Laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresei klausulak ezartzea proposatu du Aznalek
Industria politiketan sektore publikoak izan behar duen garrantzia defendatu du Laura Aznal Nafarroako Gobernurako EH Bilduren hautagaiak. Laguntza publikoak jaso dituzten enpresei klausulak jartzea proposatu du, deslokalizazioak ekiditeko.
Laura Aznal Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako EH Bilduren hautagaiak industria politikak izan ditu hizpide Iruñeko Gaztelu plazan egin duen ekitaldian.
Hala, industria politiketan sektore publikoak izan behar duen garrantzia nabarmendu eta «bertako garapena eta dibertsifikazioa bultzatuko duen industria plan integrala» proposatu du, inplikatutako eragileen parte-hartzearekin garatua. Bere esanetan, plan horrek industria garapen «endogenoa eta dibertsifikatua» bultzatu beharko luke, eta hori bermatzeko «modurik onena» erabakiguneak Nafarroan izatea da.
Proposatu duen industria planak «bertakoa eta jasangarria» izan behar du Aznalen arabera. «Industriak eskualdeko errealitateari eta bertan dauden baliabideei lotuta egon behar du eta ingurumenaren eta baliabide naturalen errespetua» bermatu beharko du.
Horrekin batera, egitura ekonomikoa «zenbat eta dibertsifikatuagoa izan, orduan eta independenteagoa eta erresistenteagoa» izango dela defendatu du; egun automobilgintzarekiko duen mendekotasuna «arrisku-faktorea» dela iritzi dio.
Laguntza eta finantziazio publikoa izan duten enpresei klausulak jartzea ere proposatu du EH Bilduren hautagaiak, Sunsundegui eta Volkswagen adibidetzat aipatuta, «lan eskubideei eutsiko zaiela bermatzeko eta deslokalizazioari oztopoak jartzeko».
Koalizioak aurkeztutako industria planaren «balio erantsia» langileen trebakuntzan eta bertako zentro teknologikoen ikerketan oinarrituko da eta «maila teknologiko handia beharko du, digitalizazioa funtsezko faktorea izango baita».
Prozesu horrek guztiak «denbora» behar duela onartuta, epe laburrera enplegua sor dezaketen ekimenak txalotu ditu Aznalek, hala nola Sunsundegui eta Volvoren arteko akordioa, zeinaren arabera 400 lanpostu berri sortuko diren Altsasuko lantegian. Volkswagenek Landabengo lantegiaren aldeko «benetako apustua egiten duela baieztatuko balitz», baterien instalazioa barne, poztu egingo liratekeela adierazi du.