INFO

Hik Hasik 30 ikastaro prestatu ditu uda honetarako, eta izen ematea zabalik dago jada

Hik Hasik Udako Topaketa Pedagogikoak aurkeztu ditu Donostian. Aurtengo berrikuntza da ikastaroez gain mintegi ireki bat ere egingo dutela, ikerketari leku emango diona. Izen ematea ekainak 15era arte dago zabalik.

Hik Hasiko udako ikastaroak uztailaren 3tik 5era ospatuko dira aurten. (Maialen Andres | FOKU)

30 ikastaro eta mintegi bat antolatu ditu Hik Hasik uda honetarako, eta horien berri eman dute gaur Donostian antolatzaileek.

Beñat Amenabar EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoak azaldu bezala, ekimen hau Hik Hasi eta EHUren arteko elkarlanaren fruitua da, eta elkarlan hori, gainera, pauso bat haratago doa aurten ikerketa bat bultzatuko baitute, mintegi ireki batekin hasiko dena.

Esti Amenabarro irakasle eta ikerlariak gidatuko du mintegia, Nere Amenabarrekin batera. Hala, Amenabarrok azaldu du horren funtsa zein den: «Hik Hasi eta EHU DBHko irakasleen arteko harremanei eta haien izaera pedagogikoari buruzko ikerketa bat egiten ari gara. Irakasleen arteko harremanek arlo pedagogikoan duten eragina aztertzea da helburua eta, ondotik, harremanak eta jarduera pedagogikoa hobetzeko proposamenak egitea. Bigarren Hezkuntzako irakasleek eguneroko jarduna burutzeko unean harremanen gainean dituzten kezkak, dilemak, zailtasunak, pozak eta ametsak jaso nahi izan dira ikerketan. Irakasleen artean sortzen diren harremanak ezagutzea da erronka; harremanek eskolako gainerako prozesuak antolatzen dituzte eta, aldi berean, eskolako klima ezagutzen lagundu. Irakasleen ongizatea eta zaintza erdigunean jartzea ezinbestekoa da», argitu du.

Ohi bezala, ikastaroak irakasleei zein gurasoei zuzendutako gaiak bilduko dituzte, eta puntako tekniken berri arituko dira. Ainhoa Azpirotz Hik Hasiko kideak adierazi du hamar ikastaro gurasoei propio zuzendutakoak izango direla, zeintzuk Lehen Hezkuntzan egiten diren eraldaketa pedagokikoan sakontzeko tresnak eskantzen dituen.

«Ikastetxe asko jauzi pedagogikoa egiten ari diren honetan eraldaketan lagunduko duten punta-puntako hainbat ikastaro eskainiko ditugu. Horien artean nabarmentzekoa da Neurohezkuntzari buruzkoa», argitu du Azpirotzek.

David Castrillo, Neurohezkuntzan aditua eta Iruñeko Mendigoiti ikastetxeko ikasketa buruak ‘Neurohezkuntza: nola ikasten du garunak?’ izeneko ikastaroa eskainiko du. Neurozientziak, eta hau pedagogiara aplikatuta, neurohezkuntzak erakusten digu garunak (haurrak, pertsonak) nola ikasten duen.

Azken urteetan jaiotako diziplina berri bat dugu neurohezkuntza. Ez da metodo bat, hezkuntzarekiko begirada berri bat baizik, pedagogia eta psikologiako jakintzei garunaren funtzionamenduari buruzkoak batzen dizkiona. Diziplinarteko ikuspegia du beraz, eta helburu nagusia zientzian oinarritutako kultura bat sortzea da, erabaki bat hartzeko garaian ikerketetan eta ebidentzia enpirikoetan oinarrituz.

Azpirotzek adierazi duenez, punta-puntako gaiei buruzko ikastaro gehiago ere izango dira, Iera Arrieta irakasleak ikasleen motibazioa eta interesa pizteko emango duen Escape room digitalak eta fisikoak sortzen izenekoa adibidez.

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekan aipamen berezia jaso zuen ikastaroa, ‘Hausnarketa lantzen elkarrizketa kooperatiboaren bidez’ izenekoa, Imanol Alvarez eta Garikoitz Moyak eskainiko dute.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzaz gain, etapa guztietarako ikastaroak izango dira topaketetan, «baita beraz Haur Hezkuntzarako ere, besteak beste: ‘Haurtzaroan bidelagun Montessori ikuspegitik’, ‘Haudnarketa lantzen elkarrizketa kooperatiboaren bidez’ edota ‘Neurosiaren prebentzioa bizitzaren hasieran’», argitu du Azpirotzek.

Udako Topaketa Pedagokikoak uztailaren 3an, 4an eta 5ean izango dira Donostiako EHUren HEFA fakultatean. Urtero Euskal Herri osoko 400 hezitzaile inguru biltzen ditu, eta aurten ere zifra beretsua lortzea eskero dute.

Izen ematea euren webgunearen bidez egin daiteke, ekainaren 15era arte.

«Ikasturte gogorra izan da aurtengoa, gainezka egiteko modukoa eta denok gaude deskantsua hartzeko gogoz. Topaketek uztaileko lehen egunetan elkartzeko, saretzeko eta arnasa hartzeko aukera emango dute, beste urteetan bezala; gorputzaldia aldatu eta oporretara beste aldarte eta indar batekin joateko», esan du Ainhoa Azpirotzek jendea parte hartzera animatzeko asmoz.