INFO

«Zuhurtzia eta ilusio handiz» aurre egingo dio Lyndie Tchapchetek Bera Berako erronkari

Lyndie Tchaptchet pibote gazteak Bera Berarekin fitxatu du datozen bi urterako. Astearte honetan iritsi da Ammma zentroak Donostian duen egoitzara, azterketa medikua eta aurkezpen ekitaldi ofiziala egiteko. Beti Onakekin aurten egin du debuta elitean eta «gogotsu» ekingo dio erronka berri honi.

Lyndie Tchaptchet, Ammma zentroan, aurkezpen ekitaldian. (NAIZ)

«Lyndie Tchaptchet, 18 urteko pibotea, oraina eta etorkizun handiko jokalaria, ez soilik Estatu mailan bai eta nazioartean ere», hala deskribatu du Tati Garmendia Bera Berako eskubaloi ataleko arduradunak fitxaketa berria. Atarrabiarrak bi urterako sinatu du egungo Kopa eta Superkopako irabazlearekin eta «gogotsu» dago erronka berri hau hasteko.

Denboraldia amaitu aurretik jaso zuen Imanol Alvarezen deia eta «ezustean» harrapatu zuen pibote gaztea. Aurten egin du debuta gorengo mailan, Beti Onak taldearekin. Bera Berako jauzia egitera zerk eraman duen galdetuta, nafarrak azpimarratu du «arriskatzen ez duenak, ez duela irabazten», eta beraz, horregatik onartu duela erronka handi hau.

Garmendiak azaldu du, gaztea izanagatik ere «prest» dagoela goi-mailan lehiatzeko –erakutsi du azken denboraldian Beti Onakekin, «momentu klabeetan garrantzitsu izaten eta minutu asko jokatzen– bai eta «Imanol Alvarezen taldean pieza garrantzitsua» izateko ere. «Fisikoki oso indartsua den jokalaria da (1,85 metroko luzera du)», adierazi du donostiarrak eta jokalariak berak ere ezaugarri hori nabarmendu du, «agerikoa da».

Erasoan, 6 metroetan, zein defentsan (hiruko lerroan) ongi moldatzen den jokalaria da eta Tchaptchetek zehaztu du «defendatzea asko gustatzen zait, gehien gustatzen zaidana da». Hobetzeko ezaugarrien artean, «mugikortasuna eta abiadura» aipatu ditu eta ziurtatu du Imanol Alvarezek zein bere talde teknikoak asko lagunduko diotela.

Ohorezko Mailan, Beti Onakekin debuta egin zuen partida ongi gogoratzen du atarrabiarrak: «Izugarria izan zen, gainera etxean, Teledeporteko partida batean... Oso ongi sentitu nintzen eta denboraldia ere ona izan da».

Hazkundea azkarra izaten ari da Tchaptchetentzat. Duela urtebete Atarrabiako taldearekin igoera lortu zuen, aurten mantentzea erdietsi dute –nahikoa sufrituta– eta hurrengo denboraldian talde txapeldun batean jokatuko du. «Denboraldi amaieran ez dut nahi izan asko pentsatu, Beti Onakekin zentratuta nengoen baina behin helburua lortu eta sasoia bukatu dela, errealitate kolpe bat izan da... Donostiara etorriko naiz bizitzera eta aldaketa guztiei gutxika-gutxika egin beharko diet aurre», azaldu du.

Bere ahizpa Lysa Tchapcheten bilakaera ere ziztu bizikoa ari da izaten. Asteburuan, bigarrenez, EHF Champions League txapelketa irabazi baitu Vipers talde norvegiarrarekin. 21 urte besterik ez ditu eta sekulako balentriak dago pilatzen. Modu honetan, bere ahizpa da Lyndieren «aholkulari onena». Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzailea Espainiako selekziotik ezagutzen du Lysak eta «berarekin ondo egongo naizela esan dit».

«Gure ama ezin sinetsita dabil. Eskubaloi zale sutsua da eta oso pozik dago. Lasaitasunez hartzeko esaten dit, ahizpak esaten didan berdina», dio Lyndie Tchaptchetek.

Ammmaren egoitzan –ongizate, nutrizio eta entrenamendura zentro integralean– egin du Bera Berak fitxaketa berri honen aurkezpena. Bide batez, lehendabiziko azterketa medikua ere pasa du atarrabiarrak, bere taldekide izango diren Esther Arrojeria eta Elke Karsten lan-saioa burutzen zeuden bitartean.

Tchaptcheten fitxaketaz gain, Carmen Arroyo lehen lerroko gaztea ere fitxatu du Bera Berak. Honek ere bi urterako sinatu du eta hurrengo denboraldirako taldea osatutzat ematen du klubak.