Renoko Unibertsitateak bertso eskolei buruzko ikerketa-liburu bat argitaratu du
Bertso eskolak hartu ditu ardatz Renoko Unibertsitateko ikerketa talde batek. Azken hamarkadako bertso eskolen bilakaera eta euskal jendartean izandako eragina aztertu dituzte. Hainbat bertsolarik parte hartu dute liburuaren idazketan.
‘Bertso eskolak. Basque Improvisational Poetry Schools’ izeneko liburua argitaratu berri du Renoko Unibertsitateak. Iñaki Arrieta, Larraitz Ariznabarreta eta Xabier Irujok koordinatu dute lana, eta bertso eskolen azken hamarkadetako ibilbidea du ikergai. Bertso eskolek nazioaren eta hizkuntzaren ikuspegitik egiten duten ekarpenaz gain, «instituzio sozial» gisa duen potentzialean sakondu nahi izan dute. Mugarritzat jo dute argitaratu berri den liburua, izan ere, Amerikako Estatu Batuetako unibertsitateak bertsolaritzaren inguruan argitaratzen duen bigarren lana da. Hainbat bertsolarik hartu dute liburuaren idazketan parte.
Nevadako Unibertsitatean ‘Center for Basque Studies’ erakundeak 2018az geroztik bertsolaritzaren alorra jorratu izan du. Lehen kongresuko gaia Euskal Herriko testuinguruaren baitan emakumeen ahotsa bertsolaritzan nola sartu ikertzea izan zen, eta ‘Female Improcisational Poetry’ liburua argitaratu zuten. Kasu honetan, bertso eskolei jarri nahi izan diete arreta. «Gaia ikuspegi akademiko eta kultural batetik jorratzen du liburuak, bertsolaritzaren fenomenoak euskal jendarteko garapen sozialean duen eragina aztertuta», adierazi dute koordinatzaileek.
Irujok azaldu du obraren helburua bertso eskolak gizartearen baitan ikertzea zela, eta ondorio nagusi gisa bertso eskolek jendartea «kulturalizatzeko» egiten duten lan sozial ikaragarria nabarmendu du. «Kontsumoko edozein gizarte garaikidetan ohikoak diren aisialdiko eta denbora libreko balioetan murgilduta bizi den jendarte honetan, faktore soziokultural paradigmatiko bat gehitu dio, oso berezia mundu mailan ere. Bertsolaritzak hurbildu ditu literatura eta, bere eskutik, eztabaida eta kritika soziala gazteen eta jendartearen sektore garrantzitsu batengana». Euskal Herriko Txapelketa nagusia jarri du adibidetzat, «korrontearen aurkako ikaragarrizko balioa da 15.000 pertsona hamar orduz literatur lehiaketa bati begira egotea, hizkuntza gutxitu batean, gainera».
Miren Artetxe bertsolaria eta liburuko kapitulu bateko egilea ere aurkezpenean izan da. Berak azaldu du euskararen eta euskal kulturaren biziberritzearen baitan sortu zirela bertso eskolak. Eta lau hitzekin definitzen ditu: «Esperimentazioa, sistematizazioa, hausnarketa eta dibulgazioa. Horretan ibiltzen gara bertso eskoletan, eta ikerketa honek ere badu hortik». Horrelako ekimenek bersolaritzari berari ematen dioten ikusgarritasuna nabarmendu du batetik, eta bestetik, «egiten ari garenaren kanpo begirada» eskertu du. Aldi berean, liburuak barne begiradak eta kanpo begiradak uztartzen dituela adierazi dute.
Zortzi kapitulu, zortzi gai
Sarreraren segidan, zortzi gai ezberdin lantzen dira, guztiak bertso eskolak ardatz hartuta, baina bakoitzak ertz zehatz bati eutsi dio. Oihana Iguaranek idatzi du lehen atala eta transmisioari lotutakoa da; bigarrena Jone Uriak, eskualde mailan antolatutako bertso eskolen esperientzia kontatzen du adibide zehatz batetik abiatuta, ALBEkoenetik. Miren Artetxe izan da hirugarren atala ondu duena, eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza praktikak eta bertso eskolen eragina aztertu ditu. Laugarrena Julio Sotok idatzi du, bere esperientzia pertsonaletik abiatu eta Nafarroako bertso eskolen egoera kontatu du. Maialen Lujanbiok ere bere esperientzia pertsonala hartu du oinarri bosgarren kapitulua idazteko, bertso eskolen ibilbide eta egunerokotasunaz.
Beñat Krolemek ‘Oholtza’ proiektuaren inguruan idatzi du eta Larraitz Ariznabarretak bertsogintzako instituzionalizazioak zer eman duen aztertu du. Ariznabarreta bertan zegoenez, aipatu du, bere kapituluan «bertso eskolak isla bat» direla defendatzen duela. Beraien baitan badirelako zer, baina Euskal Herriaren bilakaeraren baitan eragina izan dutelako bestelako instituzionalizazioetan. Amaitzeko, 2018ko kongresuaren harira, Maialen Lujanbiori eta Miren Artetxeri egindako elkarrizketak jasotzen ditu liburuak.
Ikerketaren garrantzia
Arrieta koordinatzailearen ustez, garrantzitsua da euskaraz egiten den bertsolaritza beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea. «Gure kulturak ekarpena egin diezaioke munduko beste inprobisatzaileei, esate baterako Cowboy poetry disziplinaren baitan», adierazi du. Horregatik, ingelesez egiten den akademia literarioari liburu honek ekarpena egiten diola adierazi du: «Bertsolaritzaren esperientziatik beste tradizio batzuk ere bultzatu daitezke».
«Pribilegio bat da gure kultura ingelesera ekartzea, eta hori ñabardurekin egitea», kontatu du Ariznabarretak; izan ere, momentuz ingelesez bakarrik dago liburua. Ikerketen «ñabardurak» txalotu ditu koordinatzaileak: «Ez gara turismo gidak egitera dedikatzen, ikerketara dedikatzen gara, eta orduan, barrutik erakutsi eta zabaltzen dugu gure kultura». Ariznabarretaren ustez, euskal publikoari interesatzeaz gain, komunitate zabalago bati ere interesatuko zaio liburua, «inprobisazioaren munduan ekarpena» egiten duelako.
Ikerketaren alorrean egiten dute lan Center for Basque Studies zentroan, eta aitortu dute, jadanik hirugarren kongresurako ikerketa gaia zein izango den pentsatzen hasiak direla.