INFO

Philippe Oyhamburu, munduan barrena euskal kultura dantzatuz eta kantatuz

Philippe Oyhamburuk euskal kulturaren aurpegi guztiak landu ditu bere bizitza luzean zehar; euskal dantzak, abesbatza, literatura, irratia. Oraingoan, Lucia Barahonak, bilobak, bere aitatxiren bizitza irudien bitartez jaso du ‘Bizi naizeno, Je danserai la vie’ dokumentalean.

Philippe Oyhamburu, sorkuntza baten aurkezpenean. (Lucia Barahona)

‘Bizi naizeno, Je danserai la vie’, Philippe Oyhamburu euskal kulturgilearen bizitza eta ibilbide artistikoaren inguruko ikus-entzunezko lana da. Oyhambururen iloba den Lucia Barahonak eta Yohanna Dufourgek ekoitzi dute dokumentala, Crossroad produkzio etxearekin. Barahona duela hamar urte hasi zen bere aitatxi grabatzen. «Nire aitonaren bizimodu zalapartatsuak liluratuta utzi ninduen», adierazi du.

Dokumentalaren estreinaldiaren bueltan 102 urte bete ditu Oyhamburuk. Eta urte horietan guztietan euskal kultura bere osotasunean gozatu eta munduan zehar hedatu duen artistarentzako dokumentala opari ezin hobea dela pentsatzen du Barahona bilobak. Azaldu duenez, 2006an bururatu zitzaion dokumentalaren ideia, bere aitatxik zuzendutako Etorburu abesbatzaren azkenetariko kontzertu batean. Izan ere, kulturaren bitartez «aitatxirengana gehiago hurbiltzeko» modua ikusi zuen.

Bizi naizeno, bizitza dantzatuko dut

Dokumentala erronka handia izan da, nondik norako eta etenaldi ugarirekin. Barahona duela hamar urte hasi zen Oyhamburu grabatzen. Hasieran kontzertuak eta zenbait elkarrizketa grabatu zituen. Izan ere, artxiboko irudiez aparte, momentuko irudiak ere azaltzea nahi zuen: «Orainaldiaren sentimendu bat egotea nahi nuen, horixe adierazten dudalako; momentuko indarra», azaldu du.

Philippe Oyhamburu bizipen anitzetako gizona da, arte esparru guztietan jardun du eta hauek landuz munduan zehar ibili da. Bere bilobaren hitzetan, aitatxi «entziklopedia bizi» bat da. Gaztea zenetik, euskal kulturan murgildu zen eta Olaeta dantza taldean dantzatu zuen. Geroago Oldarra taldeko arte zuzendaria bilakatu zen, Ipar Euskal Herriko kulturan berrikuntza handia izan zuena. Etorki dantza taldea eta abesbatzarekin mundu osoan ibili zen euskal kultura hedatuz. Horretaz gain, literaturan eta irratian modu trebean aritu zen.

Philippe Oyhamburu euskal dantzetako taldearekin (Agence Crossroad)

Dokumentalak aipatutako ibilbide artistikoa eta bizitza islatzen ditu, oso ikuspuntu berezi batetik; hain zuzen ere, bere bilobarena. Horrek jakinmina piztu zuen Yohanna Douforgengan eta, Barahonak erakutsitako irudi sorta «hunkigarria» ikusi ostean, dokumentala ekoiztea erabaki zuen. Zentzu horretan, Crossroad-en laguntza azpimarratu du Barahonak: «Asko zor diot nire ekoizleari, Crossroads Production-eko Yohanna Doufourgi, eta gure esatariari, Kanaldudeko Loïc Legrandi, haiek egin baitute proiektu hau posible».

Ez da prozesu erraza izan, gehienbat bazkideak eta baliabide ekonomikoak bilatzeko orduan, baina azken emaitzaz «oso harro» dagoela adierazi du Barahonak.

Biarritzeko Royal zinemako estreinaldia iragan ostean, dokumentala momentuz Ipar Euskal Herriko 9 zinema independenteetan proiektatuko da.

Biarritz, familia ondarearen txokoa

Oyhamburu txikitatik ibili da munduan handik hara, baina bere lekua beti izan da Biarritz. Iloba ere bertan bizi da orain, bere familiarekin, eta horrek ahalbidetu du dokumentala aurrera eramatea. Izan ere, Barahonak Mexikon igaro zuen haurtzaroa eta hiru urte zituela Parisera lekualdatu zen familiarekin. Ordurako aitona Biarritzen bizi zen eta udak bertan igarotzen zituen.

Ipar Euskal Herriko herri hori beti izan da familia elkartzeko txokoa, Barahonak ondo gogoan duen bezala: «Philippe, Sabine eta haien alabak, Eloixa eta Argia, gogoan ditut, barrez, abesten eta dantzan pasatzen genuen». Zuzendariarentzat Biarritz beti izan da bere aitonaren zati bat, bere familian errotuta dagoen kultura: «Txikitan Biarritzen igarotako udak zorion hutsa izan ziren».

Philippe Oyhamburu hondartzan (Agence Crossroads)

Orain, bertan bizi dela, «bere hegoak hazi» egin direla sentitzen duela azaldu du, Biarritzek Euskal Herriarekin eta bere familia ondarearekin konektatzeko aukera eskaini baitio. Eta ez berari bakarrik: bere haurrek euskal kulturan murgiltzeko aukera izateaz pozik agertu da: «Oso harro nago nire seme-alabei euskal kultura helarazi ahal izateaz, hemen bizi eta ikastolan euskara ikasteko aukera izateaz», ziurtatu du.