INFO

Osakidetzako biltegietako langileak zentralizazio eta pribatizazioaren aurka mobilizatu dira

ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, Gurutzetako, Basurtuko eta Galdakaoko ospitaleetako biltegietako langileek elkarretaratzeak egin dituzte Osakidetzako biltegien «zentralizazio plana» salatzeko. Proiektua «berehala» gelditzeko eskatu diote Osakidetzari.

Gurutzetako ospitalean egindako elkarretaratzea. (@ELAOsakidetza)

Gurutzetako, Basurtuko eta Galdakaoko ospitaleetako langileek elkarretaratzea egin dute astelehen honetan, maiatzaren 15ean egin bezala, «iragarritako zentralizazioaren atzean dagoen desegitea eta pribatizazioa» salatzeko.

Mobilizazio berri horiek maiatzaren 15ean egindakoei batu zaizkie, maiatzaren 18an eta 19an egin berri diren grebekin «masiboki» bat egin ondoren, «Osakidetzaren planekiko ezinegona eta aurrez aurreko oposizioa» adierazteko.

«Zalantzarik gabe, pribatizatzeko planteamendu baten aurrean gaude, eta, kasu honetan, erabateko opakutasunez egin nahi da, maniobra berri horren atzean dagoen benetako errealitatea ezkutatuz, hau da, gaur egun dauden biltegiak ixtea eta kudeaketa logistika enpresa bati azpikontratatzea», ohartarazi dute deialdia egin duten sindikatuek.

Ohartarazi dutenez, «zentralizazio horren atzean ezkutuko pribatizazioa besterik ez dago». «Osakidetzaren benetako helburua gaur egun zerbitzu erakundeetan dituen biltegiak ixtea da, baliabide eta langile propioekin kudeatuta, etorkizuneko plataforma logistikoan zentralizatzeko. Plataforma horren kudeaketa kanpoko enpresa bati azpikontratatuko zaio eta, beraz, pribatizatu egingo da», gaineratu dute.

Gainera, «zerbitzuen azpikontratazioak, diru publikoaren kontura enpresa pribatuak aberasteaz gain, enplegu publikoa suntsitzea eta aldi baterako langileak kaleratzea» dakarrela salatu dute.

Sindikatuek Osakidetzari eskatu diote proiektu hori «berehala» geldiarazteko, sindikatuei «horri buruzko informazio guztia» eskaintzeko eta zerbitzu guztien titulartasuna eta kudeaketa %100 publikoa izatea bermatzeko.