Marta Hermida antolatzailearen «energia» eta «nortasuna», Kutxabank Araskirentzat
Pasa den denboraldian Leganesekin maila galdu arren, 14 puntu, 5 errebote eta 4 asistentzia lortu zituen batez beste Marta Hermidak. Ostean, Estatu frantseseko Landerneau taldearekin aritu da eta, Gasteizera etorri aurretik, Australiako Ringwood Hawks taldearekin jokatzen ari da uda honetan.
Kutxabank Araskik Marta Hermida antolatzaile madrildarra fitxatu du 2023/24 denboraldiari begira. Talde gasteiztarrak orain arte lotu duen bosgarren jokalaria Melisa Gretter, Txell Alarcon, Natalie Van den Adel eta Agostina Buranirekin batera.
Hermidak maiatzaren 20an bete berri ditu 26 urte eta 1,73 metro neurtzen ditu. Antolatzaile zein eskolta postuan jokatzeko gaitasuna du; ez da badaezpadako kontua, Madelen Urietak oso gogoko baitu bi antolatzaileak kantxan batera uztartzea, pasa den denboraldian Flor Chagas eta Maria Asurmendirekin gertatu den moduan, edo aurreko urteetan Maria Asurmendi eta Izaskun Garcia Urlezagarekin egin duen antzera.
Pasa den denboraldian Leganes taldean jokatu du Hermidak eta talde madrildarrak maila galdu badu ere, zenbaki oso interesgarriak pilatu ditu jokatu dituen 26 neurketetan: 14,1 puntu –biko eta hiruko jaurtiketak aintzat hartuta %34a asmatuta; %81 jaurtiketa libreetan–, 4,9 errebote, 3,7 asistentzia, 1,8 baloi lapurreta eta 3,7 galdutako baloi batez beste. Kutxabank Araskik jokalari honengandik «energia» eta «nortasuna» espero ditu, batez ere.
Marta Hermidaren kirol ibilbidea Madrilen hasi zen, Majadahonda eta Torrelodonesen jokatu zuen, egun desagertuta dagoen Rivas Ecopolisera jauzia eman aurretik. Rivasekin, madrildarrak debuta egin zuen Ligan eta Euroligan, baina ostean AEBtara joan zen, Idaho estatuko Boise State unibertsitatera.
Unibertsitate honetan, madrildarrak mugarri bat ezarri zuen neurketa batean, Broncos taldearekin, historiako aurreneko «bikoitz hirukoitza» lortu baitzuen: 22 puntu, 11 errebote eta 10 asistentziarekin. Ibilbide arrakastatsua Boise Staten, eta bere azken denboraldian Koferentzia titulua ere lortu zuen.
Unibertsitateko ibilbidea amaituta, Kutxabank Araskiko jokalari berriak Kanaria Handian denboraldi bat eta erdi egin zituen eta horren ondoren, Leganesen eman ditu azken bi denboraldiak.
Amaitu berri den sasoiko azken txanpan, Leganesek matematikoki maila galdu eta gero, Marta Hermidak Landerneau talde frantziarrean jokatu du eta talde honek maila gorenean jarraitzeko helburua bete dezan bere ekarpena egin du. Azkenik, Gasteizera etorri aurretik, iaz bezala, antolatzaile madrildarrak Australian dihardu uneotan, Ringwood Hawks taldearekin liga txapelketa lortu nahian.
«Marta energia handiko jokalaria da, eta antolatzaile eta eskolta posizioetan, bietan jokatu dezake. Saskibaloia ulertzeko duen moduagatik eta ‘talde’ hitzak Araskiren filosofian duen esanahiagatik, ziur nago oso une onak oparituko dizkigula», iritzi dio Made Urietak, Kutxabank Araskiko entrenatzaileak.