Intxaurrondon eta Loiolan lehen aldiz irabazi du EH Bilduk, eta Parte Zaharrean ere gailendu da
Emaitza orokorretan bezala, Donostiako datuak auzoka aztertzen badira EH Bilduren gorakada ikusten da, lehen aldiz Intxaurrondo eta Loiolan irabazi duelarik. Parte Zaharrean ere nagusi izan da. EAJk irabazi dituen auzoetan botuak galdu ditu. Ekialdean gorakada nabarmena izan du EH Bilduk.
Bederatzi auzotan nagusitu zen EH Bildu Donostako udal hauteskundeetan: Añorga, Intxaurrondo, Morlans, Zubieta, Egia, Igeldo, Loiola-Txominenea, Martutene eta Parte Zaharra. Aurreko hauteskundeekin alderatuta, Intxaurrondo eta Loiola-Txominenea sartzen dira zerrenda honetan. Parte Zaharra ere bai, bertan berriro nagusi izan baita. Duela lau urteko bozetan EAJ izan zen nagusi bertan, gentrifikazioa gehien pairatzen duen auzoan. 2019an 1.116 boto lortu zituen EAJk eta 1.009 EH Bilduk. Lau urte geroago, EH Bilduk gora egin du 1.102 botoetaraino. EAJk, berriz, atzera egin du, 726 botorekin gelditu delarik.
Hiri osoan beherakada izan badu ere, EAJk zortzi auzotan nagusi izatea lortu du. Hauek dira: Aiete-Miramon, Amara, Antigua, Erdialdea, Ibaeta, Loiolako Erribera, Amara Berri eta Gros. Auzoz auzo begiratzen bada, orokorrean, EAJren beherakada nabarmentzen da, EH Bilduren gorakadarekin batera.
Grosen, adibidez, 4.476 boto lortu zituen EAJk duela lau urte eta igandean 3.149 baino ez. EH Bilduk, berriz, gora egin du, duela lau urteko 2.521 botoetatik 2.938ra pasata.
Antiguan, ordea, gora egitea lortu du EAJk. Duela lau urteko 3.360 botoetatik 3.606 eskuratzera pasa da. Hala ere, EH Bilduk gorakada nabarmenagoa izan du auzo honetan. Duela lau urte 1.800 boto jaso zituen eta igandean, berriz, 3.024.
Auzorik aberatsenean: EAJ, PP, PSE eta EH Bildu
Estatistiken arabera Donostiako auzorik aberatsanean, Aiete-Miramonen, EAJk ere behera egin du baina nagusitasuna mantentzen du. Duela lau urte 1.992 boto izan zituen eta igandean, 1.649. Auzo honetan, bigarren postua PPrentzat izan da, duela lau urte bezala. Borja Corominasen zerrendak gora egin du, 788 botoetatik 1.051era. PSE izan da hirugarren, 750etik 790era pasaz. Laugarren lekua izan zuen EH Bilduk auzo honetan duela lau urte (614), baita igandean ere (790).
PSE, berriz, bi auzotan nagusitu da: Altzan eta Bidebietan. Altzan behera egin du PSEk, 2.803 bototik 2.587ra. Duela lau urte EAJ izan zen bigarrena Altzan. Igandean, berriz, EH Bilduk lortu zuen bigarren postu hori 1.907 botorekin (1.702 izan zituen duela lau urte). EAJk 2.545 izan zituen duela lau urte eta beherakada nabarmena izan zuen igandean, 1.889 baino ez baitzituen lortu.
Bidebietan EAJ izan zen nagusi duela lau urte 1.045 botorekin. Igandean, berriz, 695 jaso zituen. hirugarren postura jaitsita. Gauzak horrela, aurrekoetan bigarren izan zen PSE (810) nagusitu da aurten, beherakada jasan badu ere (711). Bien artean EH Bildu kokatu da 709 botorekin, duela lau urte zituenak hobetuz (648).
Orokorrean, hiriko errenta txikiena duen Ekidaldeko barrutian PSE nagusitu da Altza eta Bidebietan, EH Bildu gertu duelarik. Intxaurrondon EH Bildu gailendu da.