Mai Gardek hartuko du Tito Iribarren Osasunako kirol zuzendariaren lekua
Klubak gaur goizean iragarri du Tito Iribarren kirol zuzendariak ez duela karguan segituko, eta arratsaldean jakinarazi dute Mai Gardek hartuko duela lekukoa. Osasunako kapitain ohia orain arte emakumezkoen egituran koordinatzaile lanetan aritu da. Bihar emango du prentsaurrekoa 12.30ean.
Osasunak gaur goizean iragarri du Tito Iribarren kirol zuzendariak ez duela karguan jarraituko, eta jada, arratsaldean, haren ordezkoa zein den jakinarazi du: Mai Garde Osasunako kapitain ohia izango da, orain arte emakumezkoen egituran korrodinatzaile lanetan aritu dena. Bihar emango du aurkezpeneko prentsaurrekoa Sadarren, 12.30ean.
Garde erreferente bat bilakatu da Nafarroako futbolean. 2009an jantzi zuen aurrenekoz Osasunako elastikoa, aurrez, Burlandesen, Amayan, Lodosan eta Mariñon jokatu ostean. Areto futbola eta hamaikakoa uztartu ditu. Bi denboraldiz talde gorritxoan egon ostean, Lagunak taldera joan zen. Ondoren, Orvina eta Txantrean jokatu zuen areto futbolean.
2017-2018 denboraldian itzuli zen Osasunara, klubak bigarren mailara igotzeko zuen proiektuko kapitaina izanda. Bigarrenera igotzea lortu zuten. Lehen mailara igotzeko zenbait alditan gertu egon ostean, iaz hartu zuen erretiroa.
Goizeko albistea; Iribarrenek ez du Osasunan jarraituko
Badirudi Osasunan aldaketak egongo direla. Orain dela hiru aste klubak jakinarazi zuen Kakun Maiz entrenatzaileak ez zuela taldea zuzentzen jarraituko eta gaur, haren atzetik, iritsi da Tito Iribarren Osasunako kirol zuzendaria kargutik kentzeko erabakia. Klubak jakinarazi duenez, bi aldeak akordio batea iritsi dira Iribarrenek karguan ez segitzeko. Osasunak orain arte egindako lana eskertu dio Iribarreni, eta etorkizuneko bere erronka profesionaletan zorterik onena desiratu dio.
Iribarrenek zazpi denboraldi egin ditu Osasunan. 2016an iritsi zen Iruñera emakumezkoen hirugarren proiektua zuzentzeko. Azken bost sasoietan Nafarroako taldearen helburu nagusia lehen mailara igotzea izan da, saiakerak ez zaizkie falta izan, baina azkenerako ezinean aritu dira.
Oso gertu egon dira igotzetik. Esaterako, 2020-2021 denboraldian Alaves igo zen maila gorenera, Osasuna hiru puntu atzetik geratu zela. 2021-2022an hirugarren postuan geratu zen, soilik lehen bi sailkatuak igotzen zirenean lehen mailara. Eta, denboraldi honetan ere, atarian geratu da, igotzeko kanporaketetan Granadaren aurka joaneko zein itzuliko partidak galduta: etxetik kanpo 2-0 eta Taxoaren 0-3.