INFO

Ekintzaile berriei airea hartzeko bultzada ematen dieten sariak

Goierriko garapenerako agentziak urtero sariketa bat prestatzen du enpresa sortu berriei laguntza emateko asmoz. Horrez gain, ekimen interesgarriak eta gizarte inklusiokoak dituzten enpresei zuzendutako sariak ere baditu. Horiei esker, eskualdeko enpresek badute zeri eutsi euren ametsak betetzeko.

Iker Markinezek bizitza osoa eman du sukaldaritzan; Kaxola martxan jarri aurretik, Kuko jatetxea zuen. (KAXOLA)

Goierri eskualdeko garapen agentziak, Goiekik, urtero antolatzen duen enpresentzako lehiaketa martxan da berriro. Irailaren 22ra arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak. ‘Gaur hasten da zure etorkizuna!’ lemapean, milaka euro banatuko dituzte saridunen artean, euren jarduna bultzatzen lagunduko dutelakoan. XXVI. edizio honetan hiru kategoria izango dira: enpresa ekimen berriko proiektuak, enpresan buruturiko proiektu berritzaileak eta gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez.

Lehen kategoriak urteko proiektu ekintzaile onena saritzen du. Sustatzailearen irudia bultzatzea, balio erantsi altuko enpresa berritzaileak sustatzea, eskualdean lana eta aberastasuna sortzea eta enpresa berrien garapena eta sorrera babestea ditu helburu. 2022-2023 urtean zehar, negozio ideia bati buruz bideragarritasun plana landu eta enpresa martxan jarri duten ekintzaileei zuzenduta dago. Saria, irabazleari eskainiko zaizkion abantaila eta zerbitzuez gain, 6.000 euroko dirulaguntza izango da. Horrez gain, Goilanek beste 3.000 euro eskainiko dizkio irabazleari, sortu den enpresak kooperatiba izaera juridikoa baldin badauka.

Bigarren kategoriak, jada sortuak dauden enpresek berritzeko egindako ahaleginak eta aurrera eramandako ekintzak aintzat hartzea, publikoki zabaltzea eta saritzea ditu helburu. Goierri eskualdeko ETEetan, 2022-2023 urtean zehar, berrikuntza proiektu bat gauzatu duten enpresei zuzenduta dago. Saria, irabazleari eskainiko zaizkion abantaila eta zerbitzuez gain, 2.000 eurokoa izango da.

Azken kategoria, berriz, duela lau urte sortu zen eta, honi esker, urteko gizarte inklusioko enpresa ekimen berri onena saritzen da. Lan munduan txertatzeko zailtasunak dituztenei bultzada bat ematea, sustatzailearen irudia sustatzea, eskualdean lana eta aberastasuna sortzea eta enpresa berrien garapena eta sorrera sustatzea ditu helburu kategoria honek.

2022-2023 urtean zehar, negozio ideia bati buruz bideragarritasun plana landu eta enpresa martxan jarri duten zailtasunak gainditu dituzten zein bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzenduta dago. Proiektu onenak jasoko duen saria, enpresa eta enpresa ekimen berrien arloak eskainiko dizkion zerbitzuez gain, 2.000 eurokoa izango da.

Su motelean egosia

Sariketa honek duen garrantziaren adibide gisa, iazko lehen kategoriako irabazlearekin hitz egin dugu. Iker Markinezek Kaxola enpresa sortu zuen, katering zerbitzu moduko bat. Plater prestatuak eskaintzen ditu Beasaingo lokalean, eta jendeak bertan eros ditzake zuzenean.

Markinezek kontatu digunez, Kaxola izenak «kazola» esan nahi du, baina izaera «goxoago» bat eman nahi izan diote, eta horregatik aldatu dute grafia; nolabait, izenak enpresak berak egiten duena primeran islatzen du. «Nahiz eta 2023. urtean egon eta gauza guztiak modernoak izan, guk egiten ditugun jakiak kazola batean egindakoen mimo berdinarekin egiten ditugula adierazi nahi genuen», azaldu du sukaldariak.

Slow food joerarekin bat eginez, behar bat sumatu zuten gizartean, «jendeak gero eta denbora gutxiago duelako kozinatzeko». «Guk hemen bertan prestatzen ditugun jakiak etxera eramateko aukera ematen dugu, hiru ardatz oso esanguratsu mantenduz: bertako produktuak guk prestatzen ditugu hasieratik bukaerara; ekoizpen prozesu osoan ez dago inolako aditiborik, dena naturala da; eta ez dago ez haragi ez arrainik, gure lurrak ematen dituen baliabideak baizik», kontatu du. Hori dela eta, garaiaren arabera plater desberdinak prestatuko dituzte.  

«Ikusi dugu janari prestatuaren eskaintza asko handitu dela, baina ez janari horren kalitatea» aldarrikatu du, argi utziz Kaxolako platerak erosiz gero, etxean prestatutako janaria bazkalduko dugula. «Ez da janari prestatua soilik, filosofia eta bizitzeko era bat baizik, gaurko gizarteak behar duena. Etiketa bati begira denbora galdu beharrean, Kaxola espazio garbi bat dela ziurtatzen dugu. Gure intentzioa ez da begetariano edo beganoak izatea, hori ez da gure etiketa, produktu osasungarri eta jasangarriak eskaintzea baizik. Gaur egun jendeak ez du denborarik azokara joateko, eta Kaxolara datozenek horiek eskuratzeko aukera izango dute, eta gainera prestatuta», adierazi du.

Goiekik emandako saria 2022an zehar sortutako enpresentzat zenez, Markinezek aipatu du ekimena martxan zegoela lehiaketara aurkeztu zenean. Orain, enpresa zabalduta, jasoko dituzten 6.000 euroak oso lagungarriak izango diren arren, aipatu du benetan garrantzitsua aholkularitza zerbitzua eta sariak berak ematen duen ikusgarritasuna direla.

Duela hiru hilabete eskas zabaldu zituzten ateak, baina jada badute hazteko anbizioa. Izan ere, etorkizunera begira,  euren produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzea nahiko lukete. Eskaintzen dituzten plateren aniztasuna ere handitzen ari da pixkanaka. Jada prestatu dituzte, besteak beste, barazki lasagna, kroketak, garaiko menestrak, krepe beteak, barazki arroz krematsua, piper beteak, marmeladak, txanpiñoiak eta gozoak.