INFO

Abian da Bizkaiko Batzar Nagusiak eratzeko prozesua

Bizkaiko Batzar Nagusietako hautetsien herena akreditatu da dagoeneko eta, hala, Ana Otadui Batzorde Iraunkorreko presidenteak datorren legegintzaldiko eratze-bilkurarako deia egin du.

EAJko hautetsiak kredentzialak aurkezten. (EAJ)

Maiatzaren 28ko foru hauteskundeetan Bizkaian hautatutako EAJren 23 ordezkariek kredentzialak aurkeztu dituzte astelehen honetan Batzar Nagusietako erregistroan, eta, horrenbestez, Bizkaiko Legebiltzarra eratzeko prozesua abian jarri da, ahaldunen herena akreditatu baita dagoeneko. Ondoren PPko eta Elkarrekin Podemoseko hautetsiek burutu dute tramitea.

EAJk jakitera eman duenez, joan den maiatzaren 28an hautatuak izan ziren alderdiko ordezkariak astelehen honetan joan dira Ganberaren Bilboko egoitza administratiboaren erregistrora, euren kredentzialak aurkeztera eta XII. legegintzaldiko batzarkide gisa akreditatzera.

Elixabete Etxanobe, alderdi jeltzalearen ahaldun nagusigaia, izan da akreditazioa tramitatu duen jeltzaleen lehen ordezkaria eta Ana Otadui hurrengoa. Otadui Batzar Nagusietako presidentea da egun eta baita kargu horretarako hautagaia ere. Ondoren, talde jeltzaleko gainontzeko kide guztiek burutu dute akreditazioa lortzeko tramitea.

Hautetsien herenaren nahitaezko akreditazioa gainditu ondoren, Ana Otadui Batzorde Iraunkorreko presidenteak 2023-2027 legegintzaldiko eratze-bilkurarako deia egiteko ahalmena du orain. Nolanahi ere, deialdia egin eta zazpi eguneko epean egin dezake, betiere hauteskundeen egunetik hilabete igaro baino lehen.