumea izango dela argi dirudi. Zein balio ematen diozu?

Handia, lehenengo aldia baita. Erabaki guneetan egon behar dugu emakumeok, ez da bakarrik bisibilizazio kontu bat, eraginkor diren lekuetan egoteko beharra baizik. Beharrezkoa da ikustea, baina eraginkorrak izatea ere bai.