INFO

Arabako larrialdietako anbulantzietako bi langilek pairatutako erasoa salatu dute sindikatuek

LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuek «anbulantzien sektoreko langileen segurtasun protokoloak berrikusi eta betetzea» eskatu diote Lakuako Osasun sailari, asteartean bi langilek «eraso berri bat» pairatu ostean.

Gasteizko anbulantzia baten artxiboko irudia. (Juanan RUIZ | FOKU)

Joan den asteartean, Arabako larrialdietako anbulantzia bateko bi langilek paziente baten erasoa pairatu zutela jakinarazi dute LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuek.

112 koordinazio zentrotik dei bat jaso ondoren, bertara joan ziren pazientea artatzera, eta, han zeudela, erasotuak izan zirela adierazi du LAB sindikatuak, ELA, CCOO eta ESK sindikatuekin batera zabaldutako ohar baten bidez. Langileei haien «babesa» helarazi nahi izan diete Arabako Osasun Garraio Azpikontratatuaren enpresa batzordea osatzen duten sindikatuek.

«Batzorde honetatik salatu nahi dugu, beste behin ere, eta etengabe errepikatzen den moduan, Polizia presentziarik ezak edota Polizia behin bidalita lekura iristean izandako atzerapenak eraso bat jasateko arriskua areagotzen duen larrialdi mota batera jo behar izan zutela profesionalek», adierazi dute.

Nabarmendu egin dute sektore honetako profesionalen lana, «hein handi batean, ospitaleetatik kanpo» egiten dela, eta horrek «arrisku handiagoa sorrarazten du osasun publikoko profesionalen multzoak berez jasaten duena baino». Hori kontuan hartuta, «anbulantzien sektoreko langileen segurtasun protokoloak berrikusi eta betetzea» eskatu diote Lakuako Osasun sailari.

«Gure ustez, egoera hauek lan prekarietatearen eta azpikontratazioaren testuinguruan ulertu behar dira, eta hala, Eusko Jaurlaritzak bere eguneroko erantzukizun zuzena saihesten du», arbuiatu dute. «Beraz, funtsezko zerbitzu horren kudeaketa publikoa aldarrikatzen dugu beste behin ere, gure sektoreko ordezkaritza sindikal osoak planteatutako baldintzetan».