INFO

Alarma piztu da Nafarroako zazpi eskalada gunetan

DENAk eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioak gogor salatu dute Ingurumen sailak desekipatu nahi dituen zazpi alderdiren inguruan hartutako erabakia. Momentuz, eragile horiek helegitea jarri dute.


Azken urteotan, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailak eskaladaren inguruan hartu dituen erabakiek zalaparta piztu dute eskalatzaileen artean. Kolektibo horrek batez ere neurri horiek aldebakarrekoak izan direla behin eta berriz salatu dute. Hots, eskalatzaileen iritziak eta proposamenak saihestu dituela.

Antza denez, ‘mamu’ hori berriro agertu da. DENAk (Dibertsitatea eta Eskalada Nafarroan) eta Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioak, hainbat eskalatzailerekin eta ekipatzailerekin batera, haserrea eta etsipena azaldu dituzte sail horrek argitaratu berri duen erabaki ofizialaren aurrean.

Ebazpen horrek oraindik ez ditu erabateko zehaztasunak ematen, baina aurreratzen du Nafarroako zazpi eskalada gune desekipatuko dituela. Zeintzuk ote diren? Bada, oraindik ez du horren berri eman. Eta horma guzti horietatik zergatik kendu nahi dituen txapa guztiak? Bada, hori ere ez du argitu.

Susmo sendo horiek, bederen, aipatu ditugun eragile horiek sutan jarri ditu. Hedabideen aurrean azaldu ondoren, lehenik eta behin honako salaketa azaldu nahi izan dute: «Egoera kezkagarri baten aurrean gaude, besteak beste, Ingurumen Sailaren beste gehiegikeria baten aurrean gaudelako. Administrazioaren kudeaketa horrek gure herrialdeko eskaladari eraso egiten dio. Eta kontuan hartu behar dugu kirol jarduera hori ondare historikoa, kulturala, ekonomikoa eta turistikoa direla. Ebazpen hori lehen urratsa baino besterik ez da; izan ere, neurri murritzaileak eta zigorrak ekarriko ditu».

Hori guztia aipatu ondoren, eskaladaren inguruan jarduten duten eragile horiek Ingurumen Sailaren aurrean etsipena azaldu dute: «Beti kezkatu gaituena da administrazioak izan duen jarrera. Erabaki unilateralak hartzen ditu, eta horrek haserretzen gaitu. Hamar urte daramatzagu haiekin ‘elkarlanean’. Eta beti porlanezko murru baten aurka jo gara. Elkarlanerako interes gutxi azaldu du. Azken kasu honetan egoera bera bizi izan dugu. Gurekin harremanetan jarri ordez, ebazpen bat kaleratu dute. Elkarrizketa eta akordioa saihestu ditu».

Alegazioak

Ingurumen sailaren ebazpena joan den 8an argitaratu zen, eta orain hogei eguneko epea zabaldu da alegazioak egiteko. Hain zuzen ere, aipatu ditugun eragile horiek aurkeztuko dituztenak: «Zazpi eskalada gune horietan dauden txapak eta sokak kendu nahi dituzte. Eta horri helegitea jarriko diogu. Gure kirol jarduera hau eta natur guneen arteko oreka defendatzen dugu. Horregatik borrokan jarraituko dugu, eta administrazioarekiko auzi-prozesua hasi dugu. Bide batez, Ingurumen Sailari zera eskatzen diogu: kaltetutako eragile guziekin hitz egin dezala. Azken ebazpen horrek arautu hitza ez du aipatzen. Ez, argi eta garbi dio horma horiek desekipatuko dituela».

Ingurumen sailaren ebazpena joan den 8an argitaratu zen, eta orain hogei eguneko epea zabaldu da alegazioak egiteko

Bide batez, eragile horiek hedabideoi gogorarazi nahi izan digute Nafarroan eskaladaren praktika soilik harkaitz eremu oso txikian egiten dela; gutxi gorabehera, %6 eta %9 artean okupatzen du: «Beste gune zabal horietan eskalada debekatuta dago, eta ia kasu guztietan arrazoiak ez ditugu ezagutzen. Ingurumen sailak aldebakarreko erabakiak hartzen ditu, eta hori egiten Europan herrialde bakarra da».

Azkenik, prozesu judizial hori aurrera eramateko adierazi dute abokatu bat kontratatu dutela. Helegiteen kostua 2.500 euro baino gehiagokoa izan daiteke. Horregatik, DENAk kanpaina bat hasi du: «20 euroko kuota bat indarrean jarri dugu; borondatea ere ez dugu baztertzen. Hortaz gain, hainbat lan talde antolatzen ari gara. Lagundu nahi duenak gurekin harremanetan jar daiteke. Mendizale federazioak baieztatu du laguntza ekonomikoa emango duela».