INFO

Ikastolen Elkartea eta Eusko Ikaskuntzaren proiektu bat sarituko ditu Elkarrek

Pasa den mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan euskararen eta euskalduntzearen alde egindako lan eskergagatik jasoko du Ikastolen Elkarteak Ibilbideari Elkar saria. Proiektu zehatz bat ere sarituko da, Eusko Ikaskuntzaren ‘Kultur Politiken Azterketa’ garatzeko bideratuko dena.

Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria, ikasturte hasierako ekitaldian. (Aritz Loiola | FOKU)

Iragan mendeko 60 eta 70eko hamarkadetaraino doa aurtengo Ibilbideari Elkar saria. Zehatzago esanda, Ikastolen Elkarteak urte hauetan guztietan euskararen eta euskalduntzearen alde egindako lan eskerga sarituko da.

Izan ere, frankismo garaian euskal hezkuntza baten alde hautua egin zuten hainbat herritarren sostengutik sortu ziren ikastolak eta, Elkarrek berak ohar bidez adierazi duenez, gaur egun proiektu nazionala da, Euskal Herriko zazpi lurraldeetara zabaltzen dena.

Ikastolek hezkuntza euskalduntzeko egindako ekarpenaren parte da eskolarako materiala sortzeko egindako lana, eta horretan aipatzekoa da 70eko hamarkadatik aurrera Ikastolen Elkartearen eta elkar Taldearen artean izandako harremana, non erakunde bakoitzak bere jakintza eta baliabideak jarrita, euskal curriculuma erreferente duen ikasmateriala eskaini dioten hezkuntza komunitate osoari, Euskal Herrian eta euskaraz sortutako materiala.

Bide luzea eta ekarpen handia Euskal Herria euskalduntzeko bidean Ikastolen Elkarteak egin duena. Horregatik, bada, erabaki du elkar Fundazioak 2023ko Ibilbideari elkar Saria ematea Ikastolen Elkarteari.

Proiektuari saria

Ibilbideari Elkar sariak urteetan egindako lana errekonozitzea du xede eta, bestetik, proiektu zehatz bati eskainitako saria ere ematen du Fundazioak. Aurtengoan, Eusko Ikaskuntzaren ‘Kultur Politiken Azterketa’ proiektua garatzeko bideratuko da. «Proiektu hori Eusko Ikaskuntza 2021etatik lantzen dabilen ‘Eskubide Kulturalak: Parte-hartze eta Gobernantzarako politikak’ lan –eta iker– lerroaren baitan txertatzen da».

Elkarren arabera, «kultura txikietan –gutxitua izan ala ez–, garatzen ari diren kultur politikak aztertu eta ezagutzea da proiektu horren bidez lortu nahi dena. Zein dira kultura txikietan garatzen ari diren kultur politikak? Nola ari dira aurre egiten gure inguruko beste kulturak globalizazio eta digitalizazio garaiotan lekua egiteko eta bakoitzak bere herrian zentraltasuna izateko? Herri eta kultura horietan garatzen ari diren kultur politikak ezagutzea da helburua, hemengo eskarmentua eta errealitatea kontuan hartuta, lagungarri izango delakoan, Euskal Herrian eragile guztien artean adostutako kultur politika garatzen joateko».

Sari banaketa

Sari banaketa datorren ostegunean izango da, maiatzaren 25ean, Elkarrek Adunan duen egoitzan, arratsaldeko 19.00etan. Eta, nola ez, hil berri den Joan Mari Irigoien omenduz gauzatuko da.