‘Nik Patrika’ aplikazioaren bidez, gazte txartela era digitalean erabiltzeko aukera egongo da
EAEko gazteek aukera izango dute Gazte Txartela mugikorrean digitalki izateko ‘Nik Patrika’ aplikazioaren bitartez. Lakuako Gobernuak sortu du aplikazioa eta etorkizunean beste txartela batzuk gordetzeko aukera egongo dela jakinarazi du.
EAEko gazteek aukera izango dute hemendik aurrera Gazte Txartela mugikorrean eskura izateko eta orain arte zuten txartel fisikoa ordezkatzeko. ‘Nik Patrika’ aplikazioan gorde ahalko dute txartela eta eskaintzen dituen deskontu eta abantailez baliatu. Gaur egun, 14 eta 30 urte bitarteko 300.000 pertsona baino gehiagok dute Gazte Txartela.
Aplikazioaren sorreraz arduratu da EAEko Gobernuko Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila eta eraldaketa digitalaren arloko proiektua da. Gainera, ‘Nik Patrika’ aplikazioak diru zorro digital bat izateko helburua duenez, etorkizun batean beste txartel batzuk bertan izateko aukera egongo da; horien artean, Osasun Identifikazioko Txartel Digitala, irakasle funtzionarioen txartela eta euskal liburutegien sare publikokoa.
Txartel digitalak txartel fisikoekin alderatuz berrikuntza handiak ditu; adibidez, txartel digitalek ez dute denborarekin arazoak emango, plastikozkoak ez bezala. Horretaz gain txartel digitalak iraungitze kontrol automatikoa ahalbidetuko du; hau da, iraungitzean eskatu gabe automatikoki berrituko da.
Segurtasunari dagokionez, aplikazioak hainbat tresna ditu erabiltzaileen datuak babesteko. Gainera, bakoitzaren nortasunarekin lotuta dagoenez, ezinezkoa da informazio faltsutua erabiltzea. Erabiltzailea aplikazioan sartzen den aldi bakoitzean kodea eta hatz marka edo aurpegi errekonozimenduko tresnaren bitartez egiaztatuko du bera dela. Modu horretan, nahiz eta mugikorra galdu, ezinezkoa izango da bertan sartzea.
Gazte Txartela digitalki izateak erraztu egingo du gazteek hauen onurez baliatzea. Txartelak abantaila ugari eskaintzen dizkie gazteei; besteak beste, deskontuak EAEko zenbait denda, museo, ikastaro edo jaialdietan. Horretaz gain, espainiar Estatuan eta Europan ere beherapenak dituzte. Nazioarteko Aterpekide Gaztearen Txartela ere barne hartzen du, munduko ostatuetan geratzeko eta doako bidaia asegurua izatea ahalbidetzen duena.