INFO

‘Gernika’ lanaren bertsio koloretsuago batek Picasso omendu du Italiako Pietrasanta herrian

‘Gernika’ berri bat sortu du Tano Pisano artista italiarrak, gaurko indarkeriak erakusten dituena, baina koloretsuagoa. Toskanako Pietrasanta herrian aurkeztu dute larunbat honetan Malagako pintorea omendu nahi duen horma-irudia.

Tano Pisano artistaren horma-irudia, Toscanako Pietrasanta herrian. (COMUNE DI PIETRASANTA)

‘La Mia Guernika’ izena eman dio Tano Pisano artista italiarrak Pablo Picassoren lan ezagunenean oinarrituta egin duen horma-irudiari. Toskanako Pietrasanta herrian aurkeztu dute larunbat honetan Malagako pintorea omendu nahi duen koadroa.

Pisanok gaurkotu egin du 1937ko apirilaren 26an Bizkaiko herria txikitu eta sutu zuen bonbardaketa islatzen duen obra originala eta kolorea eman dio, nahiz eta egungo «izugarrikeri» ilunak erakusten dituen lan honek ere: «Migranteak, adin txikikoen aurkako indarkeria, gerrak, arma trafikoa».

«‘Gernika’ren nire bertsioa da», dio artista siziliarrak. Pablo Picasso hil zela 50 urte betetzen dira aurten eta, omenaldi modura, irailaren 24ra arte Pietrasantako Sant'Agostino izeneko de monumentu-multzoaren kanpoko horman ikusi ahal izango da lana.

Pisanoren lana 12 panelen gainean margotutako horma-irudia da. Sei metro zabal eta bi metroko altuera ditu.

«Duela hiru hilabete Mougins-en (Frantzia) egon nintzen, artista hil zen tokian, eta han omenaldia egin nahi nion. Pietrasantan margotzen hasi nintzen eta, alkateak egiten ari nintzenaren berri izan zuenean, horma-irudia hemen ikusgai jarri nahi zuela esan zidan. Beraz, lana hemen erakutsiko da lehenengo, eta 2024an erakusketa handi bat egingo dut Mougins Monumentalean», azaldu du artistak.

Lan honetan «istorio asko» dagoela nabarmendu du Pisanok, besteak beste, «etorkinak eta itsasoa, gerra, haurren heriotza, bonbak eta, Picassok esan bezala, haurren negarra, emakumeen negarra, txorien negarra, loreen negarra... hau da, indarkeria guztien negarra. Picassok hil aurretik egin zuen autorretratoari begira margotu nuen heriotzaren burua».

Arteari emandako herria

Carrera izeneko marmol-harrobiak hurbil daude Pietrasantatik, eta horrek mundu mailako artistak erakartzen ditu Toskanako herrira. Besteak beste, Fernando Botero kolonbiarra, Julio Larraz kubatarra, Kan Yasuda japoniarra eta Jean-Michel Folon belgikarrak topatu dute Pietrasantan lanerako leku aproposa.

«Artea bakearen aldeko mezulari handia da. Lotura eta lankidetza pentsaezinak sortzen ditu, urrutiko lekuak lotzen ditu eta hizkuntza unibertsalean hitz egiten du. Pietrasantak, artea bere DNAn daramanak, esker onez eta parte-hartze zintzoz hartu du bere herritarraren ideia, Tano Pisano maisuarena eta, horrela, beste ahots bat eman gerra guztien aurkako erresistentzia oihuari», agertu du Alberto Stefano Giovannetti herriko alkateak.