INFO

Osakidetzaren osasuna


Osakidetzak osasun makala dauka. Bistakoa da gure herria gobernatzen dutenen lehentasunetan ez dagoela osasun sistema publiko indartsu eta bizi bat izatea. Tokitan geratu da goizean goiz anbulatoriora deitu eta egunean bertan medikuarekin hitzordua izatea gauza normala zen garaia. Itxaron zerrendetan, langileen haserrean eta burokrazian korapilatuta gaude. Osakidetza entzun eta ileak tente jartzen zaizkigu.

Horregatik balio handiagoa dauka gozo hartzen gaituen erizainak, urteen joanean kalean agurtzen gaituen emaginak, gauzak ondo azaltzen dizkigun harrerako langileak.

Lagun baten aita zendu da. Azken egunetan, amaiera bazetorrela jakitun, kapritxo bat zeukan: etxean gordeta zeukan txakolin botila probatzea. Etxekoek ekarri zioten eta erizainei aipatu. Noski, nola ez zioten ba txakolin trago bat baimenduko. Erizainek gordetzen zuten fresko-fresko, egunkari paperean bilduta, disimulatzeko. Azken egunetan egunero hartu zuen txakolin trago bat. Nolako poza eta patxada ematen duen norbait nahi duen bezala joateak. Eta osasun profesionalak gaixoaren eta familiaren ondoan hain gozo eta hain samur egotea apartekoa iruditzen zait. Luxu bat esan behar nuen, baina ez luke luxu bat izan beharko, pertsonen zaintza erdigunean jartzen duen osasun sistema baten zutabe dira puntako profesionalak.

Eta izan baditugu osasun langile apartak. Puntako jakintza eta puntako gizatasuna duten profesionalak. Begietara begiratzen dutenak, eskuak epeltzen dituztenak (baten batek honezkero esan du kontrakoak ere badaudela).

Profesional apartak lan baldintza duinak behar ditu, gustura lan egiteko. Azkenaldian osasungintzan haserre dauden langileen birusa oso zabalduta dago, alor askotan gainera. Osasuna gauza serioa da. Inor ez da gustuz joaten anbulatoriora edo erietxera eta joaten denean baliabideak eta arreta kalitatezkoak direla sentitzeak pixka bat sendatzen du. •