Hirutik hiru irabazita iritsiko da Jokin Altuna Ezkurdiaren aurkako finalerdira
Labriten 12-22 menderatu du Danel Elezkano ligaxkako azken partidan eta amezketarrak irudi ona emanda eta sentsazio onekin amaitu du final-laurdenetako bere ibilia. Neurketa azkarra izan da, bietako inork ez zuelako norgehiagoka luzatu nahi.
Jokin Altuna ligaxkako hiru partidak irabazita iritsiko da datorren larunbatean Joseba Ezkurdiaren aurka jokatuko duen Buruz Buruko Txapelketaren finalerdira. Larunbat honetan Labriten 12-22 menderatu du Danel Elezkano eta, ohoreaz aparte jokoan ezer ez zegoen arren, amezketarrak irudi ona emanda eta sentsazio onekin amaitu du final-laurdenetako bere ibilia.
Hasieratik ikusi da kantxan ez zegoela beste batzuetako tentsiorik. Bi pilotariak tantoa azkar amaitzeko asmoz irten dira, Altunaren kasuan gorputzari pasada handirik ez ziolako eman nahi eta Elezkanoren kasuan esker eskuarekin arazoak izaten ari delako aspalditxoan. Tiki-taka azkar horretan Zaratamoko aurrelaria izan da protagonista nagusia: berak egin ditu tanto aipagarrienak zabalean –dejada, bolea goxo utzita, ezkerrez irekiz...– baina baita huts dezente ere –zorte txarreko bi txapa tartean–.
Markagailuari dagokionez berdinketak izan dira 1-1, 2-2, 3-3, 4-4 eta 5-5ean. Altuna sakearekin gehixeago asmatzen hasi denean tarte txiki bat ireki du (5-10), jokoan ere nagusitzen hasia zelako ordurako, baina Elezkano gai izan da 8-10era hurbiltzeko sakez egindako bi tantorekin. Bizkaitarraren aldeko jarraitzaile zaratatsuak pozik ziren harmailetan, Altunari gerra ematen ari zelako Danel.
Baina amezketarra bere nagusitasuna inposatzen hasia zen piloteoan, eta zuloa gero eta handiagoa bilakatzen joan da. Zabaletik bikain bildutako pilota batekin egin du 8-11koa Altunak eta hortik aurrera gipuzkoarraren erakustaldiak ez du erantzunik aurkitu beste aldean. Elezkano ezker eskuari heltzen hasita zegoen, minez, eta horrela ezinezkoa da Altunaren mailako pilotari bati aurre egitea.
Azken emaitza 12-22koa izan da, 38 minutu eskaseko iraupena izan duen neurketan, eta bi pilotariak datorrenari begira jarrita daude dagoeneko, batez ere Jokin Altunaren kasuan.
«Hasieran ez ditut oso sentsazio onak izan, makal aurkitu naiz, baina Danelek opari batzuk egin dizkit eta horrek lagundu dit egoerari buelta ematen. Gero bai, gero gehiago asmatu dut sakearekin eta pozik amaitu dut. Ez da jakiten noiz hartuko duzun kolpe txarren bat eta horregatik garrantzitsua zen gaurkoa inolako ezbeharrik gabe amaitzea», aipatu du amezketarrak. Datorren larunbatean, Labriten bertan, Ezkurdia izango du aurkari finalerako txartela jokoan dutela.
«Ez da txapelketa erraza izan niretzat. Tarteka kolpez-eta ongi aurkitu naiz, txisparekin, baina eskuarekin beti oso larri amaitu dut, datorren partidara iritsiko ote nintzen zalantza horrekin. Orain garrantzitsuena eskua ongi sendatzea izango da datozen erronkei aurre egiteko», esan du bere aldetik Danel Elezkanok.
FITXA
Pilotakadak: 190. Partidaren iraupena: 38 minutu eta 09 segundo. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-2, 3-2, 3-4, 4-4, 4-5, 5-5, 5-10, 8-10, 8-20, 10-20, 10-21, 12-21 eta 12-22. Sakez: 2 Elezkano II.ak eta 3 Altuna III.ak. Jokoan eginak: 8 Elezkano II.ak eta 14 Altuna III.ak. Galdutakoak: 4 Elezkano II.ak eta 3 Altuna III.ak. Gertaerak: Beste larunbat batzuetako betekadarik ez Labriten. Ekhi Ziarrusta izan zen Elezkanoren botilleroa eta Gorka lehengusua Altunarena. Lehen sakea, urdin.