INFO

Urola zaborretatik babesteko saretak jarriko ditu bere kabuz Eguzkik Azkoitian

Eguzki talde ekologistak Azkoitiko Urolan ibaia zaborretatik babesteko saretak jarriko ditu bere kabuz, «Udalak bere erantzukizunari uko egiten diola ikusita».

Eguzkik Azkoitian ipinitako saretak. (EGUZKI)

Eguzkik 129 metro sareta bere kabuz jarriko du Azkoitian, Urola egoera «tamalgarrian» dagoela salatzeko eta horren aurrean «Udalak ez duela ezer ere egiten». Honekin saihestu nahi dute plastiko eta zikinkeria ibaira jaistea eta itsasoan bukatzea.

Datorren hilean, jakinarazi dute, beteko dira bost urte Azkoitiko Udalarekin lehen harremana izan zutenetik, Urola ibaian eta inguruko erreketan egiten diren zuzeneko zein zeharkako zabor isurien aurkako neurriak hartzeko eskatzeko.

Eskaeretako bat izan zen Urola ertzeko barandak aprobetxatzea eta beheko partean saretak ipintzea. «Barandek gu geu ibaira erortzetik babesten gaituzten bezala, saretek ibaia bera plastiko eta beste zikinkerietatik babeste dute. Itsasoa plastikoz eta mikroplastikoz beteta daude, eta, behin baino gehiagotan esan dugun bezala, ibaiak eta errekak horiek guztiak hara iristeko autopista azkarrak dira. Saretek arazo hori leuntzeko modu xume baina aldi berean eraginkorra izan daitezke», azaldu du Eguzkik.

Taldeko azken eskaerari emandako erantzunean, Udalak ohartarazi zuen «saretak euri-ura ibaira joatea eragozten du, lokatza, putzuak edo goroldioa sortuz». «Gauzak garbi: zulatutako txapa batek ezin du uraren oztopo izan; zenbait puntutan bada, ondo kokatuta ez dagoelako da, ez besterik. Beraz, sareta ez da arazo bat, konponbide bat baizik, nahiz-eta Udala konponbideei arazoak bilatzen saiatu», erantzun du orain Eguzkik.

Hau guztia gutxi balitz, Udalak eman dien erantzunean dio ez dituztela eskatutako sareta guztiak jarriko, «uste baitute leku guztiek ez dutela hondakinak pilatzeko arriskurik».

Horregatik, Eguzkik jakinarazi du saretak bere kabuz jarriko dituela Azkoitian, Altzibar auzotik Juin kaleraino, guztira 129 metro. «Inork ez dizkigu saretak oparituko eta ez dugu inolako laguntzarik jasoko, baina saretak geure kabuz ipinita salatu nahi dugu Urola egoera tamalgarrian dagoela eta horren aurrean Udalak ez duela ezer ere egiten. Goizean jaikitzea eta gure eskuekin aldaketaren protagonista izan garela jakiteak asebetetzen gaitu, eta hori da diruz ordaindu ezin den gauza horietako bat», esan du talde ekologistak.