Musika elektronikoari buruzko ikerketa abiatu du Dantz-ek, zaleen pertzepzioa ezagutzeko
Helburua da musika elektronikoa kontsumitzen duten pertsonengan estilo horrek duen eragina ezagutzea. Emaitzak anitzak izatea espero dute antolatzaileek, publikoa bera oso anitza baita. Izan ere, nahiz eta estilo honen inguruan estereotipo asko egon, erakusten ari dira ez dutela zertan egia izan.
Musika elektronikoa eta bere kultura estigmatizatu egin dira ustez drogekin duten loturagatik, musika errepikakor eta arimarik gabetzat hartzen da, eta DJak benetako trebetasunik gabeko botoien presiogile soiltzat hartzen dira, baina Dantz egitasmoa aspaldian ari da erakusten estilo hori oso zabala eta anitza dela.
Urtero, udan, nazioarteko jaialdi bat ospatzen dute Donostian, non mota askotako jendeak parte hartzen duen. Era berean, Dantz-pointak edota formakuntzarako akademia bat ere antolatzen dute urtean zehar. Oraingoan, kontsumitzaileen iritziak jasoko dituen ikerketa bat martxan jarri dute, Xavi Minguez EHUko Psikologia Sozialeko Doktorearen laguntzarekin.
Ikerketan, zaletuen aniztasuna islatzea espero dute, bakoitzarengan musika elektronikoak zerbait desberdina eragiten duelakoan. Nola edo hala, helburua ez da estilo horren aurpegia garbitzea –estereotipoekin hausteko lan handia egiten baitute– baizik eta «enpirikoki» ezagutzea jendearen iritzia.
Jokin Telleria Dantz-eko sustatzaileak azaldu bezala, ikerketak hiru fase izango ditu. Lehena internet bidez egin daiteken inkesta bat da, bigarrena topaketa presentzialak izango dira, eta azkena lortutako datuen difusioa izango da.
Lehen fasea, alegia, inkesta, jada martxan dago. Nahiz eta edonork egin dezaken, nahi dutena da musika elektronikoarekin nolabaiteko harremana dutenengana iristea, euren iritzia interesatzen zaielako. «Inkestak unibertsitateko komite etikoa pasatu du, beraz, baditu ezaugarri batzuk jakiteko ikuspuntu zientifiko aldetik nola eragiten dion jendeari musika elektronikoak», argitu du telleriak.
Bigarren fasea, topaketena, abuztuan egingo duten Dantz jaialdiaren baitan hasiko dira. «Egun handiak 25 eta 26 izango dira, baina aste osoan zehar ekimen desberdinak egongo dira: disko merkatua, dokumentala, pintxadak... aste kultural bat izatea nahi dugu», aipatu du Dantz-eko kudeatzaileak. Lehen topaketa abuztuaren 21ean izango da, baina gerora gehiago etorriko dira.
Emaitzak jakiteko gogoz
Horien datak oraindik ez dituztenez zehaztu, ez dakite emaitzak noiz izango dituzten, baina espero dute udazkenean izatea. «Lortu daitezken emaitzak ez ditugu baikor edo ezkor bezala ikusten, informazioa bezala baizik. Batek pentsatu dezake elektronika iluntasuna eta gaua dela, eta beste batek espiritua argitzen diola. Datuak besterik ez dira», aipatu du.
«Ikerketan zer aterako den ez dakigu baina jakin nahian gaude. Jakin nahi dugu gizarteko atal batek nola pentsatzen duen. Guk uste dugu kontsumitzaile hauen artean profil asko daudela eta hori oso aberatsa da», kontatu du Telleriak. Orain arte egin duten lanari dagokionez, esan du hasi direla jendearen pentsamoldea aldatzen: «Jendea ikusten ari da ekimenak egunez ere egiten ditugula, jende mota oso desberdina etortzen dela, umeak ere etortzen direla, elektronikak oso estilo anitzak dituela». Horrekin lotuta, esan du musika elektronikoa «oso lasaia» izan daitekela edo «dantzatzekoa, urbanoa edo esperimentala».
Ikerketaren izena ‘Sound minds - musika elektronikoaren iruditeria soziala sortuz’ da, ingelesez hitz joko bat eginez. Izan ere, ‘soinuak inporta du’ edo ‘soinu-gogoak’ esan nahi du. Dakitenez, Estatu espainolean musika elektronikari buruz egiten den mota honetako lehen ikerketa da hau.