INFO

Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Ondarroan, liga ortzi-mugan dutela

Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketen ostean, Euskadikoa jokatuko da igande honetan. Arraunlariak lehiatzen hasiak dira udako lehen txapelketa ofizialetan, eta orain arteko sentsazioez aritu dira Saez Donostiarrako arraunlaria, Alday Hondarribikoa, Escobal Kaikukoa eta Antepara Zierbenakoa.

Donostiarrako arraunlariak Gipuzkoako Txapelketako garaipena ospatzen, Oriokoak atzean dituztela, Zarautzen. (Jon URBE | FOKU)

Arraunlariek esan ohi dute liga hasi aurretik taldeek izan dezaketen maila ez dela benetakoa, eta nahastu dezakeela: dela arraunlarien txandakatzeengatik, dela gorputza oraindik ez dutelako ehuneko ehunean. Jaitsierak atzean utzita, udako lehen txapelketa ofizialetan lehiatzen ari dira. Kasualitatea edo kausalitatea izan, gizonezkoetan, iazko Gipuzkoako eta Bizkaiko txapeldunak gailendu dira berriro ere: Hondarribia eta Urdaibai. Emakumezkoetan, ordea, ez da horrelakorik gertatu; Donostiarrak eta Kaikuk irabazi baitute –iaz Oriok eta Ondarroak–.

Igande honetan jokatuko dute arraunlariek Euskadiko Txapelketa Ondarroan (12.00etan emakumezkoak eta 12.45ean gizonezkoak), liga hasteko hilabete baino gutxiago falta denean –uztailaren 1ean hasiko da–. Emakumezkoetan Donostiarra, Orio, Arraun Lagunak, Hondarribia, Kaiku, Deustu, Ondarroa eta Portugalete ariko dira bandera nork astinduko; eta gizonezkoetan Hondarribia, Donostiarra, Lapurdi, San Juan, Bermeo, Zierbena, Lekittarra eta Santurtzi. Iaz Urdaibai eta Arraun Lagunak gailendu ziren. Orain arte jokatutako txapelketa ofizialek, balioko dute, behintzat, ligarako neurgailu gisara, traineru bakoitzak zer aldarte duen ikusteko.

Saez (Donostiarra): «Argi dugu zein den gure xedea [...] Euskadiko Txapelketan lortzen ditugun emaitzak alde batera utzita»

Emakumezkoetan Donostiarra izan zen garaile Zarautzen. Oriok markatu zuen denborarik onena ziabogan, Donostiarra bost segundora zuela; baina bigarren luzean Donostiako taldeak aurrea hartu zion, eta helmugan bi segundo atera zizkion.

«Atzean ikusi ginenean lasaitasuna izan genuen eta ez genuen ziurtasunik eza sentitu; alderantziz, arraunean jarraitu genuen gure lana egiten. Eta bertan ikusi zen emaitza, Oriori aurrea hartzea lortu genuela eta bandera irabaztea», azaldu du Haizea Saez (Donostia, 1993) Donostiarrako arraunlariak.

Donostiako taldeak sentsazio onekin hasi du urtea, eta Gipuzkoakoa irabazi izanak, «lanean jarraitzeko gogoa areagotzen» die, eta «udararako prestatzeko motibazio gehiago eman».

Orio azpiratzeak badu esanahia, iaz Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabazi baitzituen. Hala ere, Donostiarrako arraunlariak azpimarratu du, behin baino gehiagotan, Euskadiko Txapelketari begira, «Orio baino aurkari gehiago daudela»: «Guk traineru guztiak ditugu kontuan, denak dira aurkariak eta denok nahi dugu irabazi. Bai Orio, bai Arraun Lagunak, maila handiago batean daude; baina denak hartu behar dira kontuan».

Gipuzkoakoa irabazita, motibazio iturri ederra izan daiteke Donostiarrako arraunlarientzat Euskadikoa ere irabaztea. «Bandera astintzea beti da motibazio gehigarri bat, baina guk argi dugu zein den gure helburua eta horretarako lanean jarraituko dugu, Euskadiko Txapelketan lortzen ditugun emaitzak alde batera utzita».

Begia Euskotren ligan jarria du Saezek, eta nabarmendu du aurten zortzi traineru egoteak «lehiakortasun handiagoa» ekarriko duela, «edozer gauza egiteak» eragingo baitu «behean edo goian egotea». Horren inguruan, adibide hau jarri du: «Gipuzkoako Txapelketan Hondarribia hirugarren geratu izanak ez du esan nahi hurrengoan Tolosaldea izango ez denik, edo beste traineruren bat».

Alday (Hondarribia): «Ez dugu ulertzen nola jarri diguten zigorra, palak gure kalean jo genituenean»

Gizonezkoetan ez zen ezustekorik izan, eta, iaz bezala, Hondarribiak irabazi zuen. Estropada «oso lehiatua» izan zen, Manex Alday (Hondarribia, 1990) Hondarribiko arraunlariaren hitzetan: «Zeuden baldintzek eskatzen zuten momentu oro estropada barruan sartuta joatea, eta gu hor tinko mantendu ginen. Kontent gaude lortutako emaitzarekin».

‘Ama Guadalupeko’ trainerua estropadako azkarrena izan arren, epaileen erabakiaren zain geratu ziren, nork irabazi zuen jakiteko. Izan ere, hirugarren eta azken ziaboga egin ostean, Donostiarra asko gerturatu zitzaion Hondarribiari, eta epaileak biei atera zien bandera aldentzeko. Palak jo zituzten eta Donostiarrak atzetik ere jo zion Hondarribiari. Aldayk «tentsio handiz» bizitu zuen barrutik gertatutakoa, eta uste du sortu den polemikak ez duela «ez hanka ez bururik».

«Guk argi eta garbi ikusi genuen epaileak bandera nora altxatu zuen lehendabizi, eta ikusi genuen Donostiarrari atera ziola, beraiek urruntzeko. Hortik aurrera, epaileak jakin behar du non dagoen, eta alde horretatik, epaileak ateratzen badio Donostiarrari bandera aldentzeko, eta gero guri ateratzen badigute, ulertzen duguna da muga horretan baldin bagaude ere, gu gure kalean ginela, eta hori argi eta garbi ikusi zen traineruaren ibilbidea aztertzerakoan. Ez dugu ulertzen nola jarri diguten zigorra, palak gure kalean jo genituenean. Kontua da epaileak uretan nahiko garbi utzi zuela hori, eta hortik aurrera sortu den polemikak ez du ez hanka ez bururik».

Hondarribiko arraunlariak arraunak goran dituztela, Gipuzkoako Txapelketan lortutako lehen postua ospatzen. (Jon URBE | FOKU)

Bestalde, deigarria izan zen Orio eta Getaria lehen txandatik kanpo geratzea. Horrek ezustean harrapatu ote zituen galdetuta, Aldayk adierazi du iazko urtea eta neguan izan diren estropadak kontuan izanda, «espero» zutela Orio eta Getaria haien «pare ibiltzea».

Baldintza meteorologikoek ere eragina izan zutela gaineratu du: «Egun konplikatuak izaten dira baldintza horietan jokatzen diren estropadak, eta beti gauzak ez dira ondo ateratzen. Pentsatzen dut gauzak ez zitzaizkiela atera nahi zuten bezala. Gainera, uste dut baldintzak okerrera egin zutela. Adibidez, lehen txandakoek haien aukera aprobetxatu zuten [Lapurdik], beraien lanak oso ondo eginda, Euskadiko Txapelketa jokatzeko».

Txapelketa horri begira, Hondarribiko arraunlariak adierazi du helburua dela haien «mailarik onena ematea, lanarekin gustura gelditzea eta, ahal bada, bandera irabaztea». Horrek lagunduko lieke, egiten ari diren «lanari jarraipena ematen eta ikusten bide onetik» doazela.

Eusko Label ligan begia jarrita, Aldayk dio helburua «beti» dela, «ahalik hoberen jarraitzea». 'Ama Guadalupeko' trainerua bigarren postuan geratu da zazpi urtez jarraian, 2015ean irabazi zuen azkenekoz. Hondarribiko arraunlariaren ustetan, «balioa» eman behar zaio bigarren postuari: «Ematen du edozein geratzen dela bigarren eta ez da horrela. Atzean lan handia dago, eta azken urteetan kontuan hartzen baditugu zenbat bandera irabazi diren, ez dakit egongo den talderik Hondarribia baino bandera gehiago astindu dituena, alde batera utzita liga irabazi duten ala ez».

Hori kontuan izanda, beraz, Aldayrentzat ez da «inolako porrota» izango bigarren geratzea. «Noski, gure helburua ez da bigarren geratzea, lehenak baizik. Baina udak jarriko du norbera bere tokian», gehitu du.

Escobal (Kaiku): «[Euskadikoan] Maila oso handia izango da; guk gure estropada egin behar dugu, ezin ditugu Gipuzkoakoak aurkaritzat hartu»

Lekeition ezustekoa eman zuen Kaikuk emakumezkoen estropada irabazita eta 28 segundoko aldea aterata Deustu bigarren sailkatuari. Sestaokoek Bilboko taldea jotzen zuten faboritotzat: «Iaz Deustuk ligan maila handia erakutsi zuen, eta haiek geneuzkan faboritotzat. Gure sorpresarako, alde handia atera diegu, bueno, oso handia, eta oso pozik gaude emandako mailarekin», aitortu du Ainhoa Escobal (Sestao, 2003) Kaikuko arraunlariak.

Bereziki, hasiera «oso ona» egin zutela nabarmendu du Escobalek; irteera «ikaragarria» eginda eta lehen luzean 17 segundoko aldea aterata Deusturi. «Oso ondo arraun egin genuen, estropada amaitu eta gero esan genuen: 'aizu, zelako estropada egin dugun!'», adierazi du arraunlariak.

Kaikuko arraunlariak Lekeition jokatu zen Bizkaiko Txapelketan. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Bizkaiko Txapelketan egindakoa helduleku hartuta egin nahi dute arraun Euskadikoan, jakinda Gipuzkoako traineruak koska bat gorago daudela. «Gipuzkoako ontzi guztiak Euskotren ligan daude. Maila oso handia izango da; guk gure estropada egin behar dugu, ezin ditugu Gipuzkoakoak aurkaritzat hartu. Helburua berriro ere Bizkaiko Txapeldunak izatea da; alegia, pasa den asteburuan irabazi genien traineruei berriro ere irabaztea. Gainerakoengandik, ahal den hurbilen geratzen saiatuko gara, baina ezin dugu haiekin konparatu».

Kaikuko trainerua ETE ligan lehiatuko da, eta aurten berriro ere osatu dute ontzia, 2020an taldea apurtuz geroztik. Horregatik, helburua ez da izango liga irabaztea, baizik eta «gozatzea»: «Askorentzako traineruko lehen urtea da. Momentuz, ikastearekin, nahikoa izango da. Estropadez gozatzea izango da garrantzitsuena, eta irabazten badugu baten bat, ba hobeto, baina xedea urteaz disfrutatzea izango da». Escobal da multzoko helduenetariko bat, 20 urte besterik ez duen arren.

Antepara (Zierbena): «Sentsazio gazi-gozoekin gaude [...] Meritua du Urdaibairen alboan egotea estropadarik zati handienean»

Gizonezkoetan, aurreikuspen guztiak bete ziren, eta Urbaibai izan zen hamalaugarrenez Bizkaiko txapeldun. Hori bai, ez zuen nagusitasunez irabazi, lehia estua izan baitzuen Bermeoko traineruak Zierbenarekin, helmuga bost segundo lehenago zeharkatuta. Urdax Antepara (Bilbo, 1996) Zierbenako arraunlariak estropadan izan zituen sentsazioez aritu da.

«Bagenekien estropada gogorra izango zela, irten ginen onena ematera eta espero genuen ondo aritzea, baina hor borrokan ikusita… Azkenean tiratzen zoazenean ez zara konturatzen non zauden», adierazi du Zierbenako arraunlariak.

‘Bou Bizkaia’ ontzitik gertu egotea seinale ona da, halabeharrez. Hala uste du Anteparak, baina gaineratu du ezin direla «guztiz pozik egon» bigarren eginda: «Sentsazio gazi-gozoekin gaude, baina argi dago Urdaibai izango dela, edo dela talderik indartsuena eta guztiok faboritotzat jotzen duguna. Orduan, uste dut meritua duela beraien alboan egotea estropadarik zati handienean edo behintzat zirikatzea».

Zierbena eta Urdaibai lehia betean, Bizkaiko Txapelketan, Lekeition. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Euskadiko Txapelketari begira, Zierbenako arraunlariak esan du «beste pausotxo bat» eman nahi dutela, eta «sentsazio berberak mantentzearekin gustura» egongo direla. Horrez gain, Anteparak adierazi du «ziurrenik» beste bi traineru «indartsu» gehituko zaizkiela txandara, Donostiarra eta Hondarribi: «Horiekin lehiatu beharko dugu. Ea gure burua non ikusten dugun. Itsasoak emango digu saria edo kendu, batek daki».

Eusko Label Ligaz ere mintzatu da Zierbenako arraunlaria. Iaz zazpigarren amaitu zuten eta aurten euren burua nola ikusten duten galdetuta, adierazi du «argi» dagoela neguko probetan eta Bizkaiko, Gipuzkoako zein Euskadiko Txapelketan dagoen maila, ez dela izango uztailaren 1ean A Coruñan emango duten bera, baina hori kontuan hartuta, uste du «pozik egoteko arrazoiak» badituztela.

«Uste dut iazko urte kaxkarrarekin aldaketa batzuk eman ostean zalantza ugari izan genitzakeela, baina momentuz pozik egoteko arrazoiak baditugu, eta espero dugu goiko taldetxo horretan borrokan ibiltzea. Ziurrenik espero ez dugun aurkariren bat agertuko da. Hala ere, anbizioz ikusten dugu lehen lau postu horietan sartzea, zaila dela jakitun garen arren», adierazi du Anteparak.