INFO

Zergatik da hobe hondartzara goizean joatea?

Goizean beti egoten da lekua hondartzan; arratsaldean, ordea, itsasoak guztiz estali ditzake zenbait hondartza. Surfean hasiberria denarentzat ere hobe da goizean itsasoratzea. Itsasaldiak ezagutzen baditugu, une egokia hobeto aukeratuko dugu.

Sopelako hondartza: soilik goizaren amaieran (eguerdian) edo gauerdi aldera izan daiteke itsasbehera hain behean. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Hasiberri batek olatu luzeak eta apalak behar ditu, malda gutxikoak, eta halako olatuak normalean itsasbeheran edo marea erdian izaten dira,  baldintza horiek goizean ematen baitira. Aitzitik, gehienetan arratsaldez ez dira baldintza egokiak izaten hasiberrientzat. Zergatik?

Labur erantzuteko, arratsaldez ere baldintza ederrak izan daitezke hasiberrientzat, baina ez beti; soilik bi astetik behin izaten dira arratsaldez olatu egokiak. Aldiz, goizez, ia beti baldintza egokiak izaten dira haientzat. Azalpena itsasaldietan aurkituko dugu.
Kontuan hartu behar den lehen gauza zera da, itsasaldiek ez dutela zerikusirik olatuen tamainarekin. Itsasaldiek itsasoaren mugimenduan eragiten dute soilik, eta horiek ilargiak sortzen ditu. Olatuen tamaina, ostera, kostaldetik oso urrun izan diren ekaitzen ondorioa da; gero eta urrunago sortu olatuak, orduan eta sendoagoak izango dira, eta olatuak sortu dituen haizea gero eta gogorragoa izan, orduan eta uhin handiagoak sortuko dira.

Asko sinplifikatzen ari gara eta artikulu honetan ematen dugun datu bakoitzak badu bere ñabardura, baina xehetasunak alde batera utziko ditugu,  ideia orokor bat egin ahal izateko. Hortaz, argi izan behar dugun lehen ideia da olatuen tamaina eta itsasaldiak bi gauza desberdin direla. Adibidez, «marea biziak» direnean olatu handiak izaten direnaren ustea oso zabalduta dago, baina ez da horrela: marea biziak direnean, marea asko igo eta asko jaisten da, baina olatuen tamaina edozein izan daiteke.
 
Olatu luze eta lasaiak

Hasiberri batek olatu luzeak eta lasaiak behar ditu, hau da, pixkanaka lehertzen direnak, eta halako olatuak soilik malda gutxiko hondartzetan aurki daitezke. Aitzitik, hondartza maldatsuetan olatuak indartsuagoak dira eta ibilbide laburragoa dute. Adibidez, Sopelan edo Hendaian hasiberrientzako olatu ederrak izaten dira, baina Angelura edo Landetara bagoaz, olatuak hondartzatik oso gertu lehertzen direla ikusiko dugu.

Beraz, hondartza bakoitzak duen morfologia ere kontuan hartu behar da. Baina Sopelan edo Hendaian ere gerta daiteke malda asko duten hondartzetan gertatzen dena, alegia, olatuak indartsu lehertzea eta ibilbide laburra izatea. Halere, hori gertatzekotan, itsasgoran gertatuko da, eta zehatzago, itsasgora arratsaldean denean.

Koefizientea handia denean, itsasoa aurreko egunetan iritsi ez den eremura iristen da itsasgoran, eta sarri maldatsuagoa izaten da eremu hori, itsasoak aurreko egunetan iritsi den lekuan hondarra eraman duelako. Beraz, sakonera handitik datorren olatuak bat-batean sakonera oso gutxi topatzen badu, indar handiz lehertzen da ur ertzean eta ibilbide laburra egiten du.

Justu kontrakoa da hasiberriak behar duena: itsasotik datorren olatuak sakonera aldaketa pixkanaka aurkitu behar du. Horrela, olatua gutxika  lehertuko da eta apar bilakatu ostean ibilbide luzea izango du, malda gutxirekin, aparrak bide luzeagoa egin baitezake.
 
Zergatik goizean?

Labur esanda, itsasgora arratsaldean denean, marea biziak direlako eta, aldiz, itsasgora goizean denean, marea hilak direnez, itsasoa eremu maldatsura iristen ez delako. Hau da, marea asko igotzen denean, hondartzaren gainaldeko eremu maldatsura iristen da eta ur ertzeko olatu indartsua sortzen da. Alderantziz, koefiziente baxuarekin, marea asko igotzen ez denean, itsasoa malda gutxiagoko eremuan kokatzen da eta olatuak lasaiagoak izaten dira.

Biarritzeko hondartza nagusia: soilik arratsaldez edo goizean oso goiz izan daiteke itsasgora hain goian. Biarritzeko hondartza nagusia: soilik arratsaldez edo goizean oso goiz izan daiteke itsasgora hain goian. (Guillaume FAUVEAU/FOKU)

Itsasaldietan koefizientea handiagoa edo txikiagoa izatea ilargiak erregulatzen du. Koefiziente altuak direnean, marea asko igo eta asko jaitsen da, eta koefiziente baxuak direnean, itsasgora eta itsasbeheraren arteko tartea laburragoa izaten da. Itsasgora eta itsasbeheraren arteko denbora, ordea, beti berbera izango da, alegia, sei ordukoa, eta egunero bi bider izango dira itsasgorak eta itsasbeherak.

Egunero ordubeteko aldea izango da, itsasaldi bakoitzean hamabost minutu atzeratzen baita itsasaldia. Hau guztia gutxi gorabeherako informazioa da, baina irakurleak ideia bat izateko balio dezake: egunero ordu bat atzeratzen da itsasaldia; alegia, atzo itsasgora bostetan bazen, gaur seietan izango da.

Aste batean, marea hilak izaten dira, eta ondorengo astean, berriz, marea biziak. Hortaz, hilero bi astetan marea biziak izaten dira eta beste bi astetan marea hilak. Aste batean goizean da marea goian, eta hurrengoan arratsaldean, eta horrela etengabe.

Marea hilak direnean, itsasaldiak motelak izaten dira; itsasgoran marea ez da hainbeste igotzen eta itsasbeheran ere ez da asko jaisten, horregatik da egokia hasiberrientzat goizean itsasoratzea. Marea biziak direnean, ostera, itsasgoran marea asko igotzen da eta itsasbeheran asko jaisten da.

Puntu gorenak eguerdia eta arratsaldeko seiak dira. Eguerdian itsasbehera denean marea asko jaisten da eta, egun horietan, itsasgora arratsaldeko seietan denez marea asko igotzen da. Alderantziz, eguerdian itsasgora denean marea ez da asko igotzen eta egun horietan itsasbehera arratsaldeko seiatan denez, marea ez da asko jaisten.

Ilargi betea edo hutsa denean, alegia, ilbetean edo ilberrian, marea biziak izaten dira, eta ilbeheran eta ilgoran, berriz, marea hilak. Egunkari honen azken orrian ilargiaren egoera azaltzen da, beraz, ilargiaren marrazkia ikustea nahikoa da marea biziak edo hilak diren jakiteko. Adibidez, gaur ilgora da eta uztailaren hiruan ilbetea izango da, beraz, aste honetako marea hilak bizitzen joango dira. Itsasgora goizean izango da, baina marea da asko igoko eta hasiberrientzat une egokia izango da.