INFO

Euskara futbol zelaietan sustatzeko txapelketaren bigarren edizioa

Bilboko Hamabi, Union Tutera, Ortzaizeko Arranoak eta Zestoa izan dira gaur goizean Lezaman jokatu diren lagunarteko partidetan parte hartu duten Euskal Herriko lau taldeak.

Giro paregabean jokatu dira partidak. (@EHEbizi)

‘Euskara jalgi hadi plazara’ txapelketaren bigarren edizioa ospatu da larunbat honetan Lezaman. Iaz bezala, Athleticek entrenamenduetarako erabiltzen dituen zelaietan jokatu dira partidak eta giro bikaina izan da. Lehen txapelketan parte hartu zuten hiru taldek errepikatu dute. Bilboko Hamabi, Nafarroatik Union Tutera eta Ortzaizeko Arranoak Ipar Euskal Herritik, hain zuzen ere. Laugarren gonbidatua Zestoa izan da. Lehen edizioan Aretxabaleta taldea izan zen Gipuzkoatik joan zen ordezkaria.

Txapelketa berezia da eta, golak egitearekin batera, euskara sustatzea da helburu nagusia. Ildo horretan, talde bizkaitarrak esaterako bere sorrerako oinarrietan argi uzten du «futbolaren bidez, euskara mundura eta mundua euskarara» zabaltzea dutela helburu. Bestalde, Union Tuterako jokalariek urrian Euskal Herrian euskaraz egin behar dituen topaketetarako deia luzatu dute.

Partiden antolaketan ere eragin zuzena izan du. Epaileak ere euskaraz komunikatu dira norgehiagokak zuzentzerakoan eta sari nagusia hizkuntza gehien erabili duen taldearentzat izan da.

Lau taldeetako ordezkariek argitaratutako ohar bateratuan azpimarratzen zuten bezala, «Euskal Herriko gazteek bere egunerokotasunean kirola euskaraz egiteko posibilitatea izatea, honen bitartez ikastea eta euskaldun egiten gaituen elementu honekin gozatzea» da ekimena sortzearen arrazoia.