INFO

Harrotasunaren Martxa kari, flashmoba egin dute Biarritzeko Hondartza Handian

Frantses Estatu mailan LGBT+ komunitatea jomugan hartzen duten erasoen gorakadaren testuinguruan heldu da larunbat honetan Biarritzen egin duten 23. Harrotasun Martxa. Hondartza Handian flasmoba antolatu dute besta eta aldarrikapena uztartzen dituen ekimenaren baitan.

Biarritzen egin duten 23. Harrotasun Martxa. (Mediabask)

Harrotasun Martxaren baitan, flashmob bat egin dute Biarritzeko hondartzan Handian. Ekimenari buruz mintzo «martxa hau berdintasun eta anaitasun gehiago eskatzeko da, zeren eta aldarrikatzailea ez bazara, ez duzu sosegurik lortuko» azaldu du Franck Yves Guilbert Les Bascos elkarteko kideaak.

LGBT+ erasoak gertatzen diren testuinguru batean –elkarteek kudeatzen dituzten bulegoen aurkako erasoak areagotu dira baita ekintzaileen aurkako mehatxuak ere– komunitateari babesa ematen dioten ekimenak oraindik ere «funtsezkoak» direla defendatu du Guilbertek.

Itsasargiaren zabalgunean, eguerdian, abiatu da Harrotasunaren Martxa kari antolaturiko egitaraua. Ibilaldia 16.00etan abiatu da bertatik. Aldaketa gisara, aurten geldiune berezia egin du martxak Hondartza Handian, non flashmoba antolatu duten.

Ibilaldia Herriko Etxearen aurrean bukatu da eta mobilizazioa amaitu bezain laster, 18.00etatik goizaldeko 2.00ak arte besta giroan nagusituko da Plaza Berrin.

LGBT+ kolektiboaren eskubideen aldarrikapena bere egiten duen Harrotasunaren Martxa bere 23. urtemugara heldu da aurten. Azken hamarkadetan izan diren aurrerapenak inondik inora gutxietsi gabe, LGBT+ pertsonen diskriminazioen aurkako borrokak gaurkotasun osoa duela oharrarazi dute elkarteek.

Berdintasuna bermatzeko politikak aitzineratu badira ere, bilana argi-ilunez beterik dago. Kazeta.eus atariak oroitarazi duenez, ILGA-Europeren txostenaren arabera, LGBT+ komunitatearen eskubideei dagokienez, frantziar Estatua 10. postura jaitsi da.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, 25 urtetik beherako pertsonen artean %55ak familia barruko indarkeria pairatzen dutela eta %43k eskola-jazarpena jasaten duela aitortzen dute.

11 eta 25 urte arteko LGTB+ kideek bizi duten egoeraren arreta jartzea izanik, lehen aldiz galdetegiari online erantzuteko aukera izan dute gazteek.

Adin tarte horretako gazteek genero identitate eta orientazio sexualari loturik dagoen diskriminazio ekintzei arreta eginez, hiru eremu nagusi zehaztu dituzte Les Bascos elkarteko kideek askotan ezkutuan gordetzen den sufrimendua agerian jarriz.

Hala, eskola jazarpena, ziberjazarpena eta familia giroan ematen diren diskriminazioak nahi dituzte itzaletik argitara eman gazteei galderak pausatuz. Galdeketari erantzun diotenen artean %45ak eskola jazarpena jaso duela aitortu arren, oso gutxi dira oraindik ere ziberjazarpena salatzeko urratsa ematen duten gazteak.