INFO
Elkarrizketa
Maddalen Iriarte
EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusia

«Kudeatzaile onak zaintzaileak egoera prekarioan izango lituzke? Ez dut uste»

Zazpigarren urtea du politikan eta paraleloan egin ditu mugimenduak, koalizio abertzalearen lehen lerrotik lehen lerrora: Gasteizko Legebiltzarraren bozeramailetza utzi du orain, eskua Gipuzkoako makilari luzatzeko. Eta gertu duela iragarri dute inkestek.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Gasteizko Legebiltzarretik Gipuzkoako Batzar Nagusietara egingo duzu salto, beste leku batetik helduko diozu politikari. Aldatuko bada, zertan aldatuko da zure egiteko modua?

Erantzun beharko diet, halabeharrez, Gipuzkoak dituen erronkei. Baina, sarri, Gipuzkoak dituen erronkak herri honek dituen erronken pare daude. Beraz, pentsatzen dut nire egiteko modua mantenduko dudala orain arte bezala, hau da, lana eginez, ilusio handiz eta, batez ere, herritarrek dituzten beharrei erantzuteko politika eginez. Momentu ezegonkorrak bizi ditugu, eta zaurgarritasuna zabaldu da, pertsona guztiek dituztelako zailtasunak erosketak egitera joaten direnean, edo kredituak ordaintzeko, edo Osakidetzara deitzen dutenean. Ez da sekula gertatu hainbeste pertsonek beraien etorkizuna erabakitzeko helduleku ziurrik ez izatea. Zentzu honetan, azpimarra berezi bat egingo nuke gazteengan, zeintzuei esan genien prestatzeko, ikasteko, aukerak izango zituztela. Eta gaur egun Gipuzkoako gazteen artean langabezia %15,9koa da, Europako batez bestekoa baino altuagoa; emantzipatzeko zailtasun handiak dituzte, 6tik 1ek bakarrik pentsatzen du emantzipatu daitekeela, ezin dituztelako beraien bizitza proiektuak eraiki. Horregatik, nire asmoa politikara ekarri ninduen hori bera izango da: politika publikoetatik jendeari ziurtasunak ematea.

Gipuzkoan, EAJ eta EH Bilduren arteko lehia estua aurreikusten dute inkestek, bata zein besteari emaitza hobeak iragarriz. Zure ustez, zeri erantzuten dio «berdinketa tekniko» horrek?

Gipuzkoarrek, oro har, bere burua ezkertiartzat eta abertzaletzat daukate, eta EH Bilduk ondo ordezkatzen du hori. EH Bilduk, gainera, dauden erronka horien aurrean soluzioak eskaintzen dizkie. Uste dut jendeak oso ondo ulertu duela EH Bilduk Gipuzkoako udalen erdiak gobernatzen dituela eta aurrera urrats handiak eman ditugula horietan, jendeak argi ikusten du hauteskundez hauteskunde EH Bildu gorantz doan indar politiko bat dela.

Gipuzkoan gobernatu nahi bada, bakarrik ezin da. Bakarrik dago EH Bildu?

EH Bildu akordioetara iritsi da hainbat udaletan, bai Elkarrekin Podemosekin, baita PSErekin ere. Akordioak egin ditugu Eusko Jaurlaritzarekin. Egin ditugu akordioak EAJrekin, hor daude Estatus Berriaren Oinarri eta Printzipioen akordioa edo Hezkuntza akordioa. Egin ditugu akordioak Nafarroako Gobernuan eta baita Madrilen ere. Hau da gure politika egiteko modua eta horrela jarraituko dugu, kontu bat oso argi izanda: edukiak izango dira akordioak egiteko lehenetsiko duguna, jendearen bizitza hobetzeko bidea emango duten akordioak bultzatuko ditugu.

«Jendeak oso ondo ulertu du EH Bilduk Gipuzkoako udalen erdiak gobernatzen dituela eta aurrera urrats handiak eman ditugula horietan, jendeak argi ikusten du hauteskundez hauteskunde EH Bildu gorantz doan indar politiko bat dela»

Ahaldun nagusi izatera iritsiko bazina, zeri helduko zenioke lehentasunez?

Etorkizuna prestatzeko antizipazio begirada bat behar dugu, ez garelako fin ibili kontu askotan. Adibidez, krisi klimatikoa bazetorrela, bagenekien. Baina orain tokatuko zaigu trantsizio bat martxan egitea. Demografia piramideari zer ari zitzaion gertatzen bagenekien aspaldi eta orain tokatuko zaigu beste eraldaketa bat egitea. Beraz, etorkizuna prestatu behar dugu, antizipazioz aritu. Badaude eraldaketa behar duten arlo batzuk, horietako bat da zaintzarena; beste bat, industria. Hau guztia lortzeko gutako bakoitzak egin behar duen ekarpenak orekatua izan behar du, gehien duenak ekarpen handiagoa egin dezan.

Nola baloratuko zenuke Aldundiaren azken legegintzaldia?

Uste dut galdera berriak ditugula mahai gainean, eta horiei ezin zaiela erantzun duela 50 urte politika egiteko zeuden moldeekin. Erantzun berriak behar ditugu, eta erantzun berririk ez da izan.

Gorka RUBIO/FOKU
Gorka RUBIO/FOKU

2013ko erreforma fiskalari EAJk, PSE-EEk eta PPk ezarritako aldaketekin, nahiz Urkulluk martxan jarritako bi deflaktazioekin kritiko agertu zineten. Orain, Eider Mendoza (EAJ) eta Jose Ignacio Asensio (PSE) badirudi prest daudela fiskalitatea progresiboagoa bilakatzeko. Aurrekariak kontuan hartuta, zer espero daiteke gobernukideen aldetik?

Nik sei urte pasatu ditut Legebiltzarrean, eta aurrekontuak negoziatu ditugunetan, behin eta berriro esan dugu premiazkoa dela gai honen inguruko azterketa integral bat egitea, dagokien eragile guztiekin, eta esan digute ez zela posible. Aldiz, posible izan zen PPrekin berrikuntza bat egitea. PPk ikuspegi fiskaletik zer aldarrikatzen duen oso argi dago, eta iruditzen zait urruti dagoela ‘justu eta progresibo’ horretatik. 2019. urterako fiskalitatearen inguruan ebaluazio bat egitea hitzartu zen, baina oraindik ez da egin. Uste dut badela garaia ebaluazio hori egiteko eta etorkizunari begiratzeko.

«Edukiak izango dira akordioak egiteko lehenetsiko duguna, jendearen bizitza hobetzeko bidea emango duten akordioak bultzatuko ditugu»

Trantsizio energetikoa gauzatzeko urgentzia begien bistakoa da. Baina nola? Statkraft-en Piaspe bezalako proiektuak bultzatuko zenituzke?

Ataka larri batean gaude, isuriak gutxitu behar ditugu halabeharrez eta argi dagoena da Gipuzkoa energetikoki oso mendekoa dela. Gai honen inguruan ere Euskal Herri osorako plan estrategikoa egin du EH Bilduk eta argi ikusten dugu berriztagarrien alde egin behar dugula eta eredua aldatu behar dugula. Ereduak demokratikoa izan behar du eta jendearentzat mesedegarria. Ez da enpresa bat edo bestea, baizik eredu horri ondoen erantzungo diona. Gaur egun arte oligopolioek jarri dituzte prezioak, egunez egun aldatu eta goratu direnak, eta ez da posible eredu hori errepikatzea.

Etxebizitzaren arazoa bereziki larria da Gipuzkoan. Nola esku hartuko zenuke merkatu honetan?

2015. urtean Eusko Legebiltzarrak lege bat onartu zuen, zeinetan onartzen den etxebizitza eskubide subjektibo bat dela, beraz, herritar orok du etxebizitza bat izateko eskubidea. Hala ere, errealitateak erakusten digu Donostian etxebizitzen prezioa Gipuzkoako gainontzeko herrietako batez bestekoaren bikoitza dela, eta hainbat herritarrek hiria utzi behar dutela bertan ezin direlako bizi. Gainera, batzuek esaten dute kapritxo bat dela Donostian bizitzea. Ez hori bakarrik, Donostiak duen influentzia ere kontuan izan behar dugu, inguruko herrietan ere eragiten baitu, etxebizitzen salmenta prezioetan nahiz alokairuen kostuan. Horregatik adostu dugu Madrilen Etxebizitzaren Legea. Ez du dena konponduko, baina bide emango digu neurriak hartzeko, batez ere babes ofizialeko etxebizitzen kopurua igotzeko, legeak ezartzen duen bezala, etxebizitzen %40tik gora babes ofizialekoak izan daitezen. Bestalde, saiatuko gara alokairuen prezioa mugatzen eta orekatzen.

«Zaintzak eraldatu, duindu, politizatu eta demokratizatu behar dira eta nik, zentzu horretan, hitza ematen dut zaintza publiko komunitarioaren aldeko apustua egingo dudala, doakotasunerako bidea marraztuz»

EAJk kudeatzaile ekonomiko onaren domina erakusten du paparrean; EH Bilduk, berriz, gizarte gaiena. Honek iruditeria orokortu bati erantzuten dio, edo badu egiatik?

Kudeatzaile onak ez luke Osakidetza dagoen bezala edukiko. Kudeatzaile onak ez luke AHTaren hainbeste urtetako atzerapena eragingo, ezta horretan hainbeste diru gehigarri xahutuko ere. Kudeatzaile onak proposamen zehatzak izango lituzke aurrez aurre ditugun erronkei erantzunak emateko. Zaintzaren arloan, adibidez. Zeinek jarri ditu mahai gainean zaintza eraldatzeko, duintzeko eta demokratizatzeko proposamen berriak? EH Bilduk: Usurbildik abiatuta, lidergoak konpartituz, sektorearekin lanean eta jendearekin eztabaidan. Gipuzkoako gainerako herrientzat ere oso egokia den eredu bat eraiki dugu Usurbilen, jendea bizi dadin bere ekosisteman, bizi dadin betiko lagunengandik gertu, betiko dendetatik gertu; jendea zaindua sentitu dadin. Kudeatzaile onak zaintzaileak egoera prekarioan izango lituzke? Ez dut uste.

Zaintza aipatu duzu eta hori izango da datozen legegintzaldietan landu beharko den erronka handienetako bat. Egiturazko aldaketak eskatzen dabiltza zaintzan inplikatutako agenteak, baita mugimendu feminista ere. Prest egongo zinateke filosofia aldaketa horretan saiatzeko?

Zaintzak eraldatu, duindu, politizatu eta demokratizatu behar dira eta nik, zentzu horretan, hitza ematen dut zaintza publiko komunitarioaren aldeko apustua egingo dudala, doakotasunerako bidea marraztuz. Zeren zaintza ezin da emakumeen bizkar egon, ezin da emakume migratuen bizkar egon. Era duinean ordaindu behar da eta ezin dira utzi familien esku, hauek ahal dutena egin dezaten. Ez, politika publikoetatik erantzun behar da. Horrek eraldaketa sakon bat eskatuko du, baita Aldundia eta udaletxeak antolatzen diren moduan ere. Herritarrei egin behar duten bidea erraztu behar diegu, ez dadin izan ginkana bat, jakin behar dute zaintza behar badute publikotik erantzungo zaiela, leku honetara, leihatila honetara, etorri behar dutela. Korapilo handiak askatu beharko ditugu eta inbertsio handiak egin. Baina, zer da politika, ezpada herritarrak zaintzea?