INFO

Mitsotakis kontserbadoreak gehiengo osoarekin irabazi ditu hauteskundeak Grezian

Kyriakos Mitsotakis kontserbadorea Greziako lehen ministroa izango da datorren legegintzaldian ere eta gehiengo osoarekin gobernatuko du. Eskuin muturreko hiru alderdik lortu dute ordezkaritza Parlamentuan.

Kyriakos Mitsotakis, bozak aise irabazi ondorengo hitzartzean. (Louisa GOULIAMAKI | AFP)

Kyriakos Mitsotakis lehen ministroaren Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreak, botoen %40,52arekin eta Parlamentuan 158 aulki lortuta, garaipen argia lortu du hauteskundeetan, botoen %90a baino gehiago zenbatu den honetan. Gehiengo osoa lortu du eta, beraz, bakarrik gobernatu dezake, orain arte bezala.

Emaitza txarra izan da, ordea, Syriza oposizio ezkertiarrarentzat, eta, bereziki, haren buruzagi Alexis Tsipras lehen ministro ohiarentzat. Azken horrek botoen %17,84 inguru bildu ditu, duela hilabe egin ziren hauteskundeen emaitzen azpitik. 47 ordezkari izango ditu Legebiltzarrean.

Pasok-Kinal alderdi sozialdemokratak hirugarren postua lortu du, botoen %11,96rekin (32 aulki), eta Greziako Alderdi Komunistak laugarrena, %7,61rekin (13 aulki).

Ultraeskuineko hiru alderdik lortu dute ordezkaritza Greziako Legebiltzarrean. %4,71arekin eta 13 ordezkari lotuta, ‘Espartanos’ alderdi ultraeskuindarra geratu da. Talde kriminal bat zuzentzeagatik kartzelan dagoen Ilias Kasidiaris neonazi ohiak babesa eman zion duela aste batzuk. Atzetik geratuko lirateke beste bi alderdi ultraeskuindarrak, Irtenbide Grekoa (%4,48 eta 12 aulki) eta Dimitris Natsiós teologoaren Niki (%3,73 eta 10 diputatu) taldea. Ultraeskuinak, beraz, 35 aulki okupatuko ditu.

Zoe Konstantopulu Syrizako diputatu ohiaren Askatasunaren Zeharbidea alderdiak ere %3ko atalasea pasatzea lortuko luke eta, hala, parlamentuan ordezkaritza izango luke, 8 aulkirekin. Yanis Varufakis Finantza ministro ohiaren MeRA25 ezkertiarrak, aldiz, ez luke aulkirik eskuratuko.

«Erreforma handiak» datoz

Botoen kontaketa amaitzear zegoela, Kyriakos Mitsotakisek hitzeman du bere Gobernuak beharrezko «erreforma handiak» egingo dituela Grezia herrialde «oparoago eta bidezkoago» bihurtzeko.

«Greziarrek gehiengo sendoa eman digute gure herrialdeak behar dituen aldaketa handien bidetik jarraitzeko», esan du, eta gaineratu du datozen egunak, ospakizunetarako baino, lanean jartzeko izango direla.

Maiatzaren 21eko hauteskundeetan ere lehen postuan geratu zen Demokrazia Berria, baina orduan ez zuen gehiengo absouturik lortu. Mitsotakisek uko egin zion gainerako alderdiekin negoziatuta koalizio Gobernua osatzeari eta berriro deitu zuen bozetara.

Migrazio politika itxia du zigilu Mitsotakisen Gobernuak. Promes egin zuen asilo eskaerak gutxituko zituela eta hala egin du. Pertsona migranteen itzulpenak, Greziara iritsi nahian itsasoan hildako pertsonak eta giza eskubideen defentsan lan egiten duten erakundeen kritika gogorrek ez dute lortu eskuindarrak babesa galtzerik.