INFO

Baztandarren Biltzarrak baditu abestia eta bideoklipa

60. urteurren berezia ospatuko du aurten Baztandarren Biltzarrak, uztailaren 16an. Urte haseran jaialdiaren biziraupena kolokan jarri bazen ere, edizio berriaren abestia eta bideoklipa sareratu dituzte, aurrera egiteko kemenaren adierazle.


Urte hasieran kolokan jarri zen Baztandarren Biltzarraren biziraupena. Orduko hartan antolatzaileek adierazi zutenez, «transmisio falta eta konpromisoa sustatzeko zailtasuna» nabari zituzten, pandemiaren ondotik aregoatua ikusi zutena, eta festa antolatzeari utziko ziola iragarri zuten.

Horrekin batera, baina, inork erreleboa hartzeko prestutasuna agertzen bazuen eskua luzatuko zietela ere ziurtatu zuten eta, azkenean, hogei gazte inguruko lantaldeak deiari erantzun eta abian da Baztandarren Biltzarraren 60. edizioa izango dena.

Antolakuntza berririk nabarmendu dutenez, uztailaren 16an egingo den edizioa «berezia izango da eta inoiz baino argiago dugu euskaraz auzolanean eta besta inklusibo baten alde egin nahi dugula». Horren iragarpen gisa, kantua eta bideoklipa sareratu dituzte: «Baztango bailararentzako aurrerapausu handia izan da eta abestia toki guztietara ailegatzea nahi dugu», nabarmendu dute.

Kantuak ‘Gaurko Hazia, Etziko Bizia’ izena du eta Ion Mayordomok eta Hasier Larretxeak osatu dute. Bertan, «haraneko korrontea gara, bere ohiartzunaren zirriborro berria» esapidearekin aurkezten dute beren burua eta errepikan errelebo aldaketak dakarren haize berriari egiten diote erreferentzia: «Bagara senda eta bidea, ametsen goldea. Bagara irri eta algara, promesen moldea. Bagara atzoko galderak, biharko ateak. Bagara, gaurko hazia, etziko bizia».