INFO

Arkautin suhiltzaileen azterketak gazteleraz egitera behartzen dutela salatu du ELAk

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Arkautiko akademiak hautaketa prozesuak gaztelaniaz egitera behartzen du, ez baitu azterketa euskaraz egiteko prozedura homologaturik. Arartekoak euskaldunen hizkuntza eskubideak urratu direla ebatzi du eta ELAk demanda jarri du.

Suhiltzaileen protesta LEP bateratuaren aurka, Bilbon. (Marisol RAMÍREZ | FOKU)

2022ko Araba eta Gipuzkoako suhiltzaile oposiziorako hautagai batzuek azterketa psikoteknikoa ezin izan zutela euskaraz egin salatu du ELA sindikatuak. Dioenez, Arkautiko azterlariek ez zieten aukerarik eman hala eskatu zuten arren.

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, hautagaietako batek posta elektronikoz idatzi zuen azterketaren atal teorikoa gazteleraz eta psikoteknikoa euskaraz egiteko aukerarik egongo ote zen galdetzeko. Baiezko erantzuna eman zion epaimahai kalifikatzaileak baina azterketa egunean ez zioten aukera hori eman, ariketa batzuk gaztelania hutsean besterik ez zeudelako.

Pertsona horrek erreklamazioak egin ditu, hori izan baitzen eman zioten irtenbide bakarra, baina atzera bota dizkiotela dio ELAk.

«Ikasketa prozesu luzea eta gero, hautaketa froga bat gaztelaniaz egin behar izateak hautagaiei zailtasun gehigarri bat suposatzen die eta, gainera, azterketa psikoteknikoa bere ama-hizkuntzan egitea debekatu zieten azterketa hori euskaraz egiteko prozedura homologaturik ez dutelako», diote sindikatutik.

Egoeraren aurrean, salaketa juridikoaz gain, hautagaiek Arartekoari kexa helarazi zioten eta honek arrazoia eman die: beste hainbat urraketarekin batera, suhiltzaileen oposizio bateratuan hizkuntza eskubideak ere zanpatuak izan ziren.

Hizkuntza eskubideen «urraketa larria» delako, ELAk Arkautiko Akademiari exijitzen dio azterketako atal hori baliogabetu eta kalifikazioa moldatuz edo froga psikoteknikoa eskatutako hizkuntzan errepikatzea euskaraz egitea eskatu zuten hautagai guztiei.