INFO

‘Maskara baten aitortza’ Yukio Mishima japoniarraren eleberria euskaratu du Iker Alvarezek

Japonieratik euskarara zuzenean ekarritako liburu gutxien artean dago ‘Maskara baten aitortza’. Iker Alvarezek itzuli du Igela argitaletxea lagun, eta Yukio Mishimaren eleberri autobiografikoa da, nerabe baten kezkak jasotzen dituena; batez ere gorputzaren, desiraren eta sexualitatearen ingurukoak.

'Maskara baten aitortza' eleberriaren aurkezpenean Angel Erro gibelsolasaren egilea eta Lander Majuelo editorea. (Maialen Andres | FOKU)

Japonieratik zuzenean euskarara itzulitako literatur lanak esku bakarrarekin zenba daitezkeela dio Lander Majuelo Igela argitaletxeko editoreak, eta astearte goizean aurkeztu duten ‘Maskara baten aitortza’ horietako bat da. Tokio eta Donostia artean egin dute aurkezpena, eta ez eleberriko kokalekuagatik bakarrik; izan ere, Iker Alvarez itzultzailea Tokion dago, eta bideodei bidez batu da Angel Erro eleberriaren gibelsolasaren idazlearekin eta Majuelo editorearekin egindako aurkezpenera.

Yukio Mishimaren heriotzak bere literatura lanak itzalpean utzi izan baditu ere, Japoniako literaturan idazle arrakastatsua dela kontatu dute aurkezpenean. ‘Maskara baten aitortza’ eleberrian «gaztetxo baten loratzea» ikusten dela azaldu du Majuelok, eta bide horretan nerabearen gorputzaren, desiraren eta sexualitatearen inguruko kezkak aurkitzen direla; eleberri autobiografiko gisa izendatua da, Mishimaren bizitzak eta eleberriko gaztearenak dituzten antzekotasun eta are, berdintasunengatik. Testuinguruari begira jarrita, Japoniako gizarte inperialistaren eta bigarren mundu gerraren arrastoen artean dagoela kokatuta azaldu du editoreak.

Alvarezen ardura izan da idazle japoniarra itzultzea eta idazlearen «hiru lilura handiak» eleberri honetan aurkitu daitezkeela aitortu du: edertasuna, egia eta tradizioa. Edertasunari dagokionean, idazle japoniarrak atzerriko idazle eta erreferenteen aipamenak egiten dituela sumatzen da, nolabaiteko «sentsibilitate estetikoa» zaintzen duela, kontatu du Alvarezek. Tradizioari lotuta, garaiko ikuspegi zientifikotik begiratuta idazleak bere burua kanon kultural horren baitan kokatzen duela adierazi du itzutzaileak, eta tradizioaren baitan eraiki zuela bere «maskara soziala».

Japoniarraren hirugarren lilura «egia» litzateke Alvarezen ustez, eta eleberri honetan zentralitatea hartzen duen elementua da. Eleberriko protagonistak bere kezken aurrean psikologiako gidaliburuetara jotzen du, egia zientifikoa bilatze aldera. 1949an idatzi zuen Mishimak eleberria eta homosexualitatearen kontzeptu garaikidea landu zuela kontatu du itzultzaileak: «Delitu bezala ulertu beharrean, gaixotasun gisa ulertzen hasi ziren garai horretan homosexualitatea, pertsonaren eta ekintzaren arten ez zegoen bereizketarik. Eta beraz, protagonistak -eta Mishimak- ulertuko dute ez dela zuzendu dezakeen akats bat bere desirarena, eta hor hasiko da maskara janzten».

Maskararen eta aitortzaren arteko lehia

Izenburuak kontrakoak diruditen bi hitz jasotzea kontraesankorra izan daitekeela mahaigaineratu du Errok. Izan ere, aitortza gardentasunarekin lotuta egon daitekeela uste du, eta maskarak, berriz, performancea edota zarena ezkutatzea dakarrela.

Errok gibelsolasa idazteko Mishimaren lan gehiago ere irakurri zituen eta eleberri honetan zein beste batzuetan maskararen kontzeptua nola erabiltzen zuen harrigarria iruditu zitzaiola kontatu du: «Zein irudi proiektatzen zuen asko pentsatzen zuen. Bere bizitzan ere maskararen jokua oso presente zegoen, noren aurrean zer erakutsi asko pentsatzen zuen». Eta horren adibidetzat jarri ditu eleberriko zenbait pasarte, emakume batekin ia ezkondu zenekoa esate baterako.

Idazle japoniarra hil ostean, bere biografia idazteko gertuekoenekin hitz egin zuten zenbait biografiagilek: bere amari galdetutakoan liburuko pasarteak «zehatz mehatz» bere horretan geratu ohi ziren. Gertuko lagunengana jotzerakoan, aldiz, ez zela hala esaten zutela azaldu du Errok: «Eleberriko protagonistaren homosexualitatea gizartea probokatzeko modu bat zela zioten, bera ez zela homosexuala eta giro horretako tokietara dokumentatzera joaten zela».

‘Maskara baten aitortza’ liburuak amaiera irekia du Erroren arabera, maskara bat kentzen du, baina irakurlearentzat irekita geratzen da. Estiloari dagokionean, «idazketa fina eta sotila» duela adierazi du Majuelok, nahiz eta oso gauza biolentoen inguruan idazten zuen sarritan.

Itzultzeko erronka

Japonieratik zuzenean euskarara itzuliak izan diren liburu gutxi daude. Eta erronken inguruan galdetuta,  Alvarezek formazkoak eta edukizkoak bereizi ditu. Sintaxia euskararen antzekoa dela kontatu du eta alde horretatik erraza egin zaiola; baina 15 lerroko esaldiak daudela jatorrizko liburuan, guztia menpeko perpausez osatuta, eta hori euskaraz egitea oso zaila dela. Ondorioz, zenbait kasutan paragrafo osoak berformulatu behar izan dituela aitortu du, ulergarria eta aldi berean esanahi berekoa izan zedin.

Edukiari dagokionez ere erraza egin zaiola kontatu du, izan ere literatura klasikotik Mishimak asko edan duela nabarmen sumatzen dela esan du, eta esamoldeetan nabaritzen dela hori batez ere.