INFO

LABek ikastetxeen jangela eta eskola garraioko langileen lan baldintzak hobetzea eskatu du

LAB EAEko Gobernuarekin negoziaketak martxan jartzeko prest agertu da ikastetxeetako jangeletako eta eskola-garraioko langileen lan baldintzak hobetzeko. Ekainaren 2an akordio bat lortu zuten hezkuntza eremu osoko langileen baldintzak hobera egiteko helburuarekin.

LABek jantokietako eta eskola garraioko lan baldintzen inguruko eskakizunak aurkeztu ditu (Oskar Matxin Edesa | Foku)

LABek jangeletan eta eskola-garraioan diharduten langileen lan baldintzak hobetzeko dei egin dio EAEko Gobernuari. Ekaina hasieran oinarrizko akordio bat lortu zuten Hezkuntza sailarekin, hezkuntza eremu osoko langileen baldintzak hobetzeko, baita azpikontratatutako langileenak ere. Oraingoan sindikatuak dituen proposamenak aurkeztu dituzte Maddalen Doradorrek, zerbitzu pribatuetako arduradunak, eta Andoni Alonsok, kolektibitateen sektoreko arduradunak.

Hortik abiatuta, akordioan jangela ereduaren azterketa egiteko konpromisoa hartu du. Sindikatuak adierazi du momentu honetan hausnarketa eta negoziazio prozesua martxan jarriko duela jangela eta eskolako garraioaren langileen baldintzak hobetzeko helburuarekin. Horretarako, lehenik eta behin, akordioan jaso diren edukiak mahai sektorial bakoitzean garatu beharko dira.

LAB bi sektore hauetan lehen indarra izanik, jangeletan eta eskola garraioetan dauden baldintzen inguruan hausnartzeko eta EAEko Gobernuarekin negoziazio mahaia irekitzeko prest aurkeztu da. Horretaz gain, beharrezkoa izanez gero, ekintza sindikalari ekiteko prest daudela adierazi du Maddalen Doradorrek.

Jangelen kasuan, LABek haur eta gazteen elikadura osasuntsu eta gertuko bat bermatzeko beharrezkoa dela sektorea «esku pribatuetatik eskatzea» adierazi dute, baita ratioak jaistea ere. Horretarako, ezinbestekoa da ikastetxeen hezkuntza proiektuan sartzea, langileen lana aitortzea eta jangeletako langileek erabaki organoetan parte hartze aktiboa izatea.

Horretaz gain, indarrean dauden araudiak aldatzea eskatzen du; hain zuzen ere, 2000ko martxoaren 22ko Agindua, EAEko derrigorrezko hezkuntzan eta haur hezkuntzan ikastetxe publikoetako jangelak arautzen dituena eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen zirkularra, kudeaketa zuzeneko jangelen funtzionamenduari buruzkoa. Gainera, LABek eskatzen dio Hezkuntza Sailari itunpeko ikastetxeetako eta sare publikoko langileen soldatak parekatzea eta langileak zuzenean Hezkuntza Sailekoak bilakatzea.

Bestalde, eskola garraioan maiatzaren 19ko 69/2015 dekretua aldatzea beharrezkoa dela adierazi du Doradorrek. Dekretu honek ikastetxe publikoetako ikasleen eskola garraioa arautzen du eta hezkuntza arloan eskumena duen sailak finantzatzen du. Araudian ratioak sartzea ere exijitzen du. Azkenik, jangeletako langileen moduan, LABek ezinbestekoa ikusten du langileek ikastetxeetako erabaki organoetan parte hartze aktiboa izatea eta itunpeko eta sare publikoko langileen soldatak parekatzea.

LABek beharrezkoa ikusten du momentu honetan Hezkuntza Sailarekin negoziaketa martxan jartzea aurretik aipatutako eskaerak eta EAEko Hezkuntzak Legearen akordioa indarrean jartzeko.