Aurpegia eman arren, Quesos Entrepinaresen logikaren aurrean amore eman behar izan du Ordiziak
Julen Goiaren entsegu batek eta Valentin Cruzen oinak goierritarrak aurretik ipini baditu ere, Valladolideko taldeak sendotasun handia erakutsi du etxean eta 28-17 gailendu da.
Hasierako minutuetan amesteko une batzuk izan baditu ere, Ampo Ordiziaren aurtengo denboraldia Valladoliden amaitu da gaur, Quesos Entrepinares, denboraldi erregularrean taldearen logikaren aurrean amore eman behar izan du eta. Play offerako eskubidea ematen zuen azken txartela eskuratuta, goierritarrek bazekiten iazko balentria errepikatu nahi bazuten bide zailenetik egin beharko zutela eta iaz Valladoliden bertan sekulakoa lortu bazuten ere, aurten ez dute errepikatzerik lortu eta, 28-17 galduta, aurrera egiteko modurik gabe geratu dira.
Eta hori, gauzak ezin hobeto hasi direlarik Ordiziarentzat. Izan ere, Valentin Cruzen oinaren eraginkortasunari eta Julen Goiak 22. minutuan gauzatutako entseguari esker, 0-10 aurreratu dira markagailuan. Partida hasiera polita egin dute goierritarrek, baina pozak ez die gehiegi iraun, atsedenaldira iritsi aurretik etxeko taldeak markagiluaren agintea berreskuratu baitu Javi Lopez eta Kalokalo Gavidik lortutako entseguei eta Baltazat Taiboren gauzatzeei esker (14-10).
Maldan gora
Aldageletatik bueltan, Valladolideko taldeak, bere kalitateari esker, aldeak handitzea lortu du Michel Stringerren entsetgu berri batekin eta partida oso hankaz gora ipini zaie. Ordiziarrek, ordea, ez dute inolako momentutan amore eman eta azkeneraino borrokatu dute, nolabaiteko saria eskuratuz gainera. Partida amaitzear zela Ioritz Mujikak partidako bigarren entsegua lortu du gorrientzat eta etxera burumakur itzuli behar izan badute ere, dena eman izanaren kontsolamendua geratzen zaie, hurrengo denboraldiari ilusioz begiratu ahal izateko.