INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Ibilaldia Ondarroan: hauspo erraldoia ikastolei eta euskarari

Hirugarren Ibilaldia da Ondarroan, kresalez eta euskaraz bustitako herrian. Ez dira eguraldi iragarpen ezkorrak bete eta giro paregabea egiten du, batez ere bildu diren milaka lagunei esker. Zubi Zahar Ikastolak oso balantze ona egin du. Herria jendez bete da, eta giro sanoa sortu da.


Goizean goizetik milaka lagun hurbildu dira igande honetan Ondarroara, Zubi Zahar Herri Ikastolak prestatu duen Ibilaldiaz gozatzera. Gogotsu ibili dira gune batetik besterako
txangoan, askotariko ikuskizun eta tailerretan parte hartzen, beti musika eta dantza lagun. Txiki zein handi, guztiek izan dute egun pasa eder bat egiteko aukera, eta guztiek eman diote hauspo erraldoia ikastolei eta euskarari. Hala azpimarratu diote Estibaliz Urizar eta Ane Martinez zuzendaritzako kideek arratsaldean NAIZi.

«Oso balantze ona egiten dugu, herria beteta dago, eta giroa oso ona da, lasai dabil jendea, disfrutatzen, ekimen guztietan parte hartzen», esan dute. 750 boluntario ibili dira igandean bertan, aurretik gehiago. Datu adierazgarri bat: «Zaintzan dabilen jendea aspertzen ari da, ez daukalako lanik, giro sanoa dagoelako».

«Ez da jausiko zubixe»

«Eskutik hartu eta ez da jausiko zubixe ⁄ Geu ga eusten daben herrixe!», dio Turrun Hotsa Aiora Renteria eta Eñaut Elorrietak abesten duten kanta indartsuaren errepikak. Zubi Zahar Ikastolakoek azaldu dutenez, ederki biltzen du beren izaera eta mezua. Duela 50 urte baino gehiago jaio ziren, euskara eta euskal kultura ardatz, lurraldetasunaren ikuspegiarekin, auzolanean. Eta horri eusten diote.

Hodeitsu esnatu da, baina euri mehatxurik gabe. Festaren hasiera ekitaldia egin dute jolastokian, eta jende pila etorri da. Ikastolako lehendakaria mintzatu da, Eider Galarraga. Zunbeltz Bedialauneta alkatea eta Josune Bañales Ibilaldiko lehendakaria ere bai, eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Foru Aldundiko kidea eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua. Umeek koreografia dantzatu dute ilusio handiz.

Mezua

Aurtengoa hirugarren IbilaldiXE da Ondarroan. Oraingo honetan, ‘XE’ da leloa. Hitz egiteko modu bat ezezik herri bat ere irudikatu nahi dute. Euskara berea duen herri bat. Eta lelo horri zentzua ematen dion abesti aberatsa dute, Leire Bilbao ikasle ohi eta idazleak idatzitako letrarekin.

Mezuan nabarmendu dutenez, ikastolak hasiera-hasieratik aldarrikatu du Euskal Herri osorako hezkuntza sistema euskalduna, gainontzekoak ahaztu gabe. «Gure ikastola bizirik egoteak Iparraldeko eta Nafarroako haurrek euskaraz ikasteko aukera edukitzea ahalbidetzen du. Horrela, guztion elkartasunarekin, alde batetik, ikastola berriak sortuz doaz, eta, bestetik, sortuta daudenak sostengatzen dira. Zoritxarrez, gaur egunean ere leku batzuetan ez da posible euskaraz ikastea, eta guk gure haurrak euskaratik eta euskaraz hazi eta hezi nahi ditugu, Ondarroan zein Itsasun, Altsasun zein Alozen, Oreretan zein Etxarri-Aranatzen, Donapaulen zein Oionen».

Getxori lekukoa

San Nikolas Ikastolari eman diote 2024ko Ibilaldiaren lekukoa. «Zubiak eraikitzeko zutabeak behar dira eta eredu izan zarete guretzat», adierazi dute Getxokoek. Testiguarekin batera, lehenengo Ibilaldiko irudia eman diete San Nikolaseko lagunei, egurrezko mapa bat, lurraldetasunaren, transmisioaren, bideen eta loturen sinbolo.

Ondarroako Zubi Zahar Ikastolak eskerrak eman dizkie jai erraldoi hau posible egin duten guztiei, eta egun ederra pasatzea opaz zabaldu du ibilbidea. Urte osoan hainbat taldetan banatuta antolatu dituzte ekimen guztiak: azpiegitura, ibilbidea, arropa salmenta, kultur egitaraua (ahal dela bertako taldeekin eta publiko guztientzat). Buru-belarri aritu dira Ibilaldiaren aurreko kultur ekintzak prestatzen ere. Festa bizitzeko unea izan da igandea.

Ibilbideak bost kilometrokoa izan da, lau gunetan banatuta, Zubixe (Zubi Zahar herri ikastola), Mazixe (Anexoa), Herrixe (Zeledonio) eta Talaxe (Itsasaurre). Norbere gustuaren arabera gunerik gune ibiltzeko aukera eman du. Gainera, batetik besterako bidean, ibaia lagun, oso leku ikusgarriak daude.

Hasieratik bilatu dute –eta hein handi batean lortu da– guneak ez oso sektorialak izatea, alegia, ez izatea bakarrik umeena, gazteena edo nagusiena. Gune guztietan denentzako moduko edukiak tartekatzen ahalegindu dira. Bestalde, ekimenak antolatzean ikastolako ikasle nagusien proposamenak jaso dituzte, eta haiei protagonismoa eman erabakietan, ahal izan den neurrian.

26 ekimen gozagarri

Emaitza ederra izan da: 26 ekimen daude gozagarri, horietatik 18 guneetan eta 8 ibiltariak.

Ikuskizunaz eta jaiaz gain, aldarrikapenerako tartea ere izan dute, lurraldetasunaren ikuspegiarekin, ‘Azterketak euskaraz’ lemapean euskarak Ipar Euskal Herrian duen egoera ikusgarri egiteko protesta horren adibide.

Horrez gain, gaztetxoen inplikazioa lortzeko, erronka antolatu dute, taldean egiteko 19 jolas-jarduerarekin.