INFO

Uda hastear da; iritsi da egindako lanari distira ateratzeko momentua

Abian da arraun denboraldia ETE eta KAE 1 ligako taldeentzat. Gaur arratsaldean jokatuko dute lehen estropada Donibane Lohizunen, eta bihar goizean, bigarrena, Pasai San Pedron. Bi bandera daude jokoan. Beñat Urchegi Lapurdiko arraunlaria eta Eider Goikoetxea Hernanikoa ligara begira jarri dira.

Lapurdiko trainerua Euskadiko Txapelketan lehiatzen, Ondarroan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Udaberria amaitzear da eta uda hastear. Arraunlariek uda izan ohi dute gogoko, negua baino. Orain arte lan zikina egin dute eta, orain, iritsi da egindakoari distira ateratzeko momentua. Uda hasi baino lehen hasiko dute arraun denboraldia ETE eta KAE 1 ligako arraunlariek. Gaur eta bihar jokatuko dituzte sasoiko lehen estropadak: lehena, Donibane Lohizunen –emakumezkoak 15.15ean eta gizonezkoak 15.45ean–, eta bigarrena, Pasai San Pedron –11.30ean hasiko dira emakumeak eta ondoren, gizonezkoak–.

Bi bandera egongo dira jokoan. Estropada eremuak ohi baino motzagoak direnez, lau luze egin ordez, sei egingo dituzte, eta, beraz, ziabogek garrantzi handia izango dute estropada horretan. KAE 1 ligan traineru hauek egondo dira: Arkote, Busturialdea Urdaibai, Camargo, Deustu, Hondarribia, Lapurdi, Pedreña, San Juan, San Pedro, Castro, Zarautz eta Zumaia; eta ETEn beste hauek: Astillero, Deustu, Hernani, Kaiku, Ondarroa, Portugalete, Zarautz eta Zumaiako.

Beñat Urchegi (Azkaine, 1993) Lapurdiko Arraun Elkarteko arraunlariak gaur etxean egingo du arraun, eta Eider Goikoetxea (Hernani, 2005) Hernanikoak, bihar. Iparraldeko traineruak iaz lortu zuen KAE 2 ligatik KAE 1era igotzea, eta emaitza onak lortu ditu denboraldiaurrean, besteak beste, Gipuzkoako Txapelketan hirugarren postuan geratuta, eta Euskadikora aurrenekoz sailkatuta. Emaitzei erreparatuta, Urchegik adierazi du helburu dutela «ahal dela, ohorezko txandan egotea eta banderen lehian ibiltzea».

Hernanikoentzat, oso bestelakoa izan da negua, trainerua osatu ezinik ibili direlako. «Gorabehera» askoren ondoren, maiatzean hasi zuten uretako prestaketa. Oztopoak oztopo, lortu dute ontzia ateratzea, eta ETE ligan arituko dira lehian. Aurten zortzi traineru lehiatuko dira –iaz bederatzi ziren–.

«Ilusioa sortu» du, Lapurdiko traineruak

Lapurdiko Arraun Elkarteak iaz koska bat gora egin zuen KAE 1 ligarako igoera lortuta, eta aurten, beste bat igo nahi dute: «Ohorezko txandan egon eta banderen lehian ibili». Urchegi Lapurdiko arraunlariak adierazi du oso aldaketa gutxi egon direla multzoan –hiru arraunlari itzuli dira taldera, eta beste bi etorri dira–: «Aurten lehen urtea da inor ez dugula probatu behar, arraunlari guztiek gutxienez urte bat arraun egin dute aurretik. Jendeak barneratu du zer den arraunlari izatea».

Hori giltzarri izan da neguan lortutako emaitzak erdiesteko. «Jaitsieretan emaitza onak lortu ditugu, KAE 1eko lehen traineruetan egonda, eta batzuetan ACTko batzuei irabaziz. Gipuzkoako Txapelketan pentsatzen genuen Getariari irabazi ahalko geniola, denboraz estropada ona eginez. Gero, harridura izan da Oriori irabaztea. Hori ez genuen espero», adierazi du azkaindarrak.

Gipuzkoan hirugarren postuan geratu ziren, aurretik Hondarribia eta Donostiarra sailkatu ziren, eta horrek txartela eman zien Euskadikorako. Asteburu hura «historikoa» izan zen Lapurdirentzat, haien estreinako aldia izan baitzen txapelketa horretan –zazpigarren postuan geratu ziren–.

Iparraldeko traineruak neguan izan dituen emaitzak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula, eta, neurri batean, entrenatzaile aldaketak izango zuen eragina. Joseba Fernandez fitxatu zuen Lapurdik, eta, entrenatzerako garaian zerbait aldatu ote duten galdetuta, Urchegik adierazi du bereziki uretako teknika landu dutela: «Antzeko programaketa dugu, aldatu dena da uretako teknika. Argiki esplikatu digu zer nahi zuen, zer arraunkera nahi zuen guk egitea, eta horrelako detaileak, ziabogak eta itsasoko teknikak landuz, pixka bat maila igotzea lortu dugu». Hala ere, ez dira emaitzekin itsutzen, eta noski «nahiko» zituztela emaitza txukunak izan, baina ez dute «inongo presiorik jartzen».

Beñat Urchegi: «Nire ustez estropada luzeak izanen dira bandera irabazteko»

Gaur eta bihar jokatuko diren estropadei begira, «ilusio handia» dute Lapurdikoek, bereziki Donibane Lohizunekoari begira. «Beti da berezia etxean estropada jokatzea. Gainera, emaitza onak lortu ditugunez, jendea ilusionatu da pixka bat. Ilusioa sortu dugu eta, ahal dela, bandera irabazi nahi dugu».

Ilusioa piztu nahi dute Iparraldean, ez baitago Hegoaldean bezainbesteko afizioa estropadekiko. «Hemen ez dugu oraindik hegoaldeko afizioa eta jendeak ez du oraindik ohitura estropadara mugitzea, baina pentsatzen dut denbora ederra denez, jendea hurbilduko dela», esan du Urchegik.

Bi bandera daude jokoan, eta azkaindarrak adierazi du bi pasaitarrak oso lehiakor ikusten dituela, San Juan eta San Pedro, alegia. «Nire ustez, estropada luzeak izanen dira bandera irabazteko».

«Sustoren bat ematea» espero du Hernanik

Negua «gogorra» izan da Hernanirentzat, «jende gutxirekin ibili» direlako, eta maiatzean hasi zutelako traineruko prestaketa. «Ez dugu osatu taldea maiatza arte. Urtarrilean galdetu ziguten ea jarraituko genuen, nahiko beltza zelako etorkizuna. Arraunlariok erabaki genuen jarraitzea, gogotsu ginela arraun egiteko. Orduan, entrenatzaileak eta zuzendaritzako kideek guregan jarri zuten konfiantza osoa, eta aurrera egin genuen», adierazi du Goikoetxeak.

Ez da gustu onekoa maiatzean hastea traineruko «benetako» prestaketa, baina gauzak horrela suertatu zaizkio barnealdeko traineruari, eta Oriotik, Isuntzatik eta San Juanetik etorri diren arraunlarien laguntza izan dute taldea osatzeko. Eta eskerrak. Hasieran hamar bat zeuden, orain, berriz, hemezortzi inguru. Multzo gaztea da, gazte mailako asko baitaude.

ETE ligan neguko jaitsiera gutxi egon badira ere, egon diren guztietan parte hartu dute: Hondarribikoan, Oriokoan eta San Pedrokoan. «Hondarribian Zarautzetik uste baino gertuago ibili ginen, eta ez genuen espero, kasik uretara atera gabe joan ginelako. San Pedrokoan taldekide batek hanken tosta hautsi zuen, eta arraunlari bat gutxiagorekin egin behar izan genuen estropada guztia, baina bueno, azkenean trebatzeko egiten dira eta bukatu genuen».

Eider Goikoetxea Hernaniko arraunlaria irudian, traineruaren brankan, aurreko aldean. (Eider Goikoetxea)

Iaz zazpigarren postuan amaitu zuten liga, eta aurten nolako liga aurreikusten duen galdetuta, Goikoetxeak nabarmendu du «gogotsu» daudela aurten Zarautzi «aurrea hartzeko» –zarauztarrek iaz seigarren amaitu zuten–: «Lehengo urtean Zarautzekin hasitako lehiak uste dut aurten aurrera jarraituko duela. Han lehengo urteko taldekide batzuk ditugu eta, beraiekin harreman ona izan arren, lehia estu hori dugu».

Liga «gogorra» izango dela uste du Hernaniko arraunlariak, azken estropadetan ikusi delako ETE ligako traineru batzuk «indartsu» lehiatu direla. Beren aldetik, saiatuko dira «denei aurre egiten, behetik hasten eta goraka egiten»: «Espero dut sustoren bat ematea».

Gainerako aurkariez ere mintzatu da, eta zuzenena Zarautz den arren, uste du, adibidez, Kaiku eta Zumaia, Ondarroa baino «koska bat gorago» daudela, nahiz eta ondarroarrek erakutsi «pauso bat aurrera» egin dutela. Helburu nagusia taldekideekin «disfrutatzea» izango da, «taldekideak zainduta eta denak batera aurrea joanda». Baina, lehiatzerako garaian, «hortzak erakutsi» nahi dituzte, azpimarratu du Goikoetxeak.

Lehen estropada Donibane Lohizunen izango den arren, bigarrena, biharkoa, Hernaniko II. Bandera izango da, Pasaian. «Orion entrenatzen gara, baina esan dezakegu gure lehenengo etxean egingo dugula arraun. Pasaia beti da leku bat denok nahi duguna arraun egin, bateletan eta denbora asko pasatu dugu han. Hasi garen lekua da, eta ezagutzen duguna». Hernanikoek orain arte beti entrenatu izan dute Pasaian, baina aurten Oriorekin egindako akordio baten bitartez, lan saioak bertan egiten dituzte.

Eider Goikoetxea: «Pozgarria da zortzi ontzi egotea, nahiz eta gurean gutxiago izan»

Liga hasierari begira, «urduri» dago Goikoetxea, estreinakoz ariko baita patroi modura: «Arraunlaria naiz, baina aurten lemazain moduan ere ariko naiz. Entrenatzailearekin hitz egin nuen bateletan patori izateko, eta hortik, trainerura eraman zidan. Urduritasun handia dut, eta gorputzean nabari da».

Aurten ETE ligatik bi traineru igo dira Euskotrenera. Goikoetxeari «poza» ematen dio goran zortzi traineru ikusteak, baina horrek haiengan eragin «handia» du: «Lehengo urtean bederatzi izatetik aurten gutxiago geratu gara, eta eskerrak Kaikuk ontzia atera duen. Pozgarria da goran zortzi egotea, nahiz eta gurean gutxiago izan. Azkenean profesionaltzat zortzi jotzen dira». Hernaniko arraunlariaren ustetan, ETEn ontzi «gutxi» izan arren, «lehiakortasuna» egongo da, eta azpimarratu du hori «ikusi» dela azken estropadetan: «Gipuzkoan ikusi da ETE ligan ere lehia badagoela.