INFO

Realak eta Osasunak uztailaren 21ean jokatuko dute Euskal Herriko Txapelaren finala

Gipuzkoarrek eta nafarrek Irungo Gal zelaian jokatuko dute neurketa. Ostiralean izango da, 20.45ean. Sarrerak aurrerago jarriko dituzte salgai. Iaz zuri-gorriek jantzi zuten txapela, Realari 1-0 mendean hartuta.

Oyarzabal eta Zubimendi Realeko jokalariak, eta David Garcia Osasunakoa irudian, sasoi honetan Anoetan jokatu zuten derbian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

VII. Euskal Herria Txapelaren finala uztailaren 21ean jokatuko dute Realak eta Osasunak, Irungo Gal zelaian (20.45ean). Jagoba Arrasateren eta Imanol Aguacilen taldeak dira sailkapeneko gorengo koskan daudenak, euskal taldeen artean Espainiako Ligan jokatu dituzten neurketak kontuan hartuta. Txuri-urdinek bederatzi puntu dituzte eta gorritxoek lau.

Athleticek ere, Osasunak bezala, lau puntu ditu, baina elkarren arteko partidetan gorritxoak dira nagusi, Sadarren irabazita (2-0) eta San Mamesen berdinduta (0-0). Beraz, nafarrek lortu dute finalerako txartela.

Imanol Aguacilen taldea izan da partida gehien irabazi dituena –lautik hiru–, alde handiz gainera. Gipuzkoarrek Anoetan jokatutako lehia guztiak irabazi dituzte, bai gorritxoei bai zuri-gorriei 2-0 mendean hartuta. Etxetik kanpo, Realak 0-2 irabazi zion Osasunari, baina Ernesto Valverderen taldearen aurka galdu egin zuen San Mamesen, 2-0.

Athleticek ditu txapel gehien

Euskal Herria Txapela 2016tik jokatzen da Espainiako Ligan dauden euskal taldeen arteko lehiak kontuan hartuta. Athleticek jantzi ditu txapel gehien, orotara bi dituzte: bata, 2018an lortutakoa, eta bestea iaz. Zuri-gorrien atzetik, txapel bana dute Eibarrek (2019), Realak (2020) eta Osasunak (2021).