Azken denboraldietan bezala, agortuta iritsi da berriro Athletic ligako azken txanpara?
Min egiten duen jipoia jaso zuen talde zuri-gorriak Vila-realen zelaian. Lau partida daramatza irabazi gabe eta huts egin du aurkari zuzenen kontrako norgehiagoketan. Europan jokatzeko helburua bere emaitzen esku izatetik, asko zaildu zaio sailkapena lortzea.
Zer gertatzen zaio Athletici? Azken denboraldietan bezala akituta iritsi da liga amaierara edo Europan jokatzeko sailkapena eskatzea gehiegi da taldearentzat? Jon Uriarteren Zuzendaritza Batzak, jokalariekin eta entrenatzailearekin batera, adostutako helburua betetzea gero eta zailagoa jarri zaie zuri-gorriei.
30. jardunaldian Almerian irabazi zutenean, beren eskuetan zeukaten Europarako postua ziurtatzea. Ez zuten aurkarien emaitzen zain egon behar. Lau jardunaldi igaro direnean, guztiz aldatu da egoera. Hiru porrot mingarri eta azken uneko berdinketa bat eskuratu ditu. Daturik kezkagarriena da bi gol bakarrik egin dituela eta biak penalti puntutik. Golak egiteko zailtasun handiak ditu taldeak eta erraztasun gehiegi ematen ditu defentsan. Europa League urruti geratu da, Vila-realek eta Betisek koska bat gorago daudela erakutsi diote.
Conference League izeneko txapelketa jokatzeko ateak irekita jarraitzen du, baina azken hamarkadako aurrekariei erreparatuta, baikorra izateko amets egin beharra dago. Azken bost denboraldietan ez ditu inoiz lau puntu baino gehiago lortu 34. jardunalditik aurrera. Eta 2014tik zortzi puntu izan dira eskuratu dituen gehiegoa. Itxaropena berpiztu ahal izateko Valverde izan zela entrenatzailea nabarmendu daiteke.
Txapeldunen Ligarako laugarren postua ziurtatu zuen teknikari zuri-gorriarekin 2014ean, zazpigarrren postuan amaitu zuen 2015ean eta bosgarrena izan zen 2016an. Europan jokatzeko azken sailkapena lortu zuen denboraldian, aldiz, lau puntu bakarrik eskuratu zituen liga amaierako lau jardunaldietan.
2017tik aurrera Athletic agortuta iritsi da sasoi bukaerara. Garitanorekin ihes egin zion Europak azken jardunaldian Sevillan 2019an. Pandemiaren denboraldian, berriz, jokatutako azken bost partidetatik lau galdu zituen Derioko entrenatzailearekin. Hurrengoan ere antzeko zerbait gertatu zen Marcelinorekin, Kopako bi finalak jarraian galdu ondoren. Hainbat jokalarik agur esan zioten denboraldiari lesioen ondorioz eta azken sei partidetan bi berdinketa bakarrik erdietsi zituzten.
Puntu gutxiago, aukera gehiago?
Entrenatzaile asturiarrarekin 55 punturekin amaitu zuten azken denboraldia. Lau jardunaldiren faltan 51 puntu zeuzkaten zuri-gorriek eta puntu bakar batera zeukaten Vila-real. Garitanorekin bezala, azken jardunaldian Sevillan galdu zuten Europan jokatzeko aukera.
Valverderekin 47 puntu eskuratu dituzte 34 jardunalditan. Rayoren emaitzaren zain, puntu bakar batera dago zazpigarren postua. Ezberdintasun nagusia da aurkari gehiago daudela. Girona, Sevilla, Osasuna eta Rayo, Mallorca ahaztu gabe.
Gorabehera askoko denboraldia izaten ari da. Munduko txapelketaren etenaldiak baldintzaturik, bi sasoi ezberdindu daitezke. Lehen zatian Txapeldunen Ligako postuetan amaitu zuen Athleticek. Zenbait partidetan gabeziak agerian geratu zitzaizkion arren, ilusioa piztu zuela esan daiteke.
Egutegian Kopako kanporaketak tartekatu behar izan zituenean, taldeak beheraka egin zuen eta Europako postuetatik kanpo geratu zen. Aldi berean, kolpe gogorra jaso zuen Osasunaren aurkako finalerdiak ezin izan zituenean gainditu. Hala ere, segituan altxa zuen burua hiru garaipen jarraian eskuratuta. Gero, beherakada etorri da. Lau partida irabazi gabe eta Europako ametsa urruntzen.
Athleticen aurkariek beti nabarmentzen dute partida atarian, talde zuri-gorriak intentsitate handian eta erritmo bizian jokatzeko daukan ahalmena. Inork ezin du zalantzan jarri esfortzu fisiko itzela egiten dutela jokalariek eta berriro igartzen ari dira freskotasun falta.
Gainera, arazo fisiko ugari izan dituzte jokalariek. De Marcosek, Vesgak eta Nico Williamsek, esaterako, ez zituzten joan den asteko entrenamendu guztiak egin. Hamaikakoan ohikoak izan diren Iñigo Martinez eta Yeray ere min hartuta daude.
Etsipena da nagusi Athleticen inguruan, nahiz eta egoerari buelta emateko aukerak geratu. Larunbatean Celta dator San Mamesera, gero Sadarrera, Elx etxean eta Bernabeun izango da azken jardunaldia.