INFO

Arabako ospitale psikiatrikoan murrizketak egingo dituztela salatu du LABek

Arabako ospitale psikiatrikoko arlo gerontopsikiatrikoan 43 ohe eta erizaintzako laguntzako hiru tekniko «desagertuko» direla salatu du du LABek. Murrizketa horiek «pribatizazio estrategiarekin baino ezin daitekeela lotu» iritzi du sindikatuak.

Osakidetzan egindako murrizketen aurkako aurreko mobilizazio bat. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

LAB sindikatuak jakin du Arabako ospitale psikiatrikoko arlo gerontopsikiatrikoan birmoldaketak egingo direla eta horrek lanpostuak desagertzea ekarriko duela. «Otsailaren 7an jakitera eman zen ospitale horretako 43 ohe desagertu zirela, hau da, edukieraren ia laurdena. Gainera, eremuetako bat, Errehabilitazio Intentsibokoa, desagertu egin da, eta langileek ere jasan dituzte murrizketak, erizaintzako laguntzaileen kategoria izan delarik kaltetuena», azaldu dute ohar baten bidez.

Horren harira, sindikatuak gogora ekarri du «arreta mentalaren beharra areagotzen ari dela etengabe» eta duela bi hilabete «zuzendaritzak berak aurkeztutako datuen arabera 35 urtetik beherakoetan arreta mentala %40 areagotu dela». Hori dela-eta, murrizketa horiek ezartzea «pribatizazio estrategiarekin baino ezin daitekeela lotu» baieztatu du LABek. «Horixe da osasun sailak osasun mentalerako duen eskaintza bakarra: murrizketak, desegitea eta pazienteak enpresa pribatuetara bideratzea».

Ekainaren 7an, Arabako osasun mentaleko sarearen zuzendaritzak jakinarazi zuen arlo bat birmoldatuko zela, kasu honetan gerontopsikiatriakoa, eta jarduera horren ondoren, erizaintza laguntzako hiru tekniko desagertuko direla jakinarazi du LABek.

«Bestalde, autokontzertazioari bide emango zaiola jakinarazi zuten. Horrek esan nahi du psikiatriako profesionalek ohiko lanaldiaz harago lan egingo dutela. Osasun Mentaleko Sarea profesional gehiagoz hornitu beharrean, aparteko orduetan oinarritutako aldi baterako neurriak hartzen dituzte», salatu dute.

Unitate horretako paziente batzuentzat dagoeneko hasiak dira egoitza pribatuetara lekualdatzeko kudeaketak. «Itxura guztien arabera, ondo antolatutako estrategia da osasun arreta mentala desegiten eta pribatizatzen jarraitzeko», baieztatu du LABek.

«Osasun mentalaren ustezko modernizazio baten mesedetan, arreta hori pribatizatzen ari da, enpresa pribatuen eskuetan pazienteak erabateko babesgabetasunean utzi eta enplegu publikoa suntsitzearen bidez». Hori dela eta, LABek berriro ere animatu ditu «pazienteak, senideak nahiz langileak mobilizazioekin jarraitzera, EAJk eta PSEk bultzatutako osasun-politiken ardatz den pribatizazio grina geldiarazteko».