INFO

Urtebete geldirik egon eta gero, Angie Bjorklund hegalekoa Lointek Gernika Bizkaiara itzuli da

Jokalari estatubatuarra 2021/22 denboraldian aritu zen bizkaitarrekin azkenekoz, baina pasa den denboraldia jokatu gabe pasa zuen bizkarreko minek jota. Hiruko jaurtitzaile fina, Estatu espainoleko hiritartasuna duelarik, Bjorklundek ez du atzerritar posturik beteko.

Urtebete kantxetatik at egon ostean, bizkarreko minek jota, Angie Bjorklund Gernikan da berriz ere. (Raul BOGAJO | FOKU)

Aurretik Laia Flores antolatzailea eta Maya Dodson pibota fitxatu ostean, hegaleko postua indartu du orain Lointek Gernika Bizkaiak 2023/24 denboraldiari begira. Aurrez Gernikan jokatzea zer den ondo dakien Angie Bjorklund, 33 urte –uztailean beteko ditu 34– eta 1,83 metroko hegalekoa itzuli baita.

2021/22 denboraldiaz geroztik jokatu gabe dago jokalari estatubatuarra. Bizkarreko arazoen erruz, 2022/23 denboraldian ezin izan du kantxarik zapaldu. Hala ere, antza denez arazo horiek gainditzea eta atzean lagatzea lortu du eta Bizkaia aldera itzuli da berriz ere, «sekula joan baldin bazen», talde bizkaitarreko prentsa oharrak dioen moduan. 2021/2022 sasoian, 11,8 puntu, 2,4 errebote eta 1,9 asistentzia lortu zituen bataz beste %43a asmatuz hiruko jautriketetan. Hain zuzen ere, urrutiko jaurtiketa izan da betidanik bere ezaugarririk esanguratsuena. Tennesseko Unibertsitatekoo errekorra ezarri zuen hirukoetan bere garaian, esaterako. Hala, 2011n WNBAko Drafteko 17. postua aukeratu zuen Chicago Sky taldeak. FIBA saskibaloiari dagokionez, Israelen, Estatu frantsesean eta Italian jokatu zuen Gernikara heldu aurretik.

Itzultzeko gogoa

Jokatu ezinik ibili den urte honetan, nolanahi, Bjorklund ez da geldirik egon, eta Lointek Gernika Bizkaiari oso lotuta jarraitu du gainera. Adin guztietako umeak entrenatu ditu Gernika Kirol Elkartearen eskutik antolatutako teknifikazioetan, ingelesez gainera.

Estatubatuarrak berriro lehiatzeagatik «oso pozik» dagoela onartu du, batez ere Malostera itzultzeko aukeragatik. «Gernikar gazteak entrenatzeak saskibaloian jokatzeko ilusioa eta gogoak eman dizkit. Gainera, urtebete jokatu barik egotea fisikoki oso ona izan da eta orain inoiz baino hobeto nago», adierazi du klubeko webguneari eginiko adierazpenetan.

Bestalde, Mario Lopezek Bjorklundek itzultzeko duen gogoa nabarmendu du. «Ez dugu orain Angie –Bjorklund– zein den azalduko, ondo baino hobeto baitakigu zer eman diezagukeen. Era berean, berak badaki zelan lan egiten den klubean eta baita taldearen jokamoldea ere. Gainera, taldeko jokalaria da, aldagela sendotzen duena, eta hau oso garrantzitsua da».

Nolanahi, gaitasun teknikoei so eginda «erasoan, trantsizio azkarretan saskiratu dezake urrutiko jaurtiketetan edota zeharkako blokeoen ostean, hau da, etengabeko mehatxua da aurkarientzat, beti egon beharko dira adi, bereziki Emakumeen Endesa Ligan hain barruan defendatzen den lehiaketa batean. Kantxa zabaltzeko gaitasuna du, espazioak sortuko ditu pibotentzat edota binaka egiten diren jokaldiak gauzatzeko. Defentsan, azken denboraldian lan ikaragarria egiten amaitu zuen, hasieran baino askoz hobeto. Angiek gogo handia du eta fisikoki oso ondo dago. Espero dugu sorbaldeko minik ez dezala izan eta erasoan, aldiz, erreferenteetako bat bilakatu dadila»  gaineratu du.

Esan behar, izatez estatubatuarra den arren, Bjorklundek ez duela atzerritar posturik beteko 2023/24 denboraldiko Lointek Gernika Bizkaian, Estatu espainoleko hiritartasunaren jabe ere bai baita. Ondorioz, Mario Lopez entrenatzaileak, zentzu horretan, jokalarien merkatu zabalago bat aurkituko du fitxaketak egiteko orduan.

Ondorioz, Lointek Gernika Bizkaiak sei jokalari ditu dagoeneko 202324 denboraldirako: Itziar Ariztimuño eta Laia Flores antolatzaileak, Roso Buch eta Angie Bjorklund hegalekoak eta Sofia Da Silva eta Maya Dodson pibotak.

Europako Saskibaloi Txapelketa

Bestalde, Emakumeen Europako Saskibaloi Txapelketa hasiko da ostegunean eta hilaren 25ean amaituko da. Kontinenteko 16 talde indartsuenek hartuko dute parte eta 2021ean Serbiak lortu zuen urrezko domina «Plaviek» berrituko ote duten edo ez ikusteaz gain, 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetarako Sailkapen Faserako txartelak ere banatuko dira bertan. Aurreneko bost sailkatuek izango dute eskubidea Fase horretara sailkatzeko –sei, baldin eta Estatu frantsesa aurreneko bosten artean sailkatuko balitz–.

Launa taldeko lau multzotan hasiko da Europako Txapelketa. A –Espainia, Letonia, Montenegro eta Grezia– eta B –Belgika, Italia, Txekiar Errepublika eta Israel– multzoek Israelen, Tel Aviven, jokatuko dute. Esloveniako hiriburuan, Ljubljanan, ariko dira C –Alemania, Britainia Handia, Eslovenia eta Frantzia– eta D –Serbia, Turkia, Eslovakia eta Hungaria– multzoak.

Ligaxkako aurreneko hiru jardunaldien ostean, multzo bakoitzeko aurrenekoa final-laurdenetara zuzenean sailkatuta egongo da eta laugarrena, berriz, kanporatua. A eta B multzoetako bigarrenek, talde hauetako hirugarrenen kontra kanporaketa neurketa bat jokatuko dute; beste hainbeste gertatuko da C eta D multzoetako bigarren eta hirugarren sailkatuen artean.

Emakumeen Eurobasketa Eslovenian jokatuko da final-laurdenetatik aurrera. Hilaren 22an jokatuko dira lau-final laurdenak eta 24an, berriz, finalerdiak jokatzeaz gain, final-laurdenetako galtzaileen artean, Paris 2024ra sailkatzeko Fasetik kanpo zein geratuko den ere erabakiko da. Hilaren 25an banatuko dira dominak eta aurreneko sei postuetan sailkaturiko taldeen ordena zehatza ere orduan jakingo da.

Serbia bada ere Europako egungo txapelduna, ez da erraza faboritorik zehaztea. Pentsa, FIBAk lehiaketa bakoitzaren aurretik egin ohi duen «Power Ranking» delakoetan Espainia jotzen du urrea lortzeko hautagai nagusitzat, eta Espainiako selekzioa trantsizio etapan murgilduta dago. Atzeko atetik Espainiako Federazioak bota zuen Lucas Mondelo hautatzailearen ordez Miguel Mendez entrenatzaileak talde ona eratu du, baina barruko joko nahioko ahularekin dator, Irati Etxarri eta maria Araujoren lesioen erruz, eta baita Astou Ndour Senegalen hazi eta Espainiako hiritartasuna duen jokalariak Eurobasket hau jokatzeari uko egin diolako ere.

Gainontzeko selekzioak ere, tamalez antzera dabiltza. Akaso kasurik larriena Frantziarena da. talde bikaina duen arren Marinne Johannes, egun WNBAn jokatzen ari den antolatzailea faltako dute, Frantziako Federazioak ez diolako New Yorkera joan eta bertako taldearekin kontratua sinatzeko baimenik eman, selekzioarekin kontzentrazio egunak galtzen zituelako. Alperrik egin du protesta Johannesek berak; alperrik onartu dute Toni Parker NBAko txapeldun ohiak eta Nicolas Batum egun NBAn jokatzen duen hegalekoak Frantziako Saskibaloi Federazioak Johannesi egiten utzi ez diona beraiei bere garaian arazorik gabe onartu zietela. Frantziako selekzioak azken bost Eurobasketetan zilarrezko domina irabazi du –Espainiaren aurka galdu zuen 2013an, 2017an eta 2019an eta Serbiaren kontra 2015ean eta 2021ean– eta Johannes eta Gaby Williams ere falta arren, badauka nahikoa talentu behingoz urrea lortzeko Gruda, Chartereau, Fauthoux, Rupert edo Sarah Michelekin. Baina kontuak izango dira baldin eta aurten urrerik lortzen ez badute, Marinne Johannesen inguruko polemika berpiztuko baitu.

Serbia da egungo txapelduna baina 1989an jaiotako jokalarien urrezko belaunaldiak agur esan dio selekzioari: Sonja Vasic, Jelena Brooks eta Ana Dabovic ez daude eta galera oso handia da hori. Egia da Aleksandra Crvendakic hegalekoa, Yvonne Anderson antolatzailea, Dragana Stankovic pibot ezkertia eta Sasa Cado jaurtitzailea oraindik hor daudela.

Balizko hautagai bakarra aukeratzekotan, Belgika aipatu behar. Azken bospasei urteetan dominen jokoan ibili da, joko oso erakargarria egin izan du eta 2018ko Munduko Txapelketan AEBak ere estu hartu zuten. Urrea, hala ere, beti euzoan ikusi dute. Akaso hauxe izango da Emma Meeseman, Julie Allemand, Massey ahizpak, Julie Vanloo eta enparauek urrea kolkoratzeko unerik aproposena.