INFO

Bera eta Lesakako Udalek eskerrak eman dizkiete uholdeen ondotik auzolanean aritu diren guziei

Larunbat goizaldean uholdeak izan ziren Bera, Lesaka eta Aranon. Kalte pertsonalik ez zen izan eta hori da garrantzitsuena, baina hondamen materiala handia da. Euriteak zerbait onik ekarri badu, herritarren inplikazio itzela izan da. Udalek esker ona adierazi diete auzolanean aritu diren guziei.

Berako Oinatz zapatadenda izan da kalte handiak jasan dituen komertzioetako bat. Honelako mezuekin zabaldu zituen ateak astelehenean bertan. (Maider IANTZI GOIENETXE)

Euri erauntsiek triskantza eragin zuen larunbat goizaldean Nafarroa iparraldeko herri batzuetan, Bera, Lesaka eta Aranon, eta herritarrek beren onena eman zuten segidan karrikara atera eta behar zenean lagunduz. Udalek esker ona eman diote auzolanean eredugarri aritu zen orori.

Berako Udalak gutuna plazaratu du. Bertan, Berako eta Lesakako suhiltzaile boluntarioei, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko langileei, traktoreekin lagundu zuten baserritarrei, herritar guziei ematen dizkie eskerrak. «Adin guzietako lagunak atera zineten beharra ikusi orduko, katiuskak eta palak hartuta. Goizaldeko ordu ttikietatik ekinean aritu zineten elkarrekin, eskuz esku karrikak txukuntzen eta hondamen handia jasan duten komertzioei eta ostatuei laguntzen», dio eskutitzak.

«Komunitate baten kide sentitzeko aukera»

«Ez zenuten pentsatu ere kasik, barrenetik atera zitzaizuen babesa emate hori. Eta horren parte izatea ederra izan da. Ingurura begiratu eta dena zen txikizioa, baina auzolanaren irudia hunkigarria zen. Hondamen honek zerbait ona ere ekarri du: herri eta komunitate baten kide sentitzeko aukera eman digu inoiz baino gehiago. Beratar izateaz harro sentitu gara. Eta bidea elkar zaintzea dela ikusi dugu».

 

Goizaldeko ordu ttikietatik ekinean aritu ziren beratarrak, elkarrekin, eskuz esku karrikak garbitzen eta hondamen handia jasan zuten komertzioei laguntzen. (Maider IANTZI GOIENETXE)



Beralandetan jarri zuen Udalak informazio puntua, bertatik koordinatu zuen laguntza guztia larunbat goizean goizetik gauera arte. Jende aunitz agertu zen, aunitzek kafea eta jatekoa eskaini zuten.

«Euri uholdeari elkartasun uholde batek segitu dio, eta horretan jarraitu behar dugu, herrian bertan kontsumituz», egin du deia.

«Klima aldatzen ari da eta uholde eta sute arriskua gero eta handiagoa dela dirudi. Azkenaldian bietatik izan dugu Beran. Prest egon beharko dugu, eta ahalegina egin horien eragina ahalik eta ttikiena izan dadin, adibidez mendi, ibai eta errekak garbi mantenduz».

Une zailetan, herri bat

Euri zaparradek kalte nabarmenak sortu zituzten Lesakako Bittiria karrikan ere. Lur jauzi bat izan zen zenbait etxeren gaineko aldean eta horren ondorioz, ura sartu zen hainbat etxebizitzatan. Dena konpontzeko auzolanean aritu dira asteburuan herritarrak, eta eskerrak eman dizkie Lesakako Udalak. «Momentu zailetan ere herri bat garela erakutsi dugu», nabarmendu du.

«Momentu txarrenetan gure alderik hoberena ateratzen dugula erakutsi dugu berriz ere. Legegintzaldia ez da erraza izan: pandemia bat, 2021eko abenduko uholdeak, suteak, asteburu honetan gertatutakoa... Baina garbi erraten ahal dut HARRO sentitzen naizela gure herriak horrelakoetan erakusten duen indarraz», txiokatu du Ladis Satrustegi alkateak.

«Eskerrak eman nahi nizkieke asteburu honetan auzolanean aritu diren herritarrei, baita suhiltzaile bolondresei ere. Segi dezagun herri honen etorkizuna auzolanean lantzen!», gonbidatu du.