Illarraren azken dantza Anoetan: lagunartean txaranga osatu eta Realaren ereserkia jotzen
Asier Illarramendiren azken dantza Anoetan ez da izan berdegunean, baizik eta estadioaren barnealdean, tronpeta eskuan eta lagunez inguratuta, Realaren ereserkia jo duen unean, hain zuzen ere. Mutrikuarrak omenaldi hunkigarria jaso du elastiko txuri-urdinarekin jokatu duen azken partidaren ostean.
Asier Illarramendi mutrikuarrak bere azken partida jokatu du Realarekin. 20 urteko ibilbidea osatu du Zubietan eta agur esateko unea iritsi zela iragarri zuen duela egun batzuk, malkoei ezin eutsita. Igande honetan ere hunkitu egin da, Sevillaren aurkako azken partida amaitu bezain laster jaso duen omenaldian.
Bere azken dantza, baina, iristear zegoen. Zaleei eta taldekideei esker hitzak eskaini ostean –«oso maitatua sentitu» dela onartu zuen–, gertukoenen babesa jaso du Illarramendik: familia eta lagunena, alegia. Lagun asko hurbildu dira Anoetara –“Gure txapelduna, eskerrik asko” mezuarekin apaindutako zapia soinean zutela–, bere koadrillakoaren azken paseak gertutik ikusi eta Realean garatu duen ibilbidea goraipatzeko, abentura berri bati ekin aurretik.
Hala, txaranga doinuekin, Illarrak tronpeta eskuan eta txapela buruan, lagunek ere musika-tresna bana zutela, Realaren ereserkia jo dute, inguruan zeuden adiskideen gozamenerako.
Gaurko gaua luzea izango da Mutrikun 😎#WeareReal | #AurreraReala pic.twitter.com/MBBtOjXoET
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) June 4, 2023
«Gaurko gaua luzea izango da Mutrikun», adierazi du Realak sare sozialen bitartez. Gau luzea edo ez, argi geratu da Asier Illarramendi preziatua izan dela klub donostiarrean eta garrantzitsuagoa dena, lagun eta herrikideen miresmen osoa ere baduela.
Erdilari mutrikuarrak oraindik ez du argitu non jarraituko duen futbolari ibilbidea baina bere agur prentsaurrekoan argi adierazi zuen oraindik ere jokatzen jarraitu nahi duela.