INFO

Politika feministetarako inbertsio gehiago eskatu ditu EH Bilduk «itxurakeria morearen aurrean»

EH Bilduk Barakaldon egindako agerraldi batean, politika feministen beharra, eta politika horiek garatzeko baliabide eta inbertsioak eskatu ditu. Hauteskunde kanpainan «itxurakeria morea» nagusitzen ari dela iritzita Emakumeen Etxeen alde lan egiteko dei egin du.

EH Bilduko hautagai feministek Barakaldon egindako agerraldia (EH Bildu)

Astelehen goizean Barakaldon agerraldia egin du EH Bilduk aldarrikatzen dituen neurri feministen berri emateko. EH Bilduren Bilboko eta Barakaldoko alkatetzetarako hautagaiak, Maria del Rio eta Maria Solar, eta Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak hartu dute hitza politika publiko feminista gehiago, inbertsio gehiago eta espazio gehiago exijitzeko.

Mugimendu Feminista «subjektu politiko gisa» aintzatetsi dute, eta harekin elkarrizketarako eta elkarlanerako espazio komunak sortzen jarraitzeko konpromisoan berretsi dira. Ekitaldiaren hasieran EH Bilduko ordezkariek Lourdes del Hoyoren hilketa gogoratu eta salatu dute.

Barakaldoko Udal Gobernuari baliabide gehiago eta inplikazio handiagoa eskatu dio Solarrek indarkeria matxistaren aurkako borrokan: «Udalaren erantzuna kaotikoa eta deskoordinatua izan da, salaketak gora doaz, kontzientziazioa ere bai, baina baliabideek bere horretan jarraitzen dute». Hori dela eta eskatu ditu «politika publiko feminista gehiago, teknikari gehiago, inbertsio gehiago, plangintza gehiago, eta itxurakeria more gutxiago». Itxurakeria zeri deitzen dion ere azaldu du: «Propagandak, emakumerik gabeko emakumeen etxeak, alde bakarrez sortutako Udal Kontseiluak, hiriko sarreretan puntu moreak dituzten bizpahiru seinalek edo zaintza kamerek, ez dute bermatuko berdintasunerantz inolako aurrerapausorik».

Emakumeen Etxeak

Del Riok adierazi du EH Bildu agintean dagoen udalerrietan, «emakumeek eskubideak irabazten» dituztela, eta lau adibide jarri ditu: Arrigorriaga, Orereta, Hernani eta Galdakao. Lauretan bide desberdinak, baina «helburu bakarra» dutela azaldu du: «Herri mugimenduekin batera, emakume talde eta talde feministekin batera jarri dira martxan maite dugun herrian emakumeek merezi duten espazioa izatea».

Emakumeen etxeei egin die erreferentzia, eta horien garrantzia goraipatzeaz gain, Bilboko EAJ kritikatu du: «Euskal Herriko atzerakoiena da berdintasunaren arloan. Horrela bakarrik azaldu daiteke Donostiak, Gasteizek edo Iruñeak espazio horiek izatea eta Bilbon, EAJk eta PSEk, behin eta berriz uko egitea emakumeen parte-hartzearen urratsak egiteari».

Bere aldetik, Oihana Etxebarrietak adierazi duenez, «inoizko kanpaina feminizatuena omen da hau, baina guk feminizatua baino, feministena izatea nahi dugu, egungo errealitateak eskatzen duen tamainako aldaketak, feminista izan behar duelako ezinbestean».

EH Bilduren bi helburu nagusi azpimarratu ditu Etxebarrietak: batetik, indarkeria matxistarik gabeko Euskal Herria eraikitzeko politiko publiko integralak martxan jartzea, eta bestetik, zaintza sistema publiko komunitarioa herritar guztion mesedera jartzea.

Neurri zehatzak Del Riok azaldu ditu: «Eraso matxistei erantzuteko inplikatuta egon behar duten erakunde, eragileen (osasuna, polizia, gizarte-zerbitzuak, berdintasun-teknikariak), indar politikoen eta mugimendu feministaren arteko lan-eremu partekatuak; jardun-protokoloak, bai biktimak babesteko, bai gizarte-erantzunekoak; biktimak artatzeko erreferentziazko zentroak eta Benetako Emakumeen Etxea».