INFO

Osakidetzaren errezeta elektronikorako sistema erorita egon da 24 ordu baino gehiago

24 orduz arazoak eman ditu Osakidetzako errezeta elektronikoaren sistemak. Faramazietako lana mantsotu du eta ilarak sortu ditu, baina pazienteek beren botikak jaso ahal izan dituzte horrelako egoeretarako diseinatutako kontingentzia-mekanismo bati esker.

Farmazietan izan du eragin handiena errezeta elektronikoen arazoak, farmazia bat artxiboko irudi batean (Juan Carlos Ruiz | FOKU)

Osakidetzako errezeta elektronikoaren sistemak «arazo puntualak eta ausazkoak» ditu astelehen goizetik, oraindik ez da zehaztu horien jatorria, baina horrek ez du eragotzi pazienteek beren medikuak agindutako sendagaiak farmazietan jaso izana. Astelehen goizean utzi zion funtzionatzeari, eta gaur arratsaldean berreskuratu du funtzionamendua, ohi baino motelago badoa ere.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko iturriek Efe agentziari azaldu diotenez, medikuak normaltasunez erabili dezake sistema, eta arazoak farmazietan sortzen dira pazientearen txartel elektronikoa irakurtzen saiatzean, eta horrek prozesua moteltzean eragina izan du farmazietan.

Nolanahi ere, farmaziek horrelako egoeretarako diseinatutako kontingentzia-mekanismo bat dute, sendagaia sistema elektronikora jo gabe ematea ahalbidetzen duena. Eta hora esker Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmaziek 70.000 errezeta baino gehiago eman dituzte asteartean zehar, beste edozein egunetan bezala, Olatz Garamendi sailburuak ohar batean adierazi duenez.

Farmazietan ilarak eta lan bikoitza

Errezeta elektronikoaren izandako akatsen eragozpenik handienak farmazialariek izan dituzte. Izan ere, sendagaiak emateko kontingentziazko-mekanismo bat badute ere, bestelako gauza batzuetarako ezinbestekoa zaie errezeta elektronikoaren sistema. Establezimendu bakoitzaren hileko fakturazioa ixteko (bihar 31 da) eta negozio horien barne-burokraziako beste alderdi batzuetarako esate baterako. Beraiei eragiten dien aldaketagatik kexu dira farmazialariak.

Pazienteen kasuan, arazo nagusia gehiago itxaron beharra izan da, izan ere, ilarak sortu dira farmazietan ezin izan dutelako ohiko bidea erabili. Baina, botikengatik gehienezko koordainketaren bat izanez gero ere arazoak suertatu dira. Izan ere, kontingentzia webguneak kasu hauetan ez du aukerarik ematen erabiltzailea hilabete horretan medikamentuengatik ordaindu beharreko zifrara iritsi den ikusteko. Egoera horretan dauden pertsonei, beste egun batean itzuli ezin badira, kobratu egiten zaie, eta gero Osakidetzari aldea erreklamatzeko esan zaie.

Lakuako Gobernuak, Euskal Herriko Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseiluak eta telefonia-enpresek arazoaren jatorria bilatzen jarraitzen dute arazoa konpontzeko.Hala ere, Osasun sailak jakinarazi du ez dela Osakidetzaren arazoa izan, eta baieztatu du ez dela sistema osoa erori «arazo puntualak» eman dituela baizik.